Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.
Gaur, EAEko ospitale guztietan, elkarretaratze jendetsuak egin ditugu. Sindikatuok zuzendaritzari eskatu diogu langileen aldarrikapenei eta beharrei erantzungo dieten proposamenak aurkez ditzala, eta langileen haserrea plazaratu dugu, 17 urte igaro baitira akordioa berritu gabe.
Sindikatu deitzaileok, lehen ekarpenak bidali ostean, gogorarazi dugu negoziatzea proposamenak mahai gainean jartzea, ekarpenak jasotzea eta aldarrikapenei erantzungo dieten hobekuntzak proposatzea dela. Ez da onargarria Osakidetzak akordio berri baten zirriborroa aurkeztea, soldaten hobekuntzarik jasotzen ez duena, Eusko Jaurlaritzak 2027rako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; aurrekontuak jasoko du osasun publikora bideratu nahi duen aurrekontu-partida. Ez dugu onartuko Osakidetzak orain zirriborro bat aurkeztea aldarrikatutako enborreko gaiei heltzen ez diena eta gero aurrekontuen mantra aitzakiatzat erabiltzea hobekuntzak ez egiteko. Aurrekontu horiek, esan bezala, orain prestatzen ari dira.
Hurrengo Mahai Sektoriala urriaren 19rako aurreikusita dago. Bilera horretan, gatazka bideratzeko benetako borondaterik dagoen ikusi ahal izango dugu; izan ere, zuzendaritzak aurreko bileran zirriborroa aurkeztu besterik ez zuen egin.
Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea borondate politikoko kontua dela azpimarratzen dugu. Besteak beste, honako gai hauek jorratu behar dira: ordainsariak hobetzea; lanaldia murriztea eta antolatzea; lizentzien eta baimenen arloan benetako aurrerapenak egitea; enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea bermatzea; plantillak indartzea; belaunaldi-erreleboari aurre egiteko neurriak hartzea; lan-kargak murriztea; lan-osasuna eta kontziliazioa hobetzea; berdintasun-neurri eraginkorrak ezartzea; eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko bermeak eskaintzea. Era berean, Lehen Mailako Arreta sendoa izatea eta pribatizazioari ateak ixtea eskatu dugu.
LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok langileei dei egin diegu urriaren 30eko lehen greba-egunarekin eta mobilizazio-dinamikarekin bat egin dezaten. Orain da unea Osakidetzako zuzendaritza presionatzeko, kategoria guztientzako benetako hobekuntzak abian jar daitezen; izan ere, kolektibo guztiak ezinbestekoak dira Osakidetzak egunero funtziona dezan.
Pilota zuzendaritzaren teilatuan dago: benetako negoziazioaren bidez erantzun behar du, kolektibo guztientzako hobekuntzak mahai gainean jarriz.





















