2026-08-01
HomeEkintza SindikalaELA eta UGT Gipuzkoako metaleko langileen etorkizuna hipotekatzen ari dira

ELA eta UGT Gipuzkoako metaleko langileen etorkizuna hipotekatzen ari dira

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioari amaiera eman diote ELA eta UGT sindikatuek ADEGirekin akordioa iragarrita. ADEGIren lehen proposamena erosi dute bi sindikatuek eta, aldi berean, Gipuzkoko metaleko langileak hitzarmen hobe baterako aukerarik gabe utzi dituzte. Horrela adierazi dugu gaur Donostian egindako agerraldian.

Amaitu da borroka, hasi baino lehen. Desmobilizazioaren aldeko apustua egin dute bi sindikatuek, LABetik deituak genituen 6 greba egunei bidea moztu diete, akordio merke baten truke.

Negoziazio prozesu formala hasi aurretik amaiera idatzia izan dute ELAk eta ADEGIk. ELAk bazekien hitzarmen hau sinatuko zuela. ELAk, beste negoziazio mahai batzutan ez bezala, oraingoan onartu egin du UGTren parte hartzea negoziazio mahaian, nahiz eta %10era ez iritsi. LABek beti irizpide berdina mantentzen du, bakoitza dagokion portzentaiarekin negoziazio mahaietan egotea defendatzen dugu. Aldiz, ELA eta koherentzia ez dira ongi ezkontzen, batzutan balio ez duenak beste batzutan balio die. Lekuan leku eta interes propioen arabera dihardu, beste behin ere. Oraingoan, azken emaitza negoziazioa abiatu aurretik idatzia zuenez, bidelagun merkeena aukeratu du, UGT, bere helburuak aurrera ateratzeko.

ELA eta ADEGIren arteko aliantza berresten du hitzarmen honek. Aste gutxitan bigarren adibidea dugu, elikagaien industriako merkataritza hitzarmenean, grebarako 24 ordu faltan sinatu zuten akordioa. Patronalak esan du, elkarrekin eta norabide berean ari dira arraunean. Ez da albiste ona Gipuzkoako langileentzat.

Gatazka desaktibatu nahi izan du ADEGIk, eta ELAk bake soziala oparitu dio. Uko egin dio langileak aktibatzeari, desmobilizazioaren aldeko apustua egin eta akordio hobe bati uko egin diote… horren atzean zer dagoen ELAk azaldu beharko du. Gipuzkoako langileen etorkizuna hipotekatzean ari dira.

Adegi eta ELAren arteko elkarlana salatzen dugu, Gipuzkoan badira ELAk sustatutako grebak bai, ADEGI patronal nagusia ez den sektoreetan, LAB ere parte da hainbat grebetan, baina Adegi nagusi den negoziazio mahaietan, ELAk uko egin dio mobilizazioari: Elikadura, Ostatuen hitzarmenean ere greba ekidin dute eta Gozogintza eta Okindegiko hitzarmenak greba deialdirik gabe sinatu dituzte.

Araba eta Bizkaiko metalean izandako borrokek ezarri dute aurrekaria Gipuzkoako metalean. Guztietan erabakigarria izan da LAB, grebak deitu, antolatu eta egin ditugu eta hiltzat ematen ziren hitzarmenak berreskuratzea lortu dugu. Borroka horiei buruz asko hitz egin dezakegu baina bi apunte:

Araban, 19 urte ondoren hiltzat ematen zen hitzarmena berreskuratu da. Sektore horretan 4. indarra izanik ere, bi urte baino gehiago mobilizatzen eman ditugu LABetik.

Bizkaian herrialdeko hitzarmenak eguneraturik ez egotearen alternatiba bakarra, sektore hitzarmena eguneratzea zela borrokatu du LABek, beste batzuek enpresa hitzarmenetara jotzen zuten bitartean.

LABen sektoreko hitzarmenaren aldeko determinazioa eta borrokaren aldeko apustuaren eraginez, bi herrialde hauetan lortu dugu CCOO eta UGT borrokara batzea.

Sektore hitzarmenen aldeko borrokan giltza izan gara kasu guztietan. Eta ADEGIk ere ongi irakurri du borroka horiek utzitako mezua. Gatazka ekidin nahi izan du, eta ELA topatu du bidean. Aliantza horrek, ADEGIri egiten dio mesede.

Gipuzkoako metaleko hitzarmena, beste herrialdetakoekin alderatuta hobea da, bestelako indar korrelazio bat dagoelako, eta LAB izan da gakoa horretan ere. Gipuzkoan ere, ELAk sektoreko hitzarmena alboratu eta sektorerik gabe, porrota dela agerian geratu den enpresa hitzarmenen aldeko apustua egin duenean, LABek atera izan du aurrera Gipuzkoan metaleko hitzarmena.

Akordio onak lortzeko borroka eraginkorrak. Hor dago eta egongo da LAB. Grebak deitu, landu eta egiten. Indarrak batzeko apustua egin dugu eta egiten jarraituko dugu. Gipuzkoan historikoki izan ditugun hitzarmen onak ez dira zerutik erori, gure indar-harremanei esker izan dira. Gu horretan gaude. LABek eta ELAk sektorea mobilizatzeko dugun gaitasuna askatu izan bagenu, bestelakoa izango zen indar korrelazioa eta hobea hitzarmena, enpresariei Gipuzkoan izaten ari diren irabaziak lehiatzeko eta prekaritatearen kontrako borrokan urrats berriak emateko.

Baina ELAk patronala aukeratu du bidelagun. Aliantzak ADEGIri mesede egiten dio. Zatiketa sindikala sustatzen du eta langileak ahultzen ditu, langileen desaktibazioa bilatuz. Adegiri, ezarri nahi duen Enpresa Kultura Berrian laguntzen dio eta kultura horrek asko du zaharretik, negoziazio kolektiboa ahulduz, langileen lan harremanak indibidualizatzea bilatzen duelako. ELAk alfonbra gorria jartzen dio estrategia honi.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.