Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.
2025aren amaieran, InmoCaixak 20 bat etxebizitza saldu zizkion Farley funts putreari. Ordutik, jabe berriak alokairu-kontratuak berritzeari uko egiten dio, eta maizterrei etxebizitzak uzteko eskatzen die. Farleyk nahi duen gauza bakarra etxebizitzaren gainean espekulatzea da, are gehiago aberasteko.
Horregatik, La Calzadako maizterrak kolektiboki antolatu dira LAB sindikatuarekin batera. Farleyren inposaketa baztertzen dute, eta ozen eta argi diote: “Hemen geratuko gara!”. Modu kolektiboan ari dira erantzuten, helburu komuna lortzeko: negoziazio kolektibo bat alokairu-kontratu guztiak berritzeko, trikimailurik gabe eta baldintza parekatuetan gauzatuko dena.
Bide judizialak eskaintzen dituen aukera guztiak aztertzen ari da LAB, eta Farleyri bitartekaritza eskatu dio alokairu-kontratuetako klausula abusuzkoak berrikusteko. Aldi berean, beste ekintza batzuk ere egingo dira, hala nola datorren asteazkenean, azaroaren 11n, 18:00etan La Calzadatik aterako den manifestazioa, etxebizitzaren aldeko greba orokorraren egunean.
Alkateak adierazi duenez, azaroaren amaieran emango dute Balmaseda eremu tentsionatu izendatzeko dokumentazio guztia, eta udal talde guztiek auzokideei babesa adierazi diete. LABek eskatu du hori guztia ez dadila ezerezean geratu, eta babes hori presio bihurtu dadila Farleyk negoziazio kolektiboa eta alokairu-kontratu guztien berritzea onar ditzan.
LAB sindikatua prozesu kolektibo hau lagundu eta antolatzen ari da, putre funtsek etxebizitzaren gainean espekulatzeari utz diezaioten. Sindikatuaren proposamenetan jasotzen den bezala, norabide horretan aurrera egiteak neurri hauek eskatzen ditu: putre funtsak desjabetzea, alokairu-prezioak jaistea eta alokairu-kontratu mugagabeak lortzea.


