2026-08-02
HomeEkintza PolitikoaUrtarrilaren 27 eta 30ean kalera irtetzeko deia egin du Garbiñe Aranburuk, lan...

Urtarrilaren 27 eta 30ean kalera irtetzeko deia egin du Garbiñe Aranburuk, lan erreforma honen kontra eta lan harremanen euskal esparruaren alde

Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Naiz Irratian izan da, aktualitateko zenbait gairi buruz hitz egiteko; lan erreformari buruz, bereziki. Zentzu honetan, Madrilgo Kongresuan hartu beharreko erabakian eragiteko kalera irtetzearen garrantziaz hitz egin du, eta urtarrilaren 27an LABek eskualdeetan antolatutako Aldarrikapen Eguna eta urtarrilaren 30ean euskal gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitutako manifestazioak ekarri ditu lehen lerrora.

Idazkari nagusiak adierazi du oraindik badagoela partida jokatzeko, eta, partidaren zati bat Madrilgo jokalekuan izaten ari den arrean, nabarmendu du eztabaida Euskal Herritik eta Euskal Herrirako egin beharra dagoela; alegia, euskal bide bati ekin behar zaiola Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egin ahal izateko. Izan ere, lan-harremanak eraldatzea dugu erronka, eta eraldaketa hori ez da posible izango Madrilen. Hortaz, lan duina bermatzeko ezinbestekoa da lan-harremanen berezko esparru bat.

Garbiñe Aranburuk azaldu du lan erreformarekin hasieratik esaten genuena gertatu dela: “Elkarrizketa Sozialeko Mahai horretatik patronala atera da garaile. Lan erreforma ez da indargabetu eta lan harremanetan ez dago inolako eraldaketarik. Gure ustez, lan erreforma honi ezezkoa eman behar zaio, ezin zaio bide eman”.

LABeko arduradunaren esanetan, “guretzat badaude zuzendu beharreko eta lehentasuna duten gai batzuk. Estatalizazioaren aldeko apustua Zapateroren erreformak egin zuen, eta bere horretan jarraitzen du. Bertako hitzarmenak, izan sektorekoak, izan herrialde zein autonomikoak, lehenetsi behar dira. Oso garbi jaso behar da Estatuko hitzarmenen gainetik egon behar dutela. Aldi berean, badaude beste elementu batzuk garrantzitsuak direnak; kaleratzeei dagokiena, adibidez. Kaleratzeak oso merkeak eta ia libre izaten jarraituko lukete, eta honek esan nahi du azken hilabeteotan herri honetan ikusi ditugun ERE-ak posible izango liratekeela; Tubacex, ITP, H&M… Azken batean, ikusten duguna da prekarizazioa eta pobretzea ekartzen duten lan harremanetan ez dagoela sakoneko aldaketarik, eta hobekuntzarako tartea egon beharko luke”.

Garbiñe Aranburuk aldarrikatutakoaren arabera, “eragin nahi dugu, eta eragiteko kalera ateratzea dagokigu”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto Martínez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.