2024-04-18
HomeEkintza PolitikoaCarlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu dugu Iruñean, Hezkuntzaren kudeaketa okerraren ondorioz

Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu dugu Iruñean, Hezkuntzaren kudeaketa okerraren ondorioz

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean, Hezkuntza kontseilaria den Carlos Gimenoren dimisioa eskatzeko, legealdiko hiru urteetan izan duen bere Departamentuaren kudeaketa kaskarra dela eta. Kudeaketa hori inposizioan oinarrituta egon da, kontseilariak ez baitu inorekin ezer negoziatu nahi izan, ez eta kontuan hartu beharko lituzkeen hezkuntza-eragileak informatu ere. Navarra Suma koalizio eskuindarrean aurkitu du Gimenok bere aliatua bere erabaki aldebakarrak inposatu ahal izateko, prezioa zein ote zen galdetu ere egin gabe.

LABen iritziz, Carlos Gimenok berehala utzi beharko luke bere kargua, dagoeneko han eta hemen eragin duen kaltea are handiagoa izan ez dadin. Gimenoren alderdiak, PSNk, gauzak benetan ongi egin nahi baditu, badu oraindik urtebete beste modu batez jokatzeko, eskuinarekin binomioa egin beharrean, beste gehiengo aurrerakoi batzuk lortuz eta sindikatuokin beharrezkoa den negoziazioa eginez.

Gimenok ikaragarri gaizki egindakoen zerrendari dagokionez, lehenik eta behin, LABek uste du Hezkuntza kontseilariak pandemiaren kudeaketa ezin zen okerrago egin zuela: COVID-19ren aurrean ezohiko neurriak hartu behar ziren, ados gaude, baina bai jardunaldia ezartzean, bai eskolaz kanpoko jarduerekin… aldebakarrez hartu zituen erabaki guztiak eta, hori gutxi balitz bezala, modu kaotikoan, erratikoan, langileak, ikasleak zein familiak berak ere erotuz.

Langileez ari garelarik, galde diezaietela adinagatik lanaldia murriztuta izan beharko luketen irakasle askori zergatik Gimenoren Departamentuak ukatu egin dien edo, oro har, edozein irakasleri, zer dela eta egin behar dioten aurre lan zama gero eta handiago bati, baliabide gutxiagorekin. Izan ere, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna iraungitzear dagoenean (abuztuan bukatuko baita) bertan jasotako akordioetako asko bete gabe baitaude oraindik.

Ez ditzagun ahaztu hau jada laugarren greba astea daukaten haur eskolak, lan-baldintza duinen alde eta, orain, LABen laguntzaz, sektoreko lehen hitzarmen kolektiboaren borrokan dihardutenak. Beharrezkoa izan dute greba mugagabeari ekitea Gimenok beraiekin esertzea onartzeko.

Zer esanik ez kontseilariaren ingelesarekiko atxikimenduaz -euskarafobiaren alderantziz proportzionalean, esan liteke-? Jakina denez, PAI (Atzerriko Hizkuntzetako programak) betikotzea lortu du, horretarako foru-lege bat asmatuta, orain arteko irakaskuntzako funtziora sarbidea arautzen zuen legeriaren gainetik pasatu eta sindikatuon eta Gobernuko zein oposizioko gainontzeko alderdien iritziari entzungor eginda. Gainera, ezohiko egonkortze-prozesuan Hezkuntzak atera dituen lanpostuen ia erdia PAIra bideratu ditu, modu horretan irakasle asko eta asko diskriminatuta. Eta Lanbide Heziketan atzerriko hizkuntzetako feverrak jarraitzen du, gero eta ziklo gehiago elebiz eskaintzen dira, modu bikoiztuan, inolako irizpide akademikorik gabe, eta ez ikasleen, ez irakasleen iritzia entzun gabe.

Hori guztia egin du PSNk euskarafobian murgilduta D ereduaren kontra jotzen zuten bitartean: D ereduko lerro berriak zabaltzeko trabak jarri dituzte (Mendigorrian, adibidez), D ereduan matrikulazioa bultzatzeko kanpaina desagerrarazi dute… eta PAItik atera nahi zituztenei −Castejongo Dos de Mayo ikastetxekoei, besteak beste−trabak besterik ez dizkiete jarri.

Egonkortze-prozesua aipatu dugularik, ez dugu ulertzen zergatik ezohiko lehiaketa hauetara atera dituen horrenbeste lanpostu gutxi… Zergatik ez dituzte egiturazko-plaza batzuk atera −lanpostu ez-osoak elkartu eta horrela eskaintzea bazuten, beste toki batzuetan egin duten bezala−? Hemen, beste askotan bezala, galdera ikurrarekin geratuko gara, inork ez baitigu erantzuten. Eta ez dezagun alboratu, halaber, egonkortze-prozesuan euskaraz eskainiko dituzten lanpostuak %15 baino ez direla izango.

Ikastolak eta Itunpeko Irakaskuntzarekin ere Gimenok behin eta berriro uko egiten dio negoziatzeari; Hiruko Mahaia deuseztatu zuen legealdia hasi zuenean eta, LAB eta beste sindikatuetatik hala eskatu badiogu ere, uko egiten dio berriz osatzeari eta patronalekin baino ez da eseri, langileen baldintzak asetzen ez dituen oinarrizko akordioa sinatuz.

Adierazitako honengatik guztiarengatik, Gimeno jauna, eskatu behar dugu zuk lehenbailehen Nafarroako Hezkuntzaren ardura uztea, eragindako kaltea handiagoa ez izateko. PSNk, gauzak benetan ongi egingo baditu, badu oraindik urtebete beste modu batez jokatzeko, eskuinarekin binomioa egin beharrean, beste gehiengo aurrerakoi batzuk lortuz eta sindikatuokin beharrezkoa den negoziazioa eginez.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.