Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre.
Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk, galeretan sartu aurretik, jabea den familiak milioi bat euro banatu zituen dibidenduetan. Ordutik, enpresak ez du bururik altxatu.
Duela lau urte, Durangaldeko Arteaga enpresak erosi zuen enpresa. Eta hobetu beharrean, okerrera egin zuen: lan baldintzen funtsezko aldaketak aplikatzeko saiakerak, ez ordaintzea, prebentzio arloko ez-betetze oso larriak, silikosi kasuak…
Gasteizko fundizio zaharrenetarikoa ixteko arriskuan dago. Enpresak uztaileko nominen %60 bakarrik ordaindu zien langileei, abuztukoak ez zizkien ordaindu eta ez da aurreikusten irailekoak ordainduko dizkienik. Honen aurrean, zor dietena ordaintzeko eskatu diote langileek eta enpresaren erantzuna hartzekodunen lehiaketa eskatzea izan da.
LABen argi dugu egoera hau enpresa kudeaketa negargarriaren ondorio dela. Aste batzuetan enpresak ez zuen produkzioari eusteko materialik eta zuzendaritzaren interes eta proiektu industrial falta jasan behar izan ditu. Gainera, ez da inbertsiorik egin. Guzti honek eraman du enpresa egun dagoen egoerara. 30 lanpostu arriskuan daude.
Joan den irailaren 24an, Olazabal y Huarteko langileek lanuztea egin zuten eta Durangon mobilizatu ziren, Arteaga taldeko Funbarriren lantegiren aurrean, konponbide bat exijitzeko. Jasaten ari diren gehiegikeriari aurre nola egingo dioten erabakitzen ari dira orain.

