Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.
Bilera dela eta, gehiengo sindikalak, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok osatuak, elkarretaratzea egin dugu Osakidetzaren egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen, kolektibo guztientzako adostutako hobekuntzak eskatzeko.
Osakidetzako gehiengo sindikaletik duela egun batzuk ohartarazi genion Osasun Sailari ez ditugula simulazioak elikatuko, eta proposamen zehatzik eta benetako aurrerapenik gabeko bilerak deitzea ez dela negoziatzea. Negoziatzea da proposamenak mahai gainean jartzea, hobekuntzak planteatzea, aldarrikapenak entzutea eta akordioak lortzeko prest egotea.
Bada, mahai sektorialeko gaurko bileraren edukia ikusita, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok salatu dugu, hitz ederretatik haratago, Osakidetzak Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren dokumentu bat aurkeztu duela, eta dokumentu horrek ez duela jasotzen sakoneko hobekuntzarik, batez ere kontutan hartuta zein den langileen errealitatea eta zenbat denbora daramagun akordioa berritu gabe; gogora dezagun 2009tik iraungitako akordio bat dugula. Gaur egindako bileran, Osakidetzako zuzendaritzak ez du mahai gainean jarri enborreko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi-murrizketa edo lan-kargak.
Bileran, Osakidetzak abendura arteko negoziazio-egutegia proposatu du. Gehiengo sindikaletik ohartarazi diogu egutegi horrek aurrera egitea ahalbidetuko dugula soilik Osakidetzak proposamen zehatzak eta sakonekoak egiten baditu eta planteatutako aldarrikapenei erantzuten badie. Gaurko bileran proposamen zehatzik egon ez den heinean, ez da inolako aurrerapausurik egon.
Aurretik lortutako akordioek garbi erakusten dute Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea borondate politikoko kontua dela. Besteak beste, honako gai hauek jorratu behar dira: ordainsariak hobetzea, lanaldia murriztea eta hobetzea, benetako aurrerapenak lizentzietan eta baimenetan, enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea, plantillak indartzea, belaunaldi-erreleboari aurre egiteko neurriak, arreta-gainkarga murriztea, hobekuntzak lan-osasunean eta kontziliazioan, berdintasun neurri eraginkorrak eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko bermeak.
LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok langileei dei egiten diegu greba eta mobilizazio dinamikarekin bat egiteko, baldin eta aurkeztutako proposamena ez bada zehazten, negoziatzen eta adosten eskatutako terminoetan. Osakidetza presionatzeko unea da, kolektibo guztientzat benetako hobekuntzak abian jar daitezen; izan ere, kolektibo guztiak ezinbestekoak dira Osakidetzak egunero funtziona dezan.
Halaber, Osasun Sailari ohartarazi diogu, 17 urte baino gehiago zain egon ondoren, ez dugula onartuko konponbide partzialik edo garrantzi gutxiko hobekuntzrik. Horrela, mobilizazioek benetako hobekuntzak lortzeko beharrezko iraupena eta intentsitatea izango dute.
Konponbidea Osakidetzaren esku dago, eta proposamen zehatzekin, benetako negoziazioarekin eta kolektibo guztientzako hobekuntzekin erantzun behar du.

