2026-10-08
HomeIrakaskuntzaUnibertsitateaBosturtekoak behin-behinekoei ordaintzeko eskatu dute EHUko irakasleek

Bosturtekoak behin-behinekoei ordaintzeko eskatu dute EHUko irakasleek

EHUko irakasleek elkarretaratze bat egin dute gaur Gobernu Kontseiluaren aurretik, bosturtekoak behin behinekoei ordain dakizkien exijitzeko. Protesta Bilbon izan da, Bizkaia Aretoaren sarreran.

Bosturtekoak aitortuta eduki arren, irakasle ez-iraunkorrak ez daude kobratzen ari. Irakasle ez-iraunkorren urtetako aldarrikapena izan da bosturteak aitortu eta kobratzearena.

2016ko otsailean, EAEko Auzitegi Nagusiaren gizarte arloko epaimahaiak EHUko behin behineko irakasle bati bost urtekoen deialdian parte hartzeko eskubidea aitortu zion. Orduan, deialdi berezia zabaldu zen irakasle ez-iraunkorrek bosturtekoak eska zitzaten. Batzuek aitorpena lortu arren, kobratu barik jarraitu zuten, irakasleen soldatak ezartzen dituen 41/2008 dekretuan jasotzen ez dela aitzakiatuz.

2017ko martxoan beste sententzia batek EHU kondenatu zuen irakasle atxiki bati aitortutako 5 urtekoak ordaintzera, baita ordaindu beharreko kantitatea ezarri ere. Epaileak zehazten du ez dela beharrezkoa 41/2008 aldatzea bost urtekoa ordaintzeko. Ez ordaintzeko erabilitako argudioa bertan behera geratu zen, beraz. EHUko zuzendaritzak helegitea jarri zion sententzia horri.

2017ko irailean epaileak helegitea bertan behera utzi eta irakasleari ordaintzera behartzen zuen epaia eman zuen. Hala ere, ordainketa ez da orokortu eta horretarako aipaturiko 41/2008 dekretuaren aldaketaren beharrean justifikatzen du EHUK ordaindu ezina.

Hori dela eta, irakasleek EHUko zuzendaritzari eskatzen diote langileen alde egin dezan eta behin behiko irakasleei zor zaizkien bosturtekoak ordaintzen has dakizkien, Jaurlaritzak araudian egin beharreko aldaketak egin ditzan itxaron barik.

Abenduaren 5ean, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Lakuan, hogei bat irakasle bildu ziren Gasteizko Gobernuari 3/2004 Legean eta 41/2008 Dekretuan beharreko aldaketak egin ditzan eskatzeko. Gaur, aldarrikapen berarekin, Bilbon bildu dira berriro.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.