2026-03-21
HomeEkintza SindikalaArabako esku-hartze sozialeko III. hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Arabako esku-hartze sozialeko III. hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Udan lortutako aurreakordioan, negoziazioan zehar aldarrikatutako KPIaren bermea izan den aldarrikapen nagusiena jasotzen zuen testua sinatu genuen. Harrezkero, konplikatuegiak izan diren bilera ugari egin ditugu eta azkenean, gaur sinatu dugu hitzarmena. LABentzat, lehenik eta behin, azpimarratu beharrekoa da, sektoreko langile eta sindikatuko kideek bi urte hauetan egin dituzten 3 greba eta hamaika mobilizazioen emaitza direla akordioak jasotzen dituen hobekuntza guztiak.

Edukei erreparatuta, langileen aldarrikapen izan diren hainbat hobekuntza jasotzen ditu hitzarmenak; %12,9ko soldata-igoera hitzarmenaren indarraldiko lau urteetan eta KPIaren eguneratzea hitzarmenaren iraunaldiaren bukaeran, 30 orduko lanaldi murrizketa iraunaldi osoaren zehar, antzinatasun plusaren igoera eta igande eta gaueko plusen arteko bateragarritasuna, zaintzagatiko lanaldi murrizketen metatzeko eskubidea edota 2 urtez lanpostua gordetzea zaintzagatiko eszedentzietan.

Hauetaz gain, badira beste hainbat hobekuntza hitzarmenaren edukietan. Beraz, ukaezina da, testuak sektoreko lan-baldintzak hobetzen dituen akordioak jasotzen dituela.

Funtzio soziala betetzen duten gizarte erakundeez osatutako patronal zurrun baten aurrean topatu garela adierazi nahi dugu. AISAk, negoziazioak iraun dituen bi urte luze hauetan, ohiko patronal baten jarrerak izan ditu. Sektoreko lan baldintzen hobekuntzen aldeko eta egungo gizartearen aniztasunari egokituak dauden proposamen ugari onartzeari uko egin dio “patronal sozial” honek. Are gehiago, kontratazioari dagokionez, AISAren asmo prekarizatzaileak, estuki zainduko ditugu LABetik.

Bi urte hauetan egindako borrokarekin egiaztatu dugun moduan, ezinbestekoa da sektorea antolatua egotea. Zentzu honetan, LABeko kideok, negoziazio mahaian zein kalean, proposamenak egiteko eta aurrera eramateko adierazi dugun prestutasuna nabaria izan da. Gure oinarri den afiliazioaren presentzia, sektorean duen ordezkaritza baino handiagoa izan da egindako borroketan.

Egin dugun lana balorean jartzeko unea da eta zentzu honetan, LABen sektoreko gehiengo sindikalak iraultzeko lan egiten jarraituko dugu eta langileen beharrez erantzukizunez jarduteko.

LAB sindikatutik langileei helarazi nahi diegun mezurik garrantzitsuena da borrokak merezi duela. Sektoreko langileek egindako greba zein mobilizazioek eragin zuzena izan dute negoziazio prozesuan, eta hori da hain zuzen ere gauzatzen dugun eredu sindikalaren oinarria. Zuekin bagara!

Gora langileon borroka! Eta gaur ere, gora Arabako esku-hartze sozialeko langileeen borroka.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...