2026-11-09
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaAdiorik ez Pelusa, garaipenaren egunera arte!

Adiorik ez Pelusa, garaipenaren egunera arte!

LAB sindikatutik Argentinako Asociación de Trabajadores del Estado (ATE) sindikatuari, nahiz Hector Carricaren lagun eta senitartekoei momentu zail hauetan gure doluminak helarazi nahi dizkiogu. Atzo Hector “Pelusa” Carricaren heriotzaren berri izan genuen, urte luzez izandako harremanen ondorioz gure sindikatuaren bidelagun bilakatu zena. Sindikatuaren eta Euskal Herriaren laguna, eta gure herriaren askatasunaren aldeko borrokarekin beti solidario, azken finean Euskal Herria bere herria ere baitzen. «Ni euskalduna naiz eta egiten dudan guztian nabaritzen da» askotan esan ohi zuen. Zalantzarik gabe, bere bizitzan eta ibilbide militantean zehar, Euskal Herriarekiko elkartasuna etengabea izan zen.

Irma Laciar de Carrica-ren semea zen; erizaina eta erizainen irakaslea zelarik 1977an diktadura militarrak bahitua eta desagerrarazia izan zena. Beste hainbat pertsonek bezala, Hectorrek erbestearen bidea hartu behar izan zuen. Argentinako Asociación de Trabajadores del Estado-ko (ATE) militante historikoa izan zen, eta bere bizitza osoa borroka sindikalari eta bere amaren kontrako hilketarengatik justizia exijitzeari eskaini zion, bere memoriaren eta osasun publikoaren aldeko borrokalari nekaezinaren ereduaren alde borroka eginez. Giza eskubideen zuzendaria izan zen, eta diktadura garaian desagerrarazi zituzten langile publiko guztien zerrenda egiteko lana bere gain hartu zuen.

Behin baino gehiagotan Euskal Herria bisitatu zuen, LAB sindikatuaren eskutik bere bizitza osoan emandako laguntza eta elkartasunarengatik merezitako omenaldia jasoaz. Guretzat beti LAB sindikatuko militante bat izango da.

Horregatik berriro galera honek sortzen digun tristura adierazi nahi dugu, eta gure doluminak helarazten ditugu, jakinik Hector Carricaren bizitza eta ibilbide militantea etorkizuneko belaunaldientzat inspirazio bilakatuko direla.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.