2026-03-08
HomeLAB SindikatuaLABNafarroan antolatutako auto karabanen debekua berretsi du Nafarroako Auzitegiak

Nafarroan antolatutako auto karabanen debekua berretsi du Nafarroako Auzitegiak

Nafarroako Auzitegiak ez du aintzat hartu LABen helegitea eta berretsi egin du Espainiako Gobernu Ordezkaritzak sindikatuak Maiatzaren Lehenerako Nafarroan zituen lau auto karabanen debekua. Mobilizazio horiek Iruñerrian, Estellerrian, Tafallaldean eta Sakanan egitekoak ziren, COVID-19 pandemiaren inguruko kudeaketa instituzionala salatu eta bizitzaren sostengarritasuna erdigunean kokatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berria aldarrikatzeko.

Aipatutako auto karabanek sindikatuaren lan osasunaren arloak zehaztutako protokolo zorrotzaren arabera zeuden antolatuak: gehienez 20 ibilgailu, gidari bat ibilgailu bakoitzeko, materialaren jasotze eta itzulera segurua, eta abar. Era berean, alarma egoerak ezarritako baldintzak aintzat hartuz antolatu dira karabanak: lan egiteko kalera ateratzea legezkoa da eta jarduera sindikala lantzat hartzen da.

Eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso larria iruditzen zaigu debekua. Gaur zein aurreko egunetan milaka lagun bere autoekin lantokira joan eta kasu askotan 8 orduz beharrezkoak diren segurtasun neurririk gabe lanean egongo diren bitartean, Maiatzaren Lehenean 20 autok segurtasun neurriak betez karabana bat egin dezaten debekatzea ulertezina da. Botere-abusu argi bat da, lanean segurtasun eta osasun neurriak ez betetzeagatik lantokirik batere zigortu ez den bitartean, segurtasun neurriak betetzen dituen jarduera bat debekatzen baita. Eta, alarma egoeran egonda ere, indarrean jarraitzen duten eskubide demokratikoen aurka egindako eraso larria da.

Era berean, gogoratu behar da pasa den astean Huerta de Peraltako langileek deitutako elkarretaratze bat debekatu zuela Gobernu Ordezkaritzak, aipatutako agintekeria berberarekin: lantokiaren barruan lan egin bai, baina lantokiaren sarreran protesta egin ez, nahiz eta segurtasun-neurriak bete.

Debeku hauek guztiak onartezinak dira eta ez dute zerikusirik osasun irizpideekin. Covid-19ari aurre egiteko aitzakian, zentralismoa, autoritarismoa eta kontrol soziala inposatzen ari dela nabarmena da. Era berean, Nafarroako eragile sozial, sindikal eta politikoekin mintzatuko gara, gertakari larri hauen neurriko erantzun bat adosteko asmoz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak enpresei soldata igoeren inguruan gezurretan aritzea leporatu die, eta martxoaren 10, 11 eta 12an jangelak hustera deitu du

LAB sindikatuak gezurtatu egin ditu enpresek jangeletako ustezko soldata igoeren inguruan zabaldutako azken informazioak. Igoera horiek ez dira egungo negoziazioaren parte, nahitaez bete beharreko soldata-igoerak...

Dulantziko RTA (Revestimientos de tuberia y accesorios, S.L) enpresako langileek planto egin dute azken lan istripuaren aurrean eta segurtasun neurri errealak exijitu dituzte

RTA enpresako langileek gaur planto egin dute azken asteetan eman diren istripuen harira. 2026An iada 3 istripu eman dira. Datu horrek agerian uzten du...

LABek salatu du ez dagoela arrazoirik altzairutegia ixteko, ezta Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientea aplikatzeko ere, eta ohartarazi du gatazkak kontsultalditik harago jarraituko duela

Tubos Reunidosek planteatutako EEEaren kontsultaldiaren azken bileratik egun gutxira, LABek argi eta garbi berresten du ez dagoela altzairutegia ixtea edo 301 lanpostu suntsitzea justifikatzen...