2026-11-07
HomeIdazkaritzakIdazkaritza Feminista "Ez, ez gaude pozik etxean"

[IRITZIA] “Ez, ez gaude pozik etxean”

"Ez gara identifikatzen ‘geratu etxean’ edo ‘ni etxean geratuko naiz’ leloekin, batzuk etxean geundelako jada, edo zentzurik gabeko bizitzetan sartuta, esplotatuta, nazkatuta, etengabe ekoiztu, zaindu eta garbitzera behartuta, ezarritako erabaki gehiago onartzen ez ditugulako". Idazkaritza Feministako kide Eli Etxeberria eta Arantxa Vazquezen hitzak dira horiek, ondorengo iritzi artikuluan esanda.

Ez gaude pozik, ez alai, ez zoriontsu etxean, ez! Ez dugulako aukeratu, behartu egin gaituzuelako etxeetan giltzapetzera, behartu egin gaituzuelako zaintzera, garbitzera, lan egitera, entretenitzera, jolastera, eskolak ematera, arreta emozionala eskaintzera, afektua ematera eta beldurrak neutralizatzera… dena aldi berean, dena ondo dagoenaren eta ondo aterako denaren itxura ematen.

Ez gaude pozik etxean sartuta, gure erasotzailearekin bizi garelako, eta ezin dugu ihes egin, ez saihestu lau hormak izan ditzaketen izkina bakanen artean. Ez gaude zoriontsu, ezta gure sormena eta barne bakea lantzen ere, gure etxea pertsona gehiagorekin partekatzen dugun gela delako, intimitaterik ez dugulako, etxerik ez dugulako, argirik ez dugulako, alokairua, fakturak eta janaria ordaintzeko dirua iristen ez zaigulako…

Haserre gaude inposatutako itxialdi honekin, ez dugulako ulertzen zer egiten dugun ordenagailu baten aurrean, haur bat besoetan dugula lapikoa sutan jarri eta komunak desinfektatzen ditugun bitartean. Lanetik bota gaituzuelako, gure etxeetara bidaliz, leihora irtetetik harago protestatu ezinik. Leihotik ikusten dugun mundua ez zaigulako gustatzen. Izan ere, leiho horretatik ez dugu airea eta askatasuna arnasten, errepresioa eta kontrola baizik. Leihoetatik polizia-gorputzak ikusten ditugu paseatzen eta nahi dutenak arbitrarioki gelditzen, erosketa-poltsak arakatzen, galdera umiliagarriak egiten, jarrera harroa erakusten, erasotzen, abusatzen, iraintzen… kaleak, plazak eta herriak pribatizatu dituzuelako, gure askatasun eta elkartasunerako elkarguneak lapurtuz.

Nazkatuta gaude pandemia geldiezin bati eusteko dugun erantzukizun indibiduala aldarrikatzen duten leloekin. Suminduta gaude neurri zorrotz horiek gu kontuan hartu gabe hartu izanaz… adimenik gabeko izaki gisa, pentsatzeko gaitasunik gabe, berez arduragabeak bagina bezala. Badakigu erantzukizunez jokatzen, zuek ejertzitoa bidali beharrik gabe.

Amorratuta gaude, etxean egotera behartuak gaudelako, milaka pertsona produkzio kapitalistaren esparru sakratuetara mugitzera behartuta dauden bitartean, fabrikak baitira —esplotaziorako eta heriotzarako espazioak—, antza, gure bizimodua aurrera ateratzeko; baina zein bizimodu? Nekatuta, mundua gelditu behar delako baina ekoizpenak jarraitu egiten duelako. Ez irteteko edo irteteko aginduak nazkatzen gaituzte.

Erabat sumintzen gaitu gure kakazahar-lanak orain oinarrizkotzat, funtsezkotzat, ezinbestekotzat… hartzeak. Eta ostikoaren zain gaude krisiaren lehen fase hau pasatzen denean eta kanpoko mundu kapitalistara irteten uzten diguzuenean. Badakigu agur esango diguzuela, gaizki eta gutxi ordaintzen jarraituko diguzuela, baldintza txarretan lan egiten jarraituko dugula. Orain, goretsi egiten gaituzue eta gutaz oroitzen zarete, baina ez duzue esaten funtsezkoak izateaz gain, berriz ere prekarioenak garela, gure gorputzak eta bizitzak kutsaduraren eraginpean jartzen ari baikara etengabe, babes-ekipamendu beharrezkoak eta egokiak izango bagenitu saihesteko modukoa, eta neurriak biziak salbatzeko benetan hartuko balira saihesteko modukoa. Baina ez! Haiek gabe lan egitera bidaltzen gaituzue, baina berdin zaizue, ez garelako funtsezkoak esaten duzuen bezala, ordezkagarriak garelako eta hori badakizue. Gure bizitzek ez dute balio besteenak beste. Garbitzaileak, kutxazainak, osasun langileak, zaintzaileak, etxeko langileak, sexu langileak… gara normalean ikusten ez dituzuen horiek, agurtzen ez dituzuenak, ez ikusiarena egiten duzuenak, sorbalda gainetik begiratzen diezuenak… langabetuen armadatik erreskatatutako emakumeak, orain kontratatu ditugunak, beste batzuk jada kutsatu direlako, bajan daudelako.

Oso haserre eta nekatuta gaude, kontrolatzen gaituzuelako. Gure mugimenduak, gure ordutegiak, non lan egiten dugun, nondik gatozen, nora goazen, zergatik irteten garen eta gure etxetik zenbat metrora gauden

Aldarrikapen estankoz eta diskurtso indibidualistez nekatuta gaude, energia hori guztia komunitatea sortzen erabili beharko genuke.

Ez gara identifikatzen geratu etxean edo ni etxean geratuko naiz leloekin, batzuk etxean geundelako jada, edo zentzurik gabeko bizitzetan sartuta, esplotatuta, nazkatuta, etengabe ekoiztu, zaindu eta garbitzera behartuta, ezarritako erabaki gehiago onartzen ez ditugulako. Ez ditugu etxean geratzeko lelo horiek onartzen, gure bizitzak arriskuan daudelako, nahita ezkutatzen duzuelako eraso sexisten %90 baino gehiago etxe idiliko horietan bizi ditugula, preso hartu, isolatu eta kondenatu nahi gaituzuen etxe horietan. Ez dugu itsu-itsuan men egingo, eta ez ditugu agindu inozoak jarraitu nahi, osasun sistemak kolapsatzen dituen birus bat hedatzearen errua guri leporatzen digutenak. Izan ere, kolapso hori zuen murrizketen eta politika neoliberalen ondorio da, eta horiek alde batera utzi gaituzte beti, gure gorputzak, gure bizitzak… bizitza hori, azken aldian hain gutxi axola zaizuena.

Orain, inoiz baino gehiago, antolakuntza, erresistentzia eta errebeldia.

Bizitzak erdigunean ez dadila kontsigna bat izan, errealitate bat baizik.

Gugatik!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.