Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.
Joan den asteartean Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailea izan zen Lakuan, besteak beste, irailaren 1etik aurrera gauzatuko diren udal haur eskola batzuen integrazioaren gaineko akordioa erdiesteko, eta ikasturte hasierako prozesuen gaineko argibideak jaso eta horien gainean proposamenak egiteko.
2024ko azaroan, Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabaki zuen udal haur eskolei diru-laguntzak emateari utziko ziola, haur eskola pribatuen dirulaguntzak mantendu dituen arren. Finantzazio gabezia horren ondorioz, tokiko administrazio batzuek Haurreskolak Partzuergo Publikoan integratzeko erabakia hartu behar izan duten; Araban Gaubeak eta Gipuzkoan Andoain, Usurbil, Oiartzun, Ordizia eta Aretxabaletak irailaren 1ean udal haur eskola hauek Haurreskolak Partzuergoan integratuko dira.
Iragarpena egin zenetik ziurgabetasuna nagusitu da integratuko diren udal haur eskoletako langileen artean. Alabaina, LABetik lanean aritu gara prozesuak ahalik eta ordenatuen egin eta integratuko diren haur eskoletako haur hezitzaileen egoera desberdinak aztertu eta aintzat hartzeko. Udal horietako langileen ordezkarien bitartez udalekin batetik, eta Haurreskolak Partzuergoko ordezkarien bitartez Hezkuntza Sailarekin bestetik, langile guztiei begirako irtenbideak negoziatu ditu LABek.
Ondorioz, titularitate pribatua duten haur eskolatako langileak Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmenera atxikitu eta bertako langileak izango dira subrogazioa tarteko. Andoaingo kasuan, karrerako funtzionarioek jubilatu arteko lanpostua mantenduko dute udalean eta hezitzaile gisa lanean jarraitzeko aukera izango dute sinatu berri den akordioaren bidez. Langileek —hiru dira— nahi badute borondatezko eszedentzia bitartez lanpostu berdinean jarraituko dute lanean, betiere haien izaera mantenduz eta errespetatuz. Bitarteko funtzionarioak, berriz, ez dira kaleratuak izango, eta egungo lanpostuetan jarraituko dute 2028ko abuztuaren 31 arte gutxienez. Haien egoera babesteko aukera erdietsi du LABek, eta, gainera, integratuko diren udal haur eskoletako langileak Haurreskolak Partzuergoko prozesuetan (baremazioa, lekualdatzean parte hartzea…) barnebiltzeko negoziazioari ekingo zaio aurrerago.
LABentzat berri ona da lortutako akordioa eta ongi etorria ematen diegu integratuko diren hezitzaileei. Era berean, gaitzetsi nahi dugu langileekin landu dugun eta gehiengo oso zabalak sinaturiko akordioaren kontra ELA sindikatuak izan duen diskurtsoa, gezurrak zabaldu baititu langileak babestu ordez.
Bukatzeko, adierazi nahi dugu LABetik lanean eta borrokan jarraituko dugula Haurreskolak Partzuergoa ardatz izango duen 0-3 zikloaren udal eskaintza publiko bateratuaren alde eta langile guztien lanpostuen alde.

