2026-07-30
HomeEkintza SindikalaPatronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta...

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenaren negoziazioak urte eta erdi baino gehiago daramatzan honetan, eta sektoreko langileek egindako greba eta mobilizazioen ostean, bereziki aste honetako lanuzteak, patronalak proposamen berri bat aurkeztu du, eta LABen ustez langileek batzarretan baloratu eta erabaki behar dute.

Patronalak aurkeztutako proposamenak, bere horretan, ez du inolako baliorik akordio gisa. Sektoreko langileek izango dute azken hitza: batzarretan proposamenaren edukia aztertu eta prozesu osoan defendatutako aldarrikapenei erantzuten dien ala ez erabakiko dute.

Proposamenak aurrerapen garrantzitsuak jasotzen ditu, besteak beste:

> 2028 urterako, hitzarmenaren iraunaldiaren barnean, gutxieneko soldata 1.500€ izango da (21.000 euro urteko).

> Kategoriak berrantolatu eta sektoreko genero-arrakala murrizteko urrats oso garrantzitsua ematea.

> Urteko lanaldia murriztea.

> Zaintzarekin lotutako baimen eta lizentzietan hobekuntzak.

> Errelebu-kontratuan hobekuntzak.

> Berdintasunean, lan osasunean eta lan-eskubide zein eskubide sozialetan aurrerapausoak.

LABek prozesu osoan langileek erakutsitako konpromisoa eta determinazioa nabarmendu nahi ditu. Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak ez dira kasualitatearen ondorio. Urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, gatazka honetan langileek egindako borrokaren eta greben ondorio zuzena dira, aste honetan bertan egindako lanuzteak barne. Langileek urratsa eman duten bakoitzean mugitu egin da patronala.

Orain, Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen sektoreko langileei dagokie proposamenaren edukia aztertzea eta batzarretan erabakitzea ea prozesu osoan defendatutako aldarrikapenei erantzuten dien ala ez.

LABek erabat errespetatuko eta bere egingo du batzarretan langileek hartzen duten erabakia. Langileek izango dute Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenaren etorkizunari buruzko azken hitza.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.