2026-07-30
HomeEkintza SindikalaLABek ez du sinatuko Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmenaren aurreakordioa

LABek ez du sinatuko Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmenaren aurreakordioa

Atzoko mahai negoziatzailearen ostean, LAB sindikatuak jakinarazten du ez duela Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmen Kolektiboaren aurreakordioa sinatuko. Datorren ostiralean aurreakordioa sinatzeko batzorde negoziatzailearen bilera deituta dago. Testua oraindik euren oinarriekin kontrastatu gabe badago ere, ELAk eta CCOOk hura sinatzeko konpromisoa erakutsi dute; egoera horren aurrean, LAB sindikatuak aurreratu du edukiak ez direla nahikoak, hortaz, aurreakordioak ez du LABen sinadura izango.

Zaintza sistema publiko-komunitario baten aldeko borrokan hartutako konpromisoei erantzunez, negoziazioan hasieratik jarri zuen LABek ekiparazioaren aldarrikapena mahai gainean. Aldarrikapen horrek ahalbidetu du negoziazioa eman den terminoetan garatzea, eta horri esker Araban sektorearen historiako akordiorik onena lortzetik gertu egon gara, inoizko soldata igoerarik handienekin, eta, gainera, beste hainbat aurrerapen garrantzitsurekin, hala nola administrazioko langileekin lanaldia parekatzea, norbere gaietarako egunen erregulazioan aurrerapenak, binkulograma-eredu bateranzko urratsak eta lizentzietan zenbait hobekuntza.

Ekiparazioa sektoreko intersindikalean defendatu izan du LABek ESKrekin batera, eta sektoreko langileek eutsi diote nagusiki aldarrikapen horri, kalean eta lantokietan egindako mobilizazioetan irmotasunez dagokion indarra eman diote.

Izan zitekeen, baina ez da izango. Aurreakordioa erosahalmena bermatzera soilik mugatzen da, eta urrundu egiten da intersindikaleko negoziazio-prozesuan adostutako ekiparazio helburuetatik. Ildo horretatik, aintzat hartuta sektorea artikulatua eta irmo dagoela, alegia, pultsuari eusteko gaitasun osoz, aipatu aurreakordioa sinatzeak larriki mugatu eta murrizten du lurraldean ahalegin handiz defendatu diren aldarrikapen legitimoen ibilbidea.

LABek sektoreko langileak zoriondu nahi ditu azken hilabeteetan erakutsitako indarragatik. Zaintza sistema publiko eta komunitario bat exijitzen jarraituko du sindikatuak, gogoraraziz esku-hartze sozialeko sektoreko langileak langile publikoak direla, eta benetako parekatzea lortzeko borroka hasi besterik ez dutela egin.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.