Parte-hartze eskasa eta beharrizanetatik urrun dauden neurriak.
2026ko maiatzean, Michelin Gasteizko lantokirako mugikortasun jasangarriko plana negoziatzen hasi zen. Uztailaren 21ean, enpresak amaitutzat eman zuen prozesua, eta plana onartu zuen, CCOO, UGT CCM eta CSIf-en botoekin, CGTren abstentzioarekin eta LAB, ELA eta ESKren kontrako botoekin.
Hasieratik, LABetik kritikatu egin genuen prozesu hori nola garatu zen, eta ohartarazi genuen enpresak ez zuela egindako proposamenak onartzeko borondaterik. Emaitza eskasa eta etsigarria da.
Plantillaren mugikortasunari buruzko inkestak lan-orduetan egin behar ziren, eta soilik plantillaren %60tik gorako ehunekoa lortzean jo behar zen betetzat. Aitzitik, diagnostiko osoa erantzunen %30 baino gutxiagorekin egin zen.
Gainera, Gasteizko Michelinen azpikontratetan lan egiten duten ehunka pertsonak plan horretatik kanpo utzi dira une oro. Beraz, hasiera-hasieratik plan partzial gisa jaio zen.
Enpresak proposatutako neurriak urrun geratzen dira langileek adierazitakotik. Erantzun dutenen %37k uste du lanera bizikletaz joateagatik pizgarriak jasotzeak eragin positiboa izango lukeela, baina proposatutako neurria “bizitza osasungarria eta aktiboa sustatzen duten erronkak” egitea da. Erantzun dutenen %41ek ibilbide egokituak dituen enpresako autobus-zerbitzua babesten du, baina enpresak arratsaldeko txandan ibilbideak “nola inplementatzen diren aztertzea” besterik ez du aipatzen.
Horrekin batera, auto partekatuaren Ciclogreen aplikazioaren erabileran sakontzea proposatzen du enpresak, erantzukizun guztia langileen esku utziz. Horri buruzko informazioa eskatu arren, enpresak ez digu eman plataforma horrekin eginiko kontratu ekonomikoaren baldintzen berri.
Erantzun dutenen %68k baino gehiagok adierazi du ez duela garraio publikoa erabiltzen lanera iristeko, ordutegian ez dagoelako nahikoa linea edo zerbitzu. Enpresak esan du ordutegiak luzatzeko eskatuko diola udalari, baina adierazpen hutsa da, eta argi eta garbi ez da nahikoa.
LABetik proposamen alternatiboak eraman ditugu bileretara, eta prozesuaren jarraipen sendoa egin dugu. Emaitza porrota dela uste dugu, eta horregatik bozkatu dugu kontra. Aukera galdua gure poltsikoei, denborari eta osasunari asko eragiten dien gai bati dagokionez.

