2026-07-22
HomeEkintza SindikalaEuskal langileriak borroka eta antolakuntza sindikalaren aldeko apustua berretsi du aurtengo ikasturtean

Euskal langileriak borroka eta antolakuntza sindikalaren aldeko apustua berretsi du aurtengo ikasturtean

Ikasturte oparoa izan da: LABek 180 borroka antolatu ditu, eta greba erabili du horietatik 86tan. Langileek erantzun egin dute prekarizazioaren, eskubide murrizketen edo patronalaren eta instituzioen inmobilismoaren aurrean, eta euren lan zentroetatik harago eraman dituzte borrokak.

2025-2026 ikasturteak berriro erakutsi du Euskal Herria langileen antolakuntzarako eta borrokarako espazio propio eta bizia dela. Ikasturtean zehar izandako gatazkek, grebek eta mobilizazioek agerian utzi dute langileek ez dutela onartzen prekarizazioa, eskubideen murrizketa edo patronalaren eta instituzioen inmobilismoa. Aitzitik, antolakuntzaren bidez erantzun dute, eta borrokak lan zentroetatik harago zabaldu dituzte, lan eta bizi baldintza duinak defendatzeko.

Hala erakusten du LABen 2025-2026 ikasturteko Ekintza Sindikaleko Informeak, sindikatuak gaur aurkeztu duenak. Borroken ezaugarri nagusien eta emaitzen inguruko balantzea jaso du sindikatuak bertan, eta honako hauek dira ondorio nagusiak:

Lehenik eta behin, ikasturte honek berretsi du euskal langileriak borroka sindikalaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela. Palestinarekiko elkartasun internazionalistatik hasi eta gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorreraino, mobilizazioek erakutsi dute langile mugimenduak gaitasuna duela aldarrikapen sozialak eta politikoak agenda publikoaren erdigunean kokatzeko. Era berean, ehunka lan zentrotan garatutako borrokek berretsi dute eguneroko ekintza sindikala dela eskubideak irabazteko tresnarik eraginkorrena.

Ikasturte honetako mugarri nagusietako bat gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika izan da. Greba orokorrak eta aurretik egindako lanketak inflexio puntua ezarri dute eztabaida sozial eta politikoan. Gaur egun gero eta zabalduago dago Euskal Herriak bere gutxieneko soldata erabakitzeko eskubidea behar duela, eta 1.500 eurotik beherako soldatak ez direla onargarriak. Borroka horrek lan baldintzen inguruko zoru sozial berri bat ezartzen lagundu du. Horrek bereziki indartzen ditu prekaritatea modu gurutzatuan pairatzen duten kolektiboen borrokak (esaterako, sektore feminizatuenak, arrazializatuenak eta gazteenak), eta oraindik 1.500 euroz azpiko soldatak dituzten sektore horietan borroka irabazleak aktibatzeko baldintza hobeagoetan jartzen gaitu. LABek horretan jarriko du indarra datorren kurtsoan: indarrak metatu eta 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatzeko borroken aktibazioan. LABek gehiengoa duen sektoreetan ia ez dago 1500 eurotik beherako soldatarik, eta gainerako sektoreetan ere borrokak aktibatzera doa LAB.

Bestalde, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko apustuak emaitzak eman ditu. Espainiako Estatuaren zentralizazio saiakeren aurrean, bertako hitzarmenek frogatu dute lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresna eraginkorra direla, bereziki sektore feminizatu, arrazializatu eta prekarizatuetan. Lortutako hitzarmenek ez dituzte soilik lan eskubideak hobetu; Euskal Herrian lan harremanak bertatik bertara erabakitzeko gaitasuna ere sendotu dute.

Industrian ere mobilizazioek erakutsi dute enpleguaren defentsak lehentasun izaten jarraitzen duela; hor ditugu Maderas de Llodio eta Tubos Reunidoseko borrokak, beste batzuen artean. Aktibatu diren borroken erdia erasoei aurre egiteko izan dira, eta horietatik %60 kaleratzeei, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteei edo itxierei aurre egiteko. Egoera horren aurrean, gero eta agerikoagoa da gatazka bakoitzari banaka erantzutea ez dela nahikoa. Industria politika berri bat behar da, langileen parte hartzean, planifikazio publikoan eta bidezko trantsizio ekosozialean oinarritua, enplegua eta jarduera ekonomikoa babestuko dituena, espekulazioari mugak jarriko dizkiona eta langileen interesak erdigunean jarriko dituena.

Era berean, LABen sindikalismo feministak eta antiarrazistak sendotzen jarraitu dute. Sektore feminizatuetan lortutako emaitzek frogatzen dute antolakuntza sindikalak lan baldintzak hobetzen dituela. Izan ere, zaintza sektorean, azpikontratetan eta sektore feminizatuetan borroken itxiera tasak nabarmen hobetzea lortu dugu, iaztik hona. Aldi berean, langile migratuen antolakuntzan emandako urratsek erakutsi dute arrazismo laboralari aurre egitea ezinbesteko osagaia dela gaur egungo ekintza sindikalean. Langile migratu eta arrazializatuak protagonista izan dituzten hainbat borrokaren parte izan da LAB: Bilboko etxebizitza komunitarioetan, Estaños Matienan eta Beti Aingeru arrantzontzian, esaterako. Horrez gain, langileen ahalduntzea eta etorkizuneko borroketarako indarra eraikitzen jarraitu du LABek.

Sektore publikoari dagokionez, itxitako gatazken portzentajea %12,90 da soilik, batezbestekoa %43,10 den arren. Gainera, langileek mobilizazioak egin behar izan dituzte behin akordioak eginda ere, adosturikoa bete dadin. Hori gertatu da hainbat eremutan; adibidez, Nafarroan Osasunbidean edo EAEko hezkuntzan. LABek kezkaz bizi ditu datu horiek, administrazio publikoak kudeatzen dituzten alderdiek negoziazio kolektiboari ematen dioten balio eskasa uzten baitu agerian.

Azkenik, etxebizitzaren eremuan egindako apustuak lehen fruituak eman ditu. LAB etxebizitza sindikalismoa egiten ari da, eta aurtengo informean jaso ditu, lehen aldiz, aktibaturiko borrokak. 6 gatazka kolektiboren parte izan da sindikatua. Hainbat garaipen lortu ditu, eta beste hainbat aholkularitza kolektibo egin ditu. Gatazka kolektiboen bidez lortutako garaipenek berretsi dute etxebizitzaren arazoari ere erantzun sindikala eman dakiokeela, eta langileen antolakuntzak etxegabetzeak geldiarazteko, abusuei aurre egiteko eta eskubideak zabaltzeko balio duela.

Zenbaki zehatzei dagokionez, 180 borroka antolatu ditu LABek, eta horietatik 86tan greba erabili du. Urte oparoa izan da borroka sindikalei dagokienez. Ikasturte honetan euskal langileriak berriro frogatu du borroka sindikala dela eskubideak irabazteko eta alternatibak eraikitzeko tresnarik eraginkorrena. Etorkizuneko erronkak handiak izango dira, baina baita antolakuntza eta borrokarako aukerak ere. LABek konpromiso bera berresten du: langileen antolakuntza indartzen jarraitzea, lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua eta burujabetza eraikitzeko eta Euskal Herri justuago baten alde borrokan jarraitzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Michelinek azkar eta gaizki egindako lanerako mugikortasun-plana onartu du

Parte-hartze eskasa eta behar baino neurri gehiago.

LABek erakutsi du Tuterako Udalak ez duela zuzenbidearen arabera jokatzen

Hainbat eskaera egin behar izan dizkiogu Udalari, bi helegite Nafarroako Administrazio Auzitegiari eta bi kexa Arartekoari. Guztia, Toqueroren lantaldeak eskatutako informazioa eman ziezagun. Nahiz eta Legeak horretara behartzen duen.

Jaurlaritzak zerbitzu eta langile publikoen arazoen aurrean inprobisazioa darabil, eta epe luzeko erronkak Madrilen esku uzten ditu

Gaur ere Lakuan egin den Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bileratik haserre atera da LAB. Izan ere, bere ustez foro horretan jaurlaritzaren ardurapean biltzen diren sektoreen eta langileen baldintzak zehaztu beharko ziren, eta ardura eta erantzukizun falta antzeman du beste behin ere.