2026-10-30
HomeEkintza SindikalaCEBEKeko presidentearen hipokrisia salatzen dugu, kontziliazio eskubidea baliatu berri zuen langile bat...

CEBEKeko presidentearen hipokrisia salatzen dugu, kontziliazio eskubidea baliatu berri zuen langile bat kaleratu ostean

LABetik publikoki salatzen dugu CEBEKeko presidente Guillermo Bucesen diskurtso publikoaren eta berak zuzentzen duen enpresan gertatzen diren praktiken arteko kontraesan larria.

BIOLID enpresako langile bat kaleratua izan da zaintza-premiei erantzuteko lanaldia egokitzeko eskaera egin eta eskubide hori baliatzen hasi eta egun gutxira. Familia eta lana uztartzea errazteko legeak aitortutako eskubidea da hori. Enpresak kaleratzea justifikatzeko bestelako arrazoiak aipatu baditu ere, gertakarien segidak, bederen, egoera oso argi uzten du, eta LABetik adierazten dugu dagozkion bide juridikoak martxan jartzeko prest gaudela.

Gertatutakoa lan-gatazka huts bat baino askoz harago doa. Bizkaiko patronalaren ordezkari gorena den pertsonaz ari gara; bere agerraldi publikoetan elkarrizketa sozialaren, berdintasunaren, kontziliazioaren eta emakumeen lidergoaren alde egiten duen pertsonaz, hain zuzen ere. Baina, aldi berean, berak zuzentzen duen enpresan langile bat kaleratu dute zaintzarekin lotutako eskubide bat baliatu eta berehala.

Guillermo Bucesek publikoki adierazi izan du berdintasuna enpresetatik eraiki behar dela, kontziliazioan aurrera egitea ezinbestekoa dela eta enpresa-sareak benetako berdintasunarekin konpromisoa hartu behar duela. Hala ere, BIOLIDen gertatutakoak diskurtso horren sinesgarritasuna larriki kolokan jartzen du.

LABek galdegiten du ea zer lan-harreman eredu sustatu nahi duen CEBEKeko presidenteak: zer zilegitasun moral dauka berdintasunaz eta kontziliazioaz hitz egiteko, bere enpresan langile batek lana galdu badu, hain zuzen ere, lana eta zaintza uztartzea ahalbidetzen duen eskubide bat baliatu ondoren?

Kontziliazio-eskubideak ezin dira errepresaliarako tresna bihurtu, ezta emakumeen enplegurako arrisku-faktore ere. Eskubide bat baliatzeak lanpostua galtzea badakar, langile guztiei —eta bereziki emakumeei— helarazten zaien mezua onartezina da.

LABen ez gara isilik geratuko horrelako jokabideen aurrean. Langilea bide juridiko eta sindikal guztietatik defendatuko dugu, eta oinarrizko eskubideez baliatzea zigortzeko helburua duen edozein praktika publikoki salatzen jarraituko dugu.

CEBEKeko presidenteak aukera du orain erakusteko berdintasunarekiko eta kontziliazioarekiko duen konpromisoa benetakoa den ala diskurtso instituzional huts baten parte besterik ez den. Izan ere, enpresa-lidergoa ez da adierazpen publikoen bidez neurtzen; norberaren enpresan ematen den exenpluaren bidez neurtzen da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....

Gipuzkoako esku-hartze sozialean negoziazioari bide eman behar zaiola aldarrikatzeko atera gara kalera

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileek beren aldarrikapenak barnebilduko dituen hitzarmena aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Donostian. 10 hilabete pasa dira negoziatzen hasi zirenetik, eta Hedatzen patronalak negoziazioa blokeaturik dauka.

Bizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek atea itxi dio plataforma bateratuari, eta eskubide murrizketei eusten die

Patronalak sindikatuek planteatutako hobekuntza guztiak baztertu ditu, eta otsaileko proposamenean jasotako atzerapausoek bere horretan segitzen dute. LABen ustez, plataforma bateratua aurkezteko eskakizuna negoziazioa blokeatzen jarraitzeko aitzakia izan da.