2026-09-09
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergoko hitzarmena bahituta duela salatu du LAB sindikatuak

Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergoko hitzarmena bahituta duela salatu du LAB sindikatuak

Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmena argitaratu gabe jarraitzen du sinatu eta 16 hilabeteren ostean. Lan hitzarmenaren argitalpena eta sinatutako guztia berehala betetzea exijitzen du LABek.

Hamasei hilabete igaro dira Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmena sinatu zenetik, eta hilabete baino gehiago plantillak esleitzeko irizpideen akordiotik eratorritako kontratazioa indarrean sartu zenetik. Hala ere, Begoña Pedrosa lehendakaria duen Haurreskolak Partzuergo Publikoaren Zuzendaritza Batzordearen aitzakiak aitzaki, Lan Hitzarmena oraindik ez da argitaratu eta urte honetako abenduaren 31n iraungiko da.

LAB sindikatuak salatu du egoera hau guztiz onartezina dela. Haren argitalpen ezak hainbat prozesu eta eskubideren garapena blokeatzen ari da, langileen egonkortasunean eta lan baldintzetan eragin zuzena izanik.

Horregatik, sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeari eta Eusko Jaurlaritzari Lan Hitzarmena lehenbailehen argitaratzea eta besteak beste, ondorengo prozesuak berehala martxan jartzea exijitzen dio:

  • Akordioetatik eratorritako Lanpostu berriak Lanpostuen Zerrendan (LPZ) txertatzea.
  • Hezitzaile finkoen Lekualdatze Lehiaketa egitea.
  • Behin-behinekotasun tasa %5aren azpitik kokatzeko LEP prozesua abiatzea.
  • Ikasturte hasierako esleipenak behar bezala planifikatzea.
  • Urte sabatikoa eskatzeko epea irekitzea, baita formazio eta gizarte funtsen deialdiak egitea ere.
  • Kudeaketa arloan telelana ezartzea, araudi desberdinak negoziatzea eta beharrezko baliabide teknologiko zein pertsonalak bermatzea.

Era berean, azken hilabeteetan gero eta larriagoa bihurtu den ordezkapenen arazoari irtenbide eraginkorra ematea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Horretarako, ordezkapen-zerrendak berehala irekitzea eta irekita mantentzea, hezkuntza zerbitzua eta langileen lan-baldintzak bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartzea eskatu badu ere, ez du inongo erantzunik jaso.

LAB sindikatuak argi adierazi nahi du: ezin dela gehiago itxaron. Sinatutako hitzarmenena osotasunean bete behar dute, langileen eskubideak ezin direlako administrazioaren utzikeriaren menpe egon. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal langileei dei egiten diegu Ernaik igandean Donostian egingo duen manifestazio nazionalean parte har dezaten

Oldarraldi faxista eta erreakzionarioari aurre egiteko modurik eraginkorrena Euskal Herrian agenda sozial eta nazional eraldatzaile bat garatzea dela uste du sindikatuak, eta horren aldeko konpromisoa berretsi du, baita bide horretan Ernairekin elkarlanean jarraitzekoa ere.

Tubos Reunidosentzat enplegua eta bi lantegietako jarduera bermatuko dituen industria-proiektu baten aldeko eskakizunari eusten diogu LABen

Uztailean egindako azken bileraren ondoren, gaur berriro bildu gara Amurrioko eta Trapagarango lantegietako enpresa-batzordeak Tubos Reunidosen Konkurtso Administrazioarekin, enpresaren egoeraren eta inbertitzaile berriak bilatzeko prozesuaren jarraipena egiteko.

Azalpenak eskatuko ditugu Lanbideren Administrazio Kontseiluan, baliabide publikoak erabiltzerakoan ustez gertatu diren irregulartasun larriak argitzeko

Gaur jakitera eman den informazioaren arabera, PSErekin lotutako sare klientelar batek 56 milioi eurotik gorako diru-sarrerak jaso ditu azken hamabost urteetan, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen eta administrazio publikoen kontratuen bidez, eta kopuru horren zatirik handiena Lanbidetik eratorria da. Gardentasuna, kontrola eta interes publikoaren defentsa eskatzen dugu LABetik.