2026-09-27
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaGizarte zerbitzuen ratioak arautzen dituen 1991ko dekretua behingoz aldatzea exijitzen diogu Nafarroako...

Gizarte zerbitzuen ratioak arautzen dituen 1991ko dekretua behingoz aldatzea exijitzen diogu Nafarroako Gobernu berriari

LAB sindikatuak urteak daramatza lanean eta mobilizazioak egiten Nafarroako Gobernuaren gizarte zerbitzuen erabiltzale-langile ratioen dekretua gaurkotu dezaten eskatuz. Orain indarrean dauden ratio altuek langileen osasuna eta zerbitzuaren kalitatea urritzen baitituzte. Hartara, LABek uste du badela garaia gaurkotze horri ekiteko, halaxe eskatu baitzuten 2016an Nafarroako Parlamentuko talde guztiek.

Aspaldiko arazoa da Nafarroan langile eskasia izatea desgaitasunari, adin txikikoei, familiei, hirugarren adinari eta gizarte bazterketari eskaintzen zaizkien zerbitzuetan. Egoera horrek, alde batetik, erabiltzaileen zaintzan eskaintzen den kalitatea urriagoa izatea eragiten du eta, bestetik, langileen osasuna okertzea dakar. Nafarroan, erabiltzaile-langile erlazioa 1991ko 209 Foru Dekretuan arautzen da. Dekretu horrek ia 30 urte dauzka, zaharkiturik dago, eta ahalik eta lasterren eguneratu behar da, agertu diren beharrei erantzunen zaiela berma dadin.

Xede horretan, 2016ko otsailean LAB sindikatuak sektoreko langileen artean sinadurak biltzeari ekin zion. Aste batzuetan 11.258 sinadura bildu zituen eta Nafarroako Gobernuari helarazi genizkion, Dekretua egungo errealitateari egokitu zekion eskatuz.

Ordu hartan ere lan saio bat egin zen Nafarroako Parlamentuan, Gizarte Politiketako Batzordean, eta han talde parlamentario guztiek bat egin zuten agerturiko aldarrikapenekin; eta denek aho batez ebazpen bat atera zuten, Gobernua dekretua gaurkotzera premiatzen zuena. 2017-2018 ikasturtean, enpresetako delegatuekin ahalduntze kanpaina egin zuen LABek, eta mobilizazio baten bidez Nafarroako Jauregiraino eraman zuen aldarrikapena 2018ko ekainaren 14an.

Miguel Laparrak zuzentzen duen Gizarte Eskubideen Departamentuak konpromisoa hartu zuen batzorde parte-hartzaile bat osatzeko foru dekretuaren gaurkotzean ekarpenak egite aldera. Aitzitik, oraindik ez dute batzorde hori eratu. Zain gaude. Eta, horregatik, Nafarroako Gobernu berriari eskatzen diogu lehenbailehen ekin diezaion dekretua aldatzeko prozesuari eta bide horretan berma dezala gizarte eragile guztien parte-hartzea.

LABek argi uzti nahi du lanean segituko duela, mobilizatzen eta aldarrikatzen, zerbitzu sozialetako langileen kopuruak eta artatze denborak handitzeko. Bada garaia erabiltzaile-langile ratioak modu duin batean arautzeko, langileen osasuna eta gizarte zerbitzuen kalitatea hobetze aldera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.