2024-04-27
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakGizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka dela-eta deitutako bilerara Hezkuntza saila ez agertzea arduragabekeria...

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka dela-eta deitutako bilerara Hezkuntza saila ez agertzea arduragabekeria hutsa dela iritzi dugu

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek atzorako deitutako bilerara Hezkuntza saila ez agertzea arduragabekeria hutsa da, eta patronalak maiatzeko greben aurreko proposamen berdinarekin etortzea, ulergaitza. Patronalari eta Hezkuntza Sailari arduraz jokatzen hasteko eta gatazkari bide emateko proposamenak egiteko galdegiten diegu, bestela mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko.

Sektore honetako langileok 10 urte daramagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), hain zuzen feminizatuenak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

2017ko azaroan, hamaika negoziazio mahai ondoren, patronalek ez ziguten mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik utzi. Jadanik azken bi ikasturtetan 27 greba egun gauzatzera behartu gaituzte. Horrela, mobilizazio eta grebak indartzen joan garen heinean soilik ikusi ditugu mugimenduak eta aurrerapausoak patronal zein Hezkuntza sailaren proposamenetan.

Sindikatuok borondate osoa daukagu langileen eskaerei erantzun serio bat eman eta gatazka bideratzeko adostasunak erdiesteko. Horrela, adostasun horiek lortzeko, erabateko zintzotasunez makina bat saiakera ari gara egiten: Deitzen gaituzten bilera orotara joaten gara, akordioak lortzeko giltzarriak non dauden zehaztasun osoz adierazten dugu, gure eskaerak erabat neurtuak dira eta malgutasuna erakusten ari gara gure planteamenduetan.

Bide horretan, ordea, langileen eskaerei erantzun eta gatazkari irtenbidea emateko ardura eta aukera dutenak, sektoreko patronalak eta Hezkuntza saila alegia, ez dira dagokien arduraz jokatzen ari.

Hezkuntza sailaren rola izan da bere burua zuritzea, gatazka bideratzeko eskuhartzeren bat izaten ari delako itxura egitea, baina gatazkaren irtenbidean inplikatu gabe. Maiatzaren 8 eta 9ko greben ondoren sindikatuok gaurko egunerako egindako bilera deialdiarekiko izan duen jokaera ikusi besterik ez dago. Bilerari uko egiteaz gain, aurreko egunerako bilera deialdi bat luzatu zigun sindikatuoi; baina bilera horretan gai bakar bati buruz hitzegin nahi izan zuen, gela itxieragatik lanpostua gal dezaketen langileen birkokapenari buruz; haatik, gai honetan ere ez zuen ekarri aurrez egindako planteamenduarekiko aldaketarik (eta honek ez du birkokapena bermatzen). Azkenik, herenegungo bileran gatazka bideratzeko planteamendurik ez zegoenez, sindikatuok gaurko bilerara planteamendu egokiekin etortzeko deialdia luzatu badiogu ere, ez da agertu ere egin. Horregatik, sindikatuok beste behin ere eskatzen diogu Hezkuntza sailari langileen eskaerei erantzungo dion gatazkaren irtenbidean inplika dadila.

Patronalek, berriz, behin eta berriro adierazi arren negoziatzeko borondate dutela, borondate hori ez da egin dituen proposamenetan ageri, ez eta izaten ari den jokaeretan ere. Gogoratu behar dugu fede oneko negoziaketa batek eskatzen duen zintzotasuna behin eta berriro hautsi duela; langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazioa desaktibatzeko asmo soilarekin, sindikatuon arteko hausturak eta langile zein ordezkarien arteko nahasmena sortzeko saiakera ugari gauzatuz; azkena maiatzak 8 eta 9ko greben bezperetan. Baita, aldebiko bileretan adostasunak erdiestea ahalbideratu zezaketen planteamenduak egitera iritsi den arren, ondoren atzera bota dituela ere.

Sindikatuok deitutako bilerara etortzeko erabakia hartu dute patronalek eta negoziatzeko borondatea dutela adierazi. Ez dute, ordea, langileen eskaerei erantzuten dion proposamen zein planteamendurik ekarri, maiatzeko greben aurretik ezagunak zen proposamen berdintsua ekarriz. Beraz, beste behin ere eskatzen diegu negoziatzeko borondate hori langileen eskaerei erantzungo dioten proposamen eta planteamendu konkretuetan zehaztu dezatela hurrengo bilerara begira, hain zuzen ere pasa den martxoan sindikatuok helarazitako adostasuetarako giltzarrien dokumentuan jasotako ildotik. Horrela izan ezean, mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez baitigute utziko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.