2026-01-28
HomeEkintza SindikalaEkintza sindikal eraldatzailearen inguruko topaketa arrakastatsuak

Ekintza sindikal eraldatzailearen inguruko topaketa arrakastatsuak

Ipar Hegoa fundazioak Topaketa Sindikalak egin zituen atzo Donostian, Ekintza sindikal eraldatzailea izenburupean, Birpentsatzen prozesua abiatu zutenetik hamar urte pasatu direnean. Azken urteetan sindikalizazio estrategiaren eta ekintza sindikalaren oinarriak ongi finkatu ondoren, horietan sakontzea izan zen topaketon helburua. Sindikatuko 200 kide baino gehiagok hartu zuten parte egin zen lehen saioan. Urriaren 23an izango da topaketen bigarren saioa.

Igor Arroyo koordinatzaile orokorrarena izan zen lehen hitzartzea. Hasteko, urriaren 15ean Palestinaren alde egindako lanuzte eta mobilizazio arrakastatsuek ezarri zuten mugarri historikoa aipatu zuen. Ondoren, duela hamar urte LABek martxan jarritako Birpentsatzen prozesua izan zuen hizpide, euskal sindikalismoan aitzindaria izan zela eta aldaketa esanguratsuak ekarri zituela nabarmenduz. Honetan sakonduz, sindikatuak azken urteotan hartutako erabakiak aletu zituen. Batetik, klase gatazkaren birkontzeptualizazioa, enplegua eta kapitalaren arteko gatazka izatetik bizitza eta kapitalaren artekoa izatera igaro dena. Bigarrenik, emakume* langileen egoera erdigunean jartzea. Hirugarrenik, langile subjektuaren berrosaketa, sektore berrietara zabalduz (riderrak eta etxeko langileak, besteak beste). Laugarrenik, sindikalismo soziala, LABek etxebizitzaren esparruan ere aritzeko hartu duen erabakia azpimarratuz. Eta bosgarrenik, sindikalismoa antirrazista lantzeko apustua, zuritasunari kritika ere barnebiltzen duena. “Euskal sindialismoa berritzen ari gara, oztopo, erresistentzia eta zailtasunekin”, adierazi zuen Arroyok.

Jarraian etorri zen Dennis Merklen soziologoa, Uruguaiko ezkerreko eta askapen mugimenduko kidea eta Nouvelle-Paris Unibertsitateko irakaslea. Jendartean eta lan munduan etor daitezkeen aldaketez aritu zen, Jagoba Zulueta LABeko Formakuntza idazkariak egin zizkion galderei erantzunez. Azken hamar urteotan izandako aldaketak hizpide hartuta, teknologiaren esparruan jarri zuen arreta, hori hau ekimen pribatuari esker garatzen ari dela eta ondorioz sektore pribatua itzelezko boterea pilatzen ari dela azpimarratuz. Korporazio teknologikoek desioa sortzearekin duten lotura ere aipatu zuen, eta kapitalismoaren mesedetan ere jarduten dutela gaineratu zuen, indibidualismoa areagotzen dutelako.

Bestalde, atomizazio prozesua geldiezina dela ere zalantzen jarri zuen, azken urteotan sozializazio forma berriak sortu direla nabarmenduz. Euskal Herriaren kasua aipatuz, hemen prozesu hau hain sakona ez dela ere goraipatu zuen. Hala ere, aipatu zuen langileek lurraldearekiko dituzten loturak lausotuta daudela.

Europari dagokionez, kezka adierazi zuen, gerrek saihetsezinak diruditelako, desegonkortzea handia delako eta estatuak noraezean daudelako (inbertsio belizista, migranteei egindako harrera txarra). Horrekin lotuta, etorkizunarekiko beldurra ere aipatu zuen. Era berean, ultraeskuinaren gorakadaren inguruan, Amerika eta Europako prozesuen arteko aldeak azpimarratu zituen, eta, azken horren kasuan, desindustrializazioa, langile klasearen suntsiketa eta ezkerren krisiaren eragina nabarmena dela zehaztu.

Militantziaren inguruan ere egin zuen gogoeta Merklenek, azken urteotan, “posta-zigilu” militanteetatik “post-it” militanteetara pasatu garela nabarmenduz, horrek diszplinarekiko sortzen dituen arazoak azaleraziz.

Amaitzeko, eta bertaratutakoen galderei erantzunez, ezkerrak utopiaren inguruko krisia duela aipatu zuen, eta bere egitekoa esperantza eman eta izugarrikeriak salatzea dela azpimarratu.

Borroken planifikazioa, oinarritik

Valery Alzaga izan zen nazioarteko bigarren gonbidatua, Eskozian bizi den mexikarra, antolatzaile sindikala eta migranteen eskubideen aldeko ekintzailea. Duela bi urte arrazakeriaren inguruko topaketa sindikaletan modu telematikoz parte hartu ondoren, Euskal Herrira egiten zuen lehen bisita zen. Langileak borroka sindikalarekin binkulatzeko tresna, estrategia eta teknikez jardun zuen, 40 urtetik gorako esperientzian oinarrituta. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako etxeorratz handietako garbitzaileak antolatzen hasi zen, sindikatuek ahaztuta zituzten eta egoera irregularrean zeuden langile arrazializatuak, nagusiki. Ondoren, Europan ere lan egin zuen (Alemania, Suedia, Ekialdeko Europa).

Eskubideak eskuratzeko kanpainak sortzen lan egin izan du, neurri handian berritzaileak zirenak. Honekin lotuta, ofentsibara jokatzearen garrantzia azpimarratu zuen energiaz eta bizitasunez betetako hitzartzean, lan sindikalak sortzailea izan behar duela azpimarratuz.

Kanpainen planifikazioaz aritu zen. Helburua ondo zehaztu behar zela nabarmenduz (amaieratik hasi) eta oinarrizko lana, langileekin aurrez aurre eta banan banan egiten dena, funtsezkoa dela zehaztuz. Honela, langileekin eta oinarriarekin egiten den lanak, berau aktibatu eta borrokaren motore izatea ahalbidetzen du. “Oinarria borrokan eraikitzen da, borrokak irabaziz eta arazo zehatzak konponduz”, zehaztu zuen. Era berean, urratsez urrats jardutearen alde egin zuen, langileen boterea eta eragiteko gaitasuna gero eta handiagoa egingo duen prozesu mailakatu baten bidez.

Antolakuntza mailan lantzen den guztia neurtu eta ebaluatzearen garrantzia ere azpimarratu zuen. Era berean, narratiba sozialak sortu behar ditugula ere aipatu zuen, sindikatua denon onura ekarriko duen borrokarako tresna bilakatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pertsona migratuen erregularizazio masiboa: eskubideak gauzatzeko eta beste askotan aurrera egiteko abiapuntua

Gaur, urtarrilaren 27an, asteartea, Ministroen Kontseiluak Espainiako Estatuan bizi diren pertsona migratuen aparteko erregularizaziorako Errege Dekretua onartu du. Baldintza gisa, pertsona migratuek frogatu beharko dute...

Euskara, erretiroa, soldata eta lan baldintzen inguruan Jaurlaritzak dena esana du aspaldi

Gaur EAEko funtzio publikoaren Mahai Orokorraren bilera egin da Lakuan, eta beste behin LABeko kideok haserre atera gara bertatik. Jaurlaritzak ez du ezer negoziatzeko...

Enplegu zentro berezietako langileak mobilizatu egingo dira sektoreko lan baldintzak hobetzea aldarrikatzeko

Enplegu zentro berezietako ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuak martxoaren 14an Bilbon mobilizatuko dira, enpresa zein administrazioek desgaitasunekin egiten duten negozioa salatzeko eta sektoreko...