2026-10-02
HomeEkintza Sindikala0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har...

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek Departamentuari exijitu diote behingoz ardura dadila Haur Hezkuntzako lehen zikloaz, dagokion bezala, eta foro bat sortu dadila sektoreko langileok eta haien ordezkariek elkartu eta elkarrekin lan egiteko helburu hori lortzeko.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan 2 urteko haurren ikasgelak ezartzeko proiektu pilotuari dagokionez, sindikatuek agerian utzi nahi dute duela aste bat Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiarekin eta Iraida Salaberri 0-3 Zerbitzuko zuzendariarekin izan zuten bileratik argi atera zuten gauza bakarra dela Departamentuak planifikazio eta zehaztasun falta nabaria duela.

Proiektu hau Nafarroako zerbitzuaren beharren azterketa arduratsurik egin gabe gauzatzen ari da, hots, eskaintza-eskaria, itxaron-zerrendan geratzen diren haurren adina eta hizkuntza-eredu ezberdinetan dagoen eskaera, besteak beste, kontuan hartu gabe. Sindikatuek uste dute hori guztia alde batera utzi dela eta, beraz, proiektuak ez diola Nafarroako familien benetako beharrei erantzunen.

Horretaz gain, bilera hark ez zien sindikatuen kezka ugariei erantzunik eman, eta agerian gelditu zen ez dutela nahikoa denbora izan funtsezkoak diren gaiak aztertzeko eta antolatzeko. Adibidez: ikasgeletan sartuko diren haurren adina; ikastetxe horiek egokitzeko aurrekontu-partidarik dagoen eta, hala bada, zer kopuru; zer irizpide kontuan hartuko diren egokia eta bideragarria izan den ala ez erabakitzeko…

Aurreko asteko prentsaurrekoan adierazi bezala, Gobernuak emandako informazio berri bakarra izan zen ikasgela horietako langileak Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletako zerrendetako langileak izanen direla. Horrek zalantza berriak sortzen ditu: haien ordutegia Haur Hezkuntzako bigarren zikloko langileek edo Nafarroako Gobernuko haur-eskolek jarraitzen dutena izanen da? Eta egutegia? Zer gertatuko da jantokiarekin?

Bestalde, sindikatuek salatu nahi dute ez dutela benetako borondaterik ikusten Carlos Gimeno kontseilariak hainbestetan aipatzen duen kudeaketa komunerantz lan egiteko. Departamentuak uko egiten dio 0-3 zikloaren ardura hartzeari, Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloaren lehentasunezko eredua haur-eskolak direla behin eta berriz esan duen arren, eta ziklo hori hezkuntza-ziklo gisa definitu den arren.

Gainera, sindikatuek zikloari buruzko galdera zehatzak egiten dituztelarik, hori toki egokia ez dela erantzuten diete, ez zikloari buruz ez ziklo hori duintzeko sinatu zuten programa-akordio buruz hitz egiteko. Baina ez dago mahairik horren inguruan egon daitezkeen kezkak azaltzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

125 udal baino gehiagotako langile batzordeek bat egin dute EAEko udaletan urriaren 8ko greba deialdia babesteko aurkeztu dugun mozioarekin

Hamarnaka udal eta zerbitzu itxiko dira urriaren 8ko greba egunean. Izan ere, 125 langile batzordetik gora dira EUDELi eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE...

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.