2024-05-09
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako salgaien errepideko bidezko garraioaren hitzarmena negoziatu nahi ez izatea leporatu diogu...

Gipuzkoako salgaien errepideko bidezko garraioaren hitzarmena negoziatu nahi ez izatea leporatu diogu GUITRANS patronalari

2024 urtea hastearekin batera, Gipuzkoako salgaien errepide bidezko garraioaren hitzarmen berri baten negoziazio bideari ekin genion LAB, ELA, CCOO eta UGTk. 2009ko abenduaren 31az geroztik hitzarmenik gabe dagoen sektorea da eta lan-baldintza zeharo desarautuan ari dira 6.000 langiletik gora Gipuzkoa osoan zehar.         

Sektoreko patronalarekin, GUITRANSekin, jarri ginen harremanetan negoziazio mahaiaren eraketari ekingo geniola esateko eta deialdia helarazteko. Bilera hori otsailaren 7an egitekoak ginen, baina GUITRANSek ez azaltzea erabaki zuen. Bigarren aukera bat ere eman genion Patronalari, baina, otsailaren 29an ere ez agertzea erabaki zuen.         

Patronalak birritan egin dio uko gure deialdiari eta, gure iritziz, Gipuzkoako langileen negoziazio kolektiborako eskubidea behin eta berriz urratzen ari da jarrera horrekin. Ez azaltzeko baliatu duen aitzakia, gainera, Gipuzkoako langileekiko errespetu falta izugarria dela irizten diogu eta, argi utzi nahi dugu onartezina dela. Izan ere, Estatu mailako III. Akordioaren negoziazioan ari direla argudiatu du GUITRANSek.  

Egoera honen aurrean, LAB, CCOO eta UGTk agerraldia egin dugu GUITRANSen jarrera salatzeko, Gipuzkoako negoziazioan legitimitatea duen patronal bakarra baita, bere jarduera eremuan ez negoziatzeko aitzakia baliogabeen azpian ezkutatzen delako.         

Beharrezkotzat jotzen dugu Gipuzkoako langileei eta, bereziki, Gipuzkoako Salgaien Errepideko Garraioaren sektoreari segurtasun juridikoa eta arau argiak emango dizkien hitzarmen bat berritzea. Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.         

Egoeraren larritasuna ikusirik, epaitegira joateko erabakia hartu dugu eta horretarako arlo juridikoak elkarlanean jarri dira. Gire ekinbidea, ordea, ez da horretara mugatuko. Sektorean lanean ari diren langileek 14 urte daramate egunez egun lan-baldintza prekarioagoetan lanean eta, GUITRANSek adierazi duen axolagabekeria salatzeko ekintza sindikalari ekingo diogu. Datorren apirilaren 12an, goizeko 11:00etan, elkarretaratze deialdia antolatu dugu GUITRANS patronalaren egoitzaren atarian, Donostian (Portuetxe, 9), eta honek bere jarrera aldatu ezean, ekintzak gogortuko ditugu.

Patronalak sektoreko hitzarmena blokatzen badu, errepideak blokatuko ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai aitzindaria lortu dugu

LABek Eibarko Lan-Arloko Epaitegian irabazitako sententzia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai horrek, kaleratzea bidegabetzat jo eta Eibarko Udala kondenatu zuen langilea bere lanpostuan berriro hartzera edo legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina ematera, sortutako kalte-galerengatik 30.000 euroko konpentsazio osagarria gehituta.

Arabako egoitzetako hitzarmenaren inguruko negoziazioa desblokeatzeko exijitu dugu

Sindikatuak deituta, Arabako Foru Aldundiaren aurrean mobilizazioa egin dute goizean Gasteizen, Gorka Urtarani eta Diputazioari beren ardurei hel diezaieten eskatzeko.

Barakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Atal sindikaletik alegazioak aurkeztu zizkioten aurrekontuari, eta horiek negoziazio mahaira eraman ez izana negoziazio kolektiboaren gutxiespentzat jo du.