2025-12-06
HomeEkintza SindikalaNoaingo Knauf enpresan, langileen mobilizazioei esker, KPIren araberako soldata igoerak jasotzen dituen...

Noaingo Knauf enpresan, langileen mobilizazioei esker, KPIren araberako soldata igoerak jasotzen dituen akordioa #LortuDugu

LAB sindikatuak akordioa lortu du Noaingo (Nafarroa Garaia) Knauf enpresan eta, horren arabera, KPIri loturiko soldata igoerak izanen dituzte, bajak lehen egunetik %100ean konpentsatuko dira eta aurreikusita zegoen ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa Espedientea bertan behera gelditu da. Enpresa txiki horretako langileek hiru urte zeramatzaten haien lan baldintzak hobetuko zituen itun bat eskatzen. Azkenean, iragan urrian planto egin zuten, hiru egunetan lanuzteak egin zituzten eta horri esker lortu da Espainiako hitzarmena gainditzen duen akordioa ixtea.

Orain arte, Espainiako Industria Kimikoko hitzarmena ezarria zuten Noaingo Knauf enpresan. LAB sindikatuaren iritziz, hitzarmen hori ez da nahikoa Nafarroako errealitaterako, eta horregatik hitzarmen propioa lortzearen alde dago. Baina ailegatu bitartean, Knaufen kasuan bezalaxe, LAB eta langileak beren lan baldintzak duinduko dituzten enpresa akordioak lortzearen alde borrokatzen dira. Knaufen erdietsi da, langile borrokaren bidez erdietsi ere.

Noaingo Knauf enpresa txikia da, eta delegatu bakarra du, LABekoa. Langileek hiru urte eman dituzte dagokiena eskatzen. Baina hiru urte horietan enpresa luzamendutan ibili da, denbora irabazi nahian. Egoeraz nazkatuak, langileek lanuzteak egin zituzten pasa den urriaren 18, 19 eta 20an. Borroka hartan eskertzekoa izan zen BSH lantegiko langileek erakutsitako elkartasuna; Knauf enpresak bere ekoizpenaren %90 BSHrendako egiten du.

Estatalizazioak (bertako hitzarmenen ordez Espainiakoak izateak) prekaritatea dakar. Horregatik da hain beharrezkoa bertako negoziazio esparruak izatea eta horregatik ari da LAB saiakera berezia egiten Nafarroako Industria Kimikoko hitzarmena lortu ahal izateko, UGT eta CCOO sindikatuen kontrakotasunarekin bada ere ‒kurioski, EAEn alde daude‒. Hartara, beharrezkoa den edozein esparrutan, LABek borrokan jarraituko du Euskal Herriko langileen baldintzak duintzearen alde. Adibidez, borrokari esker lortu da Knaufen KPIari loturiko soldata igoerak izatea, bajak %100 konpentsatzea lehen egunetik eta aurreikusten zen ABEEE bertan behera uztea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...