2026-09-09
HomeEkintza SindikalaGreba mugagabean daude justiziako langileak, harik eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen arautzailea bete...

Greba mugagabean daude justiziako langileak, harik eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen arautzailea bete eta lan-baldintzak duintzeko urratsak eman arte

Atzo, hilak 22, abiatu zuten greba mugagabea, hainbat astez lanuzte, greba eta protesta ekimenetan murgilduta egon ostean. Beren eskakizunak behingoz entzun ditzaten areagotu dute borroka, eta dagoeneko eraginak nabarmenak izaten ari dira epaitegietan.

Goizean goizetik piketeekin ekin diote egunari grebalariek, atzo egin zuten bezala. Gero, goiz erdian hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte, borroka ikusarazi eta bizi duten egoera plazaratzeko asmoz.

Borrokaren arrazoi nagusietakoa da bere garaian sindikatuekin batera sinatutako IV. Hitzarmen Arautzailea ez duela betetzen Eusko Jaurlaritzak; are, sistematikoki urratzen du. Justiziako funtzionarioen plantilla Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen soldata-baldintzekin parekatu beharra jasotzen du akordio horrek. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizunari heltzeko exijitzen diote langileek, ez dadin ezkutatu Espainiako Justizia Ministerioaren atzean.

Hala, benetako negoziazioa behingoz ahalbidetzeko eskatzen diote langileek Eusko Jaurlaritzari. Hau da, bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoko beharginen baldintzen inguruan sinatuta dagoen akordioa eta negoziazio eremu propioa berma dezala, eskakizunei entzungor egiteari utzita.

Datozen mobilizazioak

Greba mugagabearen baitan, hainbat hitzordu antolatu dituzte aste honetarako. Honako hauek dira bihartik aurrera aurreikusita daudenak:

  • Asteazkena 24, 11:30tan hiriburu guztietako epaitegien aurrean kontzentrazioa.
  • Osteguna 25, Bilbon, 11:30tan EJko Gran via 85 kaletik Sabin etxera, manifestazioa
  • Ostirala 26, 11:30tan hiriburuetako epaitegien aurrean kontzentrazioa

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidosentzat enplegua eta bi lantegietako jarduera bermatuko dituen industria-proiektu baten aldeko eskakizunari eusten diogu LABen

Uztailean egindako azken bileraren ondoren, gaur berriro bildu gara Amurrioko eta Trapagarango lantegietako enpresa-batzordeak Tubos Reunidosen Konkurtso Administrazioarekin, enpresaren egoeraren eta inbertitzaile berriak bilatzeko prozesuaren jarraipena egiteko.

Azalpenak eskatuko ditugu Lanbideren Administrazio Kontseiluan, baliabide publikoak erabiltzerakoan ustez gertatu diren irregulartasun larriak argitzeko

Gaur jakitera eman den informazioaren arabera, PSErekin lotutako sare klientelar batek 56 milioi eurotik gorako diru-sarrerak jaso ditu azken hamabost urteetan, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen eta administrazio publikoen kontratuen bidez, eta kopuru horren zatirik handiena Lanbidetik eratorria da. Gardentasuna, kontrola eta interes publikoaren defentsa eskatzen dugu LABetik.

LABek eta ELAk EAEko udaletan greba deitu dugu datorren urriaren 8an

Udalhitzeko mahaian eta udaletako negoziazioetan aurrerapausorik ez dagoenez, LABek eta ELAk hasita dugun greba dinamikarekin jarraituko dugu.