2026-10-03
HomeEkintza SindikalaPositibotzat jotzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinen garbiketako azpikontratatutako langileen lehen greba...

Positibotzat jotzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinen garbiketako azpikontratatutako langileen lehen greba eguna

Gaur egin da Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinen garbiketako azpikontratatutako langileen lehen greba eguna. Sindikatu deitzaileok positibotzat jotzen dugu grebaren jarraipena.

Langile hauek maiatzaren 7ra arteko greba hasi dute gaur, eta negoziazio kolektiboan KPIa ziurtatzeko borrokan ari dira. Greba deitu dute patronalaren immobilismoaren aurrean, abenduan egindako planteamendu ekonomikoari eusten baitio enpresak: 2021erako soldatak izoztea, 2022rako % 1,5eko igoera eta 2023rako % 1,75eko igoera. Apirilaren 5ean egindako azken bileran patronalak oso argi utzi zuen bere jarrera, ez du KPIri lotutako planteamendu ekonomikorik egin nahi.

Hori dela eta, langileek grebarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten eta egunotan kalean izango dira. Grebaren jarraipena oso positiboa izan da, eta lan-baldintzak hobetzeko borrokatzera deliberatuta daude.

LAB, ELA eta ESK sindikatuok ere diputazioaren jarrera salatu nahi dugu. Nahiz eta ziurtatu ezin duela hitzarmenaren negoziazio kolektiboan esku hartu, garbitzaileak Eulenen langileak direla argudiatuz, argi geratu da euren esku dauden tresna guztiak erabiltzen dituztela langileei presioa egiteko. Gaur, astelehena, lehen greba egunean, Ertzaintzak bi langile identifikatu ditu euren greba eta manifestazio eskubidea gauzatzeagatik.

Azkenik, publikoki salatu nahi dugu Eulen enpresa grebalariak ordezkatzen ari dela. Grebalarien lanak egiten ari dira, nahiz eta jakin hori ez dela legezkoa.

Hala eta guztiz ere, langileak gogor ari dira borrokan KPIari lotutako soldata-igoerak lortu daitezen; izan ere, gaur kaleetan argi utzi dutenez: KPIrik gabe ez dago hitzarmenik.


Egun hauetan kalean izango gara eta borroka egingo dugu gure aldarrikapenak bilduko dituen hitzarmen bat lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...