2026-05-10
HomeEkintza SindikalaLan Ikuskaritzak zigortu egin du El Cenojal enpresa, langile migratzaile baten lan-istripu...

Lan Ikuskaritzak zigortu egin du El Cenojal enpresa, langile migratzaile baten lan-istripu hilgarria ez jakinarazteagatik

Iazko irailaren 23an, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, Zarrakaztelun 62 urteko langile migratzaile bat hil zela salatzeko. Era berean, hurrengo egunean, salaketa jarri zuen, istripuaren lan-izaera ikertzeko eskatuz. Azkenik, Ikuskaritzak berretsi egin du lan-istripu gisa, eta arau-haustearen akta egin dio enpresari, istripua garaiz eta behar bezala ez jakinarazteagatik.

Ez zen trafiko istripu hutsa izan, lan istripu “in itinere” bat baizik. Arturo Rojas Castaños langilearen heriotza ez zen zorte txarraren ondorio izan, pairatzen zuen esplotazio eta prekarietate egoeraren ondorioa baizik.

Lehenik eta behin, erabat higuingarria da enpresaren eta mutuaren jarduna. Horrela, Lan Ikuskaritzak berak egiaztatu duenez, istripu hori ez zen lanekotzat kalifikatu, ezta lan-agintaritzari jakinarazi ere. Azkenik, istripu-partea Ikuskaritzaren bulegoetan sartu zen 2022ko otsailaren 4an, hiru egun lehenago enpresako bazkide eta administratzailea agertzera zitatu ondoren. Hau da, arau-hauste bat egin zuten ezer gertatu ez balitz bezala jokatu zutelako, langileen bizitzak ezer axola ez balu bezala. Eta ez zuten ezer esango LABek salaketarik jarri izan ez balu.

Bigarrenik, prekarietatearen inguruabarrak ere berretsi ditu Ikuskaritzak. “Langilea Figarolen bizi zen, Zarrakaztelutik bederatzi bat kilometrora dagoen herrian, eta, handik, Zarrakaztelura joaten zen bizikletaz. Handik, Erriberrira joaten zen autoz, han baitago tomatea jasotzen zuen finka”.

Hori da Nafarroako landa eremuko lanak ezkutatzen duen benetako errealitatea. Bizitza eta lan baldintza prekarioak, askotan esplotazioan edo heriotzan amaitzen dutenak. Azken hori Arturo Rojasi gertatu zitzaion.

Lan Ikuskaritzak begibistakoena baieztatu du, baina argitu gabe utzi ditu istripuaren inguruko inguruabarrak, laneko arriskuen ebaluazioa bete den ala ez eta horren ondoriozko enpresa-erantzukizunak. Nafarroako Gobernuarekin batera, egoera horiei amaiera emateko neurri egokiak hartu gabe jarraitzen dute.

LABek bere ekintza sindikala egiten jarraituko du, langileen eskubideak defendatzeko modurik onena dela sinetsita.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskaraz lan eta bizitzeko eskubidea aldarri Bilboko kaleetan

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok deituriko manifestazioan bildu gara gaur, euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikal antolatua arbuiatu eta, aurrerapenari trabak jarri baino,...

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien sektorean greba deitu dugu

LAB, TEKNIKARIOK, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuak gara deitzaile, eta maiatzaren 15a izango da greba eguna, sektore horretan deituko dugun lehendabizikoa, hain zuzen ere.

Garbiñe Aranburu eta Urko Aierbe: “Euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde, kalera!”

Hemen duzue Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eta Urko Aierbe Euskara idazkariaren iritzi artikulua. Bihar larunbata, maiatzaren 9an, manifestazioa deitu dugu Bilbon, "Euskaraz bizitzeko eta...