2024-04-28
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaGainontzeko sindikatuek gure kontra egin dute Iruñeko kale garbiketaz arduratzen den FCC...

Gainontzeko sindikatuek gure kontra egin dute Iruñeko kale garbiketaz arduratzen den FCC enpresan

LAB sindikatuak salatu nahi du UGT, ATSU eta CCOO sindikatuek beren indarrak batu dituztela eta sindikatu honen ordezkarien aurkako blokea osatu dutela, eta LABeko ordezkariak errebokatu dituztela Enpresa Batzordeko idazkari eta lan-osasuneko ordezkari postuetatik. Azken ekintza horrek, borroka bateratua suntsitzea erabaki zutenetik izan duten jarrerarekin bat etortzen dena, agerian utzi du, berriz ere, hiru sindikatu horiek enpresaren interesak defendatzeari ematen dioten lehentasuna, langileen eskubideen gainetik.

32 urtean lehen aldiz, 2021eko abenduan, FCC enpresako Iruñeko kale garbitzaileek lehenbiziko lanuzteak egin zituzten eskaera zehatz batzuk erreibindikatzeko: hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea, KPIaren soldata-igoera, garbiketa-zerbitzuaren igoera, astelehenetik ortziralera bitarteko lanaldiarekin familia bateragarri egitea, eta kontratazio irizpide justuak ezartzea. Lanuzteen ondoren, egun osoko greba egin zuten (langileen % 95ek egin zuen).

Grebaren ondotik, langileen jarraipen handia ikusita, Enpresa Batzordeak erabaki zuen borrokarekin aurrera jarraitzea eta 2022ko urte hasieran bederatzi eguneko lanuzteak egitera deitzea; sindikatu guztiek sinatu eta egin zuten mobilizazio deialdi hura.

Baina, berehala, enpresak banaka deitu zituen ordezkaritza sindikalak. LABek uko egin zion banaka joateari, enpresaren asmo garbia baitzen Enpresa Batzordearen bileretatik kanpo negoziatzea, eta batasun sindikalerako deia egin zuen; aitzitik, gainontzeko sindikatuek ez zuten hori errespetatu.

Egun batzuk lehenago greba mugagabea aldarrikatzen ibili ziren sindikatu horiek beraiek bat-batean jarrera aldatu zuten eta beren jarraitzaileak borroka geldiaraztera bultzatu zituzten, nahiz eta mahai gainean ez zegoen inolako eskaintzarik. Sindikatu horiek adierazi zuten Iruñeko Udalaren taldearekin batzartu eta gero “sentsazio onak” izan zituztela eta soldatetan %2ko igoera espero zutela, KPIren 2021eko igoeratik oso urruti.

UGTk, ATSUk eta CCOOk agindu zuten Iruñeko Udalaren erantzuna urtarrilean ailegatuko zela. Zain gaude oraindik. Nolanahi ere, LABek uste du langile hauek FCC Medio Ambiente enpresako langileak izanik, ezin zaiola konponbidea bakar-bakarrik Udalari eskatu, enpresa baita lan baldintzak ezartzen dituena.

LAB sindikatuak azpimarratu nahi du hiru sindikatu horiek bertze behin ere langileak saltzen ari direla, enpresak langileak pobretzea duen asmoan lagunduz, eta kontuan hartu gabe urte askotan lehenbiziko aldiz langileek indarrak batu zituztela beren aldarrikapen justuak lortzeko.

Hala ere, eta nahiz eta UGTk, ATSUk eta CCOOk aldarrikapen unitarioak alde batera utzi eta LAB baztertu nahi duten —bi ordezkarien baztertzeak frogatzen duen gisara—, sindikatu honek argi du plantillaren eskarien alde borrokatzen jarraituko duela, langile guztion onerako betiere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.