2026-07-29
HomeEkintza SindikalaFCCko zuzendaritzako kide batek langile bat harrapatu zuen autoarekin, abenduaren 17ko greban

FCCko zuzendaritzako kide batek langile bat harrapatu zuen autoarekin, abenduaren 17ko greban

LAB sindikatuak publikoki salatu nahi du gaur egun FCC enpresa, Iruñeko kaleak garbitzeaz arduratzen dena, oraindik ez dela harremanetan jarri enpresako zuzendari batek joan den abenduaren 17ko greban harrapatu zuen langilearekin. Langilea bajan dago ordutik.

2021eko abenduaren 17a greba-eguna izan zen Iruñean kaleak garbitzeaz arduratzen den FCC enpresan, LAB, UGT, ATSU eta CCOO sindikatuok deituta, bertzeak bertze, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzearen alde. Goizeko 5:30etik aurrera, informazio-piketeak egin ziren Lanbaben industrialdeko enpresaren nabearen aurrean. Pikete bitartean, enpresako autoarekin zihoan FCCko zuzendari batek langile bat nahita harrapatu zuen.

Harrapatu ondoren, FCCko zuzendaria autotik jaitsi zen eta langilea iraindu egin zuen: “Zure gainetik pasatu behar nukeen, alfer halakoa, ez baituzu zure bizitza puta osoan lanik egin”. Ondoren, egoera baretzen saiatzen ari zen Enpresa Batzordeko LAB sindikatuko ordezkaria bultzatu zuen zuzendariak.

Harrapatutako langilea, FCC enpresan 32 urteko antzinatasuna duena, Batzordeko ordezkariek eraman zuten larrialdietara. Zuzendariak berak behin baino gehiagotan oztopatu zuen harrapatua zeraman autoa.

Gaur egun, langilea bajan dago, hainbat lesio baititu bizkarrean, eta lesio horien ondorioz errehabilitazio luzea hasiko du. LABek salatu nahi du FCC oraindik ez dela langilearekin harremanetan jarri zer moduz dagoen jakiteko —are gehiago, historiaren bertsio faltsua ere kontatzen ari da—, eta neurri egokiak lehenbailehen hartzeko eskatu dio.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.