2026-06-17
HomeEkintza PolitikoaNafarroan enplegu publikorako sarbidean euskara puntuatzeko eskatu du berriz Arartekoak

Nafarroan enplegu publikorako sarbidean euskara puntuatzeko eskatu du berriz Arartekoak

Azaroaren 22an, Arartekoak berriz eskatu zion Nafarroako Gobernuari “Enplegu publikoa lortzeko deialdietan, eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean kokatutako lanpostuetarako baloratu dadila euskararen ezagutza, gutxienez atzerriko hizkuntzen puntuazio berarekin”.

Beste behin ere, Arartekoak Nafarroako Gobernuari adierazi dio zuzendu dezala bidegabekeria hori, alegia, atzerriko hizkuntzak administrazioko lanpostuetan sartzeko merezimendu gisa baloratzea, baina ez, ordea, euskararen ezagutza, Nafarroako bi hizkuntza ofizialetako bat izaki.

Arartekoak berriro gogorarazi dio Gobernuari euskara balioesteko araua baliogabetu zuten epaiek ez dutela inola ere eragozten “Administrazioak enplegu publikora sartzeko deialdietan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea, puntuazio proportzionatuarekin egiten denean”.

Halaber, gogorarazi du “Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta Nafarroako Kontseiluak erabakiak eman dituztela, atzerriko hizkuntzak baloratzen direnean euskara ez baloratzea zalantzan jartzen dutenak”.

Arartekoaren irizpenak erantzuna ematen dio pertsona batek aurkeztutako kexari, SOS Nafarroako Koordinazioko Operadore Laguntzaile lanpostuko 20 lanpostuko azken deialdian euskara merezimendu gisa ez baloratzeagatik. Babes Zibilari eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuari buruzko 8/2005 Foru Legeak, 112 telefonoaren bidez larrialdietarako deiak artatzeko zerbitzua arautzen duenak, ezartzen du zerbitzua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan emanen dela, baina plazen deialdia egiterakoan ez da baloratu ere egiten Nafarroako berezko bi hizkuntzetako bat jakitearen merezimendua.

LABek Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi du, Administrazioan sartzeko euskararen ezagutzaren merezimendua ez arautzeagatik. Nahita egindako estrategia bat da, euskararen aurkako erasoa, eta behingoz amaitu egin behar da. Herritarrek nahiago duten hizkuntzan artatuak izateko eskubidea urratzen ari dira. Babes Zibilaren Legea ez da betetzen, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna ez da aintzat hartzen eta entzungor egiten zaie Arartekoari, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari eta Nafarroako Kontseiluari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.