2024-05-05
HomeUncategorizedLABek enplegu publikoaren Lege Propioaren beharrizana aldarrikatu du Jaurlaritzarekin izandako bileran

LABek enplegu publikoaren Lege Propioaren beharrizana aldarrikatu du Jaurlaritzarekin izandako bileran

Gaur, irailak 11, Jaurlaritzak deituta, Enplegu Publikoaren Euskal Legearen zirriborroa aurkezteko bilera egin da. Sindikatuak zeuden deituta hitzordura eta LABek enplegu publikoaren Lege Propioaren beharrizana aldarrikatu du eta prozesuak aurrera egin dezan gutxieneko joko-arauak jarriko ditu mahai gainean. Aldarrikapen berberekin mobilizazio egin du LABek.

Enplegu publikoaren eredu berria eraikitzeko lege berria
LABek aspaldi adierazi du zerbitzu publikoetako langileon lan baldintzen eredua, garrantzi handiko arrazoirengatik ez dugula gogoko: espainiar araudiak finkatutako eredua erreproduzitzen du, pribatizazioari eta prekarietateari ateak parez pare irekitzen dizkio, langileon parte hartze, ekarpen gaitasun eta motibazioari ateak itxi, langileon arteko bereizketa sustatzen du, euskarazko funtzionamendua galarazi…

Gauzak horrela, LABek Enplegu Publikorako Lege Propioaren beharrizana aldarrikatu egiten du.

Alabaina, LABen ustez lege berri hau egiteko prozeduran, gutxieneko joko-arau batzuk bermatu behar dira:
• Legearen zehaztapena bertoko eragile sindikal eta instituzionalon arteko gogoeta eta adostasunen ondorioa izatea, bestelako lege-esparru batzuetako mugapenik gabe, “EBEP – Estatuto Básico del Empleado Público” delako oinarrizko lege estatalak ezartzen dituen mugak aintzat hartu gabe.
• Zerbitzu publikoetako langileon lan baldintzak alde bakarrez ezartzeko Administrazioak duen botereari bukaera ematea, alegia, negoziatzeko eskubideari ateak parez pare irekitzea.

LABek hauxe planteatu dio Jaurlaritzari lehen bilera honetan: eztabaidaren joko arauak gutxieneko horiek barnebiltzen dituen, ala beraien asmoa EAEn EBEParen garapena egitea den.

LABentzat galdera hau argitzea oso garrantzitsua da, batetik legearen negoziazioa gutxieneko baldintza demokratikoetan egin ahal izateko, eta bestetik, LABek defendatzen duen enplegu publikoaren bestelako eredua eraikitzeko oinarrizkoa delako. Azken batean, negoziazio ariketa gure ezaugarri eta gogoeta propioetatik abiatuta egin, ala EBEPak ezartzen duen mugetatik abiatuta egin, emaitzak oso ezberdinak izan ahal baitira.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.