2026-06-20
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakNafarroako gobernuaren proposamen fiskala UPNren estrategia elektoralista hutsa da

Nafarroako gobernuaren proposamen fiskala UPNren estrategia elektoralista hutsa da

UPNren Nafarroako Foru Gobernuak iruzurrarekin aurrera jarraitu eta erreforma fiskalerako bere proposamena Nafarroako Parlamentura eramatea erabaki du: errentarik altuenei, kapitalaren errendimenduei, ondare handiei eta irabazi enpresarialei karga fiskala jaisteko neurri sorta da sustatutakoa.

Yolanda Barcinaren Gobernuak ez du inolako borondaterik bere zerga ereduaren norabidea aldatzeko. Kontrakoa, ahalegin fiskalen banaketa are bidegabeagoa ahalbidetzen du neurriokin, bere politika fiskalaren orientazio erregresiboan sakatuz. 

Zentzu honetan, azpimarratzekoa da egun lanaren errentek kapitalaren errenten eta irabaziak dituzten enpresen aldean hiru aldiz zerga zuzen gehiago ordaintzen dituztela, nahiz eta soldatei loturiko ordainsariek BPGaren %42 ordezkatu, enpresen eszedenteek ordezkatzen dutena 48,8ekoa den bitartean. 

Bestalde, entzun ditugu foru exekutiboko zenbait arduradun behin eta berriro errepikatzen “nafarrak ez daitezela egon Estatuko gainerakoak baino baldintza txarragoetan”. Alabaina, gogoratu behar dugu Nafarroako presio fiskala Estatuko murritzena dela eta Europar Batasunean baxuenetarikoa ere bai.

Gainera, atzokoan Gobernuak onartutako erreforma proposamenak, Parlamentuaren oniritzia jasotzen badu, 71 milioi euro inguruko beherakada ekarriko luke zerga-bilketan. Alegia, 71 milioi euro gutxiago oinarrizko zerbitzuetan, hezkuntza eta osasungintza kasu, 71 milioi euro gutxiago suspertze ekonomikoko politiketarako, lana sortzeko edota pobrezia eta ezberdintasun sozialei aurre egiteko… Zaila izango da nafarrei sinestaraztea hori onuragarria izango denik bizi dugun egoerarentzat, edota krisia sortu duten arrazoiak konponduko dituenik. 

Badirudi erreforma proiektuak oposizioko taldeen gehiengoaren kontrakotasuna jasoko duela. Bien bitartean, espero dugu inor ez dela engainatzen utziko “beherapen fiskalaren” leloarekin, usain elektoralista duen lurrina baita hori, porrotera kondenatua, eta Nafarroako gehiengo sozialarentzat inolako onurarik ez duena.  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.