2026-08-01
HomeEkintza SindikalaEAEko gizarte zerbitzuen sektorean greba egingo dugu urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an,...

EAEko gizarte zerbitzuen sektorean greba egingo dugu urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an, zaintza lanen defentsan eta aitortzan

Zaintza lanak aitortu egin behar direla aldarrikatzeko mobilizatu egin gara Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Hain zuzen ere, zerbitzu sozial publiko bat eskatu dugu, kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa, eta hau lortzeko bidean egingo ditugun ekimen eta mobilizazioen berri eman dugu elkarretaratzean. Zentzu honetan, EAEko gizarte zerbitzuen sektorean greba egingo dugu urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an, eta deialdi hauen erregistroa egin ostean gauzatu dugu protesta.

LAB sindikatua aspalditik dago salatzen gizarte-zerbitzuen egoera: sarbide mugatuko sistema bat dela, koordainketa duena, erantzukizun publikokoa, baina nagusiki kudeaketa pribatukoa, non zerbitzuen kalitateari onurak gailentzen zaizkion, langileen baldintza eskasak oinarri. Plantilla nahikorik ez izatea dakar horrek, baita prebentzio-neurri egokirik eta konpentsazio nahikorik ez izatea ere.

Pandemiak bi gai utzi ditu agerian: alde batetik, gizarte-zerbitzuek bizitza mantentzeko duten garrantzia, eta, beraz, langile guztiek egiten duten funtsezko zaintza-funtzioa; bestalde, zainketen funtzioa eta gizarte-zerbitzuen eta zaintza-zerbitzuen sistemaren ahuleziak ez direla aintzat hartzen, gutxi batzuen negozioa baitute oinarri, erabiltzaileen osasunaren eta langileen baldintza txarren kontura.

Administrazioak badaki gizarte-zerbitzuen multzoak, erabiltzaileen bizi-baldintzek eta langileen lan-baldintzek etengabe okerrera egin dutela. Langileen eta erabiltzaileen salaketa etengabea da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udal-erakundeen aldeko apustua irmoa ere kudeaketa pribatuko eta erregulazio egokirik gabeko gizarte-zerbitzuen eredu bat defendatzeko. Eredu horrek ez du zaintzen, alde batera uzten du zaintza.

Pandemiak eta pertsonen osasunean eta bizitzan dituen ondorioek zaintza-eredu berri bat eraikitzeko beharra berresten dute, oinarri eta irizpide bakar gisa zaintzak behar dituzten pertsonak zein zaintza horiek ematen dituzten pertsonak izanik haien funtsezko ardatza, euskal sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta kudeaketa zuzeneko bat sortuz.

Testuinguru horrek inflexio-puntua izan behar du langileek eta erabiltzaileek beste gizarte eta zaintza zerbitzuen eredu bateranzko bidea egiteko. Hori horrela, dei egiten diegu gizarte-zerbitzuetako langile guztiei bi greba eta mobilizazio egun egin ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoan urtarrilaren 26rako eta martxoaren 4rako. Era berean, gizarte-zerbitzuen arloan diharduten gizarte-eragile guztiei mobilizazioetan parte har dezaten gonbitea luzatzen diegu, eta era bateratuan erakundeei honako neurri hauek hartzeko eska ditzaten:

• Gizarte-zerbitzu guztiak publifikatu behar dira, langile guztiak subrogatuz.

• Kalitatezko zerbitzua bermatu behar zaie behar duten pertsona guztiei, gizarte-zerbitzuen sistemarako sarbidea erraztuz eta bultzatuz; erabiltzaileek zerbitzu gisa jasotzeko eskubidea duten prestazio guztiak bermatzea; zerbitzuen intentsitatea eta erabiltzaile bakoitzari arreta emateko denbora nabarmen handitzea; autonomia pertsonala sustatu behar da asistentzialismoaren aurrean, bai eta komunitatearekiko harremanak eta pertsona guztien jendarteratzea ere.

• Erabiltzaileen eta langileen informazioa eta parte-hartzea indartu behar da gizarte-zerbitzuen konfigurazioan, maila guztietan.

• Nabarmen hobetu behar dira langileen lan-baldintzak, eta merezi duen bezala konpentsatu behar da nagusiki feminizatuta dagoen sektore batek betetzen duen funtsezko eginkizuna. Langileen kopurua handitu behar da, aurrez aurre eta kategorien arabera. Langileen osasuna babestu behar da, arriskuak behar bezala ebaluatuz eta horretarako beharrezkoak diren prebentzio-neurriak hartuz.

• Gizarte-zerbitzuen multzoa arautu behar da, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna betez, dagozkion dekretuak eginez eta onartuz, erabiltzaileen eta langileen parte-hartzearekin.

• Behar besteko aurrekontu-hornidura bermatu behar da, gizarte-zerbitzuen eta zaintza-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko; kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa, alegia.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.