2026-06-18
HomeFederazioakIndustriaNahitaezkotzat jotzen dugu enpresen deslokalizazioa eragotziko duen Nafarroako lege bat, eta tramitatzen...

Nahitaezkotzat jotzen dugu enpresen deslokalizazioa eragotziko duen Nafarroako lege bat, eta tramitatzen ari den proposamena edukiz husten ez dutela zainduko dugu

LAB sindikatuak ontzat jo du Nafarroako Parlamentuak atzo tramitera onartu izana enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko foru lege baten EH Bilduren proposamena. Hala ere, erne egonen da, ezein taldek proposamen hori desegin ez dezan, eta, gainera, horretan gehiago sakontzeko lan eginen du.

Azken hilabeteotan LABek behin eta berriz erran duen gisara, egoera zail honetan, sindikatu hau ez dago prest sistema zaharra berreraikitzen parte hartzeko, egun batetik bertzera milaka lanpostu suntsitzen ditueneredu sozioekonomiko kapitalista, batez ere emakumeak, gazteak eta etorkinak langabeziara bidaltzen dituena, eta egoera erabat ahulean uzten dituena.

LAB sindikatuaren ustez gakoa aukera aprobetxatzea da, gure etorkizuna eraikitzeko erabili nahi dugun bideari ematen dizkiogun oinarriak eta helbidea finkatzea, protagonista gizartearen gehiengoak izan behar duen bidea. Norabide horretan kokatzen du LABek enpresa deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko ekimena, EH Bilduk aurkeztua eta Nafarroako Parlamentuko gehiengoak tramitera onartua (PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerra-Ezkerrak). Ekonomia eta haren politikak berrantolatzeko garaia da, Nafarroako gizartearen beharrei erantzuteko, langileen beharrei erantzuteko, eta ez beren mozkinak ehunka familiaren etorkizunaren aitzinetik paratzen dituzten eskrupulurik gabeko enpresaburu lukurreruen interesei erantzuteko. Horren adibide garbia da Siemens-Gamesarekin eta Nafarroako beste enpresa batzuekin gertatutakoa.

LABek beti bezala eginen du lan langile-klasearen interesak defendatzeko, Nafarroako Kontratu Publikoen Legearekin egin zuen modu berean. Gainera, ahal duen guztia eginen du eskuin muturrari eragozteko —horixe baita Navarra Sumaren asmoa, atzo Pérez-Nievas ahoberoak iragarri zuen bezala— ekimen hori indargabetu dezan. Deslokalizazioaren aurkako legea edukiz hustu nahi dute betikoen pribilegioak eta egiteko moduak betikotzeko, ezer gutxi ordaintzeaz gain ordaintzaile txarrak ere direnenak, diru publikoa jaso bai baina ehunka langile kaleratzeko batere arazorik ez dutenenak.

Halako lege bat nahitaezkoa da Nafarroako langileen aberastasuna hemen, Nafarroan, gelditzeko. Edo bertzela erranda, lege bat eragozteko enpresek aberastasuna hemen metatzea baina gero hemengo lanpostuak suntzitsea, lege bat eragozteko enpresa horiek aberastasun hori eskulan merkeagoa eta lan baldintza eskasagoak dituzten herrialdeetara eramatea.

LABek lege proposamen honetan sakontzea du helburu, garrantzi handiagoa emateko, azpikontratatutako langileak kontuan har ditzan (batez ere enpresa nagusia deslokalizatzearen ondorioz beren lana suntsituta ikusten duten emakumeak), eta legea benetan eta eraginkortasunez betetzen dela ziurtatzeko kontrol, jarraipen eta ebaluazio mekanismoak ezar daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.