2026-06-20
Blog

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa ekiditeko formulak baztertu dituzte negoziazioa blokeatuz, beste behin ere.

Gaur bildu da berriz Udalhitz berria negoziatzeko mahaia, aurreko ostiralean EAJ eta PSEk mahaia zerbitzu publikoen kudeaketaren gaiarekin zein euskararekin blokeatu ondoren. Gehiengo sindikalak babesten ez genituen proposamenak inposatu nahi zizkigutelako mahaitik altxatu ginen orduan.

Aurreko astean gertaturikoa oso larritzat jo genuen, eta mahaian adierazi genien, batetik, adar jotze bat zela hori; eta bestetik, Udalhitz berria negoziatzeko bi gai horiek desblokeatu zitzatela zein negoziatzen jarraitzeko egutegi bat aurkeztu zezatela.

Zerbitzu publikoen kudeaketaren gaian mahaian bertan agertu dira alderdien arteko desadostasunak eta gaiak blokeatuta jarraitu du. Bezperan usteko adostasun zabal batetara heldu ziren EH Bilduren proposamenaren gainean, baina gaur PSEek eta Independienteek atzera egin dute. Horrela, merkantilizazioa ekiditeko formulak adostu gabe jarraitzen dugu.

Euskararen gaian ere blokeoak eta inposaketak jarraitu du. EAJk, PSEk eta Independienteek negoziazio eremua baldintzatu nahi dute. Parlamentuaren eztabaida aitzakiatzat hartuta lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausula konkretuak negoziatzeari eta adosteari uko egin diote beste behin ere. LABetik adierazi diegu parlamentuan erabakiko dena eta Udalhitzen adostu dezakeguna uztargarriak direla, beste hainbat sektoreetako lan-hitzarmenetan hizkuntza eskakizunei buruzko erabakiak adostu baitira lehenago ere. Hori horrela, EH Bilduren proposamenaren aurrean abstenitu daitezela eskatu die LABek eta haien proposamena atzera botatzeko, langileon ordezkaritzaren gehiengoa, %83tik gorakoa, osatzen dugunon iritzia errespetatu dadin.

Hala ere, EAJ, PSE eta Independienteak ez dira EH Bilduren proposamenean abstenitu eta haien proposamena mahaitik erretiratu gabe jarraitu dute, Udalhitzeko mahaia erabat blokeatuz. Izan ere, puntu horretan aurrera egin ezean LABek adierazi du, bere aldetik behintzat, ez dela Udalhitz berrirako adostasunik egongo eta udalez udal borrokatuko dituela klausula hori jasoko duten neurriak.

Gainerako gaien inguruan, berriz, ez da aurrerapenik egon. Euskararen gaiaren zein zerbitzu publikoen kudeaketaren blokeoa baliatu eta negoziazioa baldintzatzen jarraitu baitute EAJ, PSE eta Independienteek. Aurreakordio hori lortzeko, beraz, oraindik orain hauek dira LABentzat ezinbestekoak diren edukiak:

• Indarraldia: 6 urteko indarraldia oso luzea da eta murriztu behar da, neurri gehienak oso berandu aplikatzea ekarriko baitu horrek.

• Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak egitea bertako langileak subrogatuz (EH Bilduren proposamenarekin bat eginez).

• Enpleguari lotuta: langileen arteko mugikortasuna ahalbidetzea eta lanaldi partzialek %10 ez gainditzea (lehentasunez sektore feminizatuetakoak %100ean osagarrituz). Horrekin batera hautaketa prozesu propioak eta mankomunatuak egitea hauek ordezkari sindikalekin adostuz.

• Gazteberritze planak eta aurrez erretiratzeko neurriak zehaztea, langileei lanera ez joateko askoz denbora gehiago emanez.

• Soldatak berreskuratzeko zorra onartzea eta erosahalmena bermatzeko igoerak egiteko tresna ezberdinak adostea. Horien artean karrera profesionala objektiboa eta langile guztiei aplikatzekoa eta ezartzekoa izan dadila.

• Klausula bat ezartzea azpikontrataturiko langilerik ez dadin egon 1.500 €ren azpitik.

• Euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea (EH Bilduren proposamenarekin bat eginez).

Inflexio puntu baten aurrean gaude eta orain da adostasunetara iristeko momentua; Udalhitzen lan-hitzarmen berria lortzeko zein Udalhitzetik kanpo dauden udalen negoziazioetan eragiteko unea da. LABek udako etenaren aurretik negoziazioan aurrera egiteko lanean jarraituko du, maiatzaren 14ko eta ekainaren 4ko grebetan langileek erakutsitako indarra baliatuz eta grebetan atera diren langileen aldarrikapenak mahaian borrokatuz.

Gainera, LABek adierazten du beharrezkoa balitz mobilizazio berriekin zein greba dinamikarekin jarraitzea ez duela inondik inora baztertzen. Alderdiek egiten dituzten mugimenduen eta mahaira ekarriko dituzten edukien araberakoa izango da hori.

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileak ez ordezkatzeak arrisku larrian jartzen du haurren eta langile guztien ongizatea. Garbiketako eta sukaldeko langileak funtsezko zutabe dira 0-3 urtekoen zikloan. Haien lanak zuzenean eragiten du haurren osasunean, segurtasunean, garapen kognitiboan eta ongizate emozionalean, eta arlo horiek guztiak kaltetzen ari dira kudeaketa eskas horren ondorioz.

Zerbitzu orokorretako langileak ezinbesteko babesa dira infekzioei aurre egiteko. Haien lanak eragin zuzena du arlo hauetan:

  1. Osasuna eta prebentzioa: Etengabe desinfektatzen dituzte haurren aldalekuak, katuka ibiltzeko guneak, jolasguneak, bainuak eta erabiltzen diren gainerako espazio guztiak, birusen eta bakterioen hedapena murriztuz.

  2. Bigarren mailako atxikimendu-figurak dira: Haurrek egunero ikusten dituzte langile horiek. Tratu adeitsua izateak segurtasuna eta konfiantza ematen die haurrei zentroan.

  3. Hezkuntza-laguntza: Ingurunea ordenatua mantentzen dutenez, haurren kontzentrazioa errazten dute eta istripuak saihesten dituzte. Espazio garbi, argitsu eta usain onekoa izateak lasaitasuna sortzen du, eta horrek ikasgelako estres- eta negar-maila murrizten du.

  4. Protokolo seguruak: Produktu ez-toxiko espezifikoak erabiltzen dituzte, higienizazio sakona bermatzen dutenak haurren arnasketa edo larruazalaren osasuna arriskuan jarri gabe.

Horregatik guztiagatik, LABek exijitzen du beharra sortu eta berehala ordeztu ditzatela haur eskoletan lan egiten duten zerbitzu orokorretako langileak, 0- 3 zikloko haurren segurtasuna bermatzeko. EZIN DA BIHARKO UTZI HAUR ESKOLETAKO GELEN ETA GAINERAKO GUNEEN GARBIKETA!

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.

Behargin hauek urtebete baino gehiago daramate mobilizatzen eta bederatzi greba aste egin dituzte jada enpresari, FCC multinazionalari, negoziatzera eser dadin eskatzeko; hori baino ez, eser dadila. Hitzarmen sektorialaren gainetik lan baldintzak hobetzea dute helburu. Enpresak ez dauka inolako asmorik negoziatzeko, baina langileek bidea hasi dute eta argi daukate borrokatzen jarraituko dutela negoziazioa egon dadin.

Grebalariek salatu dute Bilboko Udala ere ez dala ari bere ardura hartzen eta, horrenbestez, udaletxearen aurrean mobilizazio zaratatsua egin dute. Udalak hainbat zerbitzu ditu azpikontratuta, garbiketa tarteko, baina azpikontratazioak ezin du eragin udal zerbitzuetaz ahaztea. Udalak bermatu behar du, noski, zerbitzu egokia ematen dela, baina bermatu behar du, baita ere, langileak lan baldintza duinetan daudela eta pleguak errespetatzen direla, eta gatazka bat dagoenean, bere ardura da konponbide bat bilatzea.

Baina hori egin beharrean, Bilboko Udalak bere polizia bidaltzen du langile grebalariak identifikatzera eta isunak jartzera. Azken asteetan jarrera aldaketa nabarmena izan da, baina langileek eskatzen dutena zera da: ABURTO! ARDURA HARTU ETA GATAZKA KONPONTZEKO TRESNAK JARRI!

Bederatzi aste hauetan eskola, udaltegi, haurreskola eta beste udal eraikinetan grebak eragin nabarmena izan du eguneroko funtzionamenduan, eta asko izan dira haien elkartasuna helarazi duten herritarrak. Hainbat norbanako eta elkartek salaketak jarri dituzue zikinkeria salatzen eta gatazka konpontzea eskatzen. Hori dela eta, langileek esker ona adierazi diete herritar guzti horiei.

Aste honetan, bide luze bateri etenaldia emango diote, udan deskantsatu eta indarrak hartuko baitituzte, hurrengo ikasturtean oraindik eta indartsuago eta gogotsuago itzultzeko: “GUK ARGI DAUKAGU, IRABAZTERA ETORRI GARA ETA IRABAZIKO DUGU! Irailean gure berri izango duzue, adi egon!”

Ikuskizunetako teknikarien sektoreko langileek greba egun gehiago iragarri dituzte


Patronala mugitzen ez dela eta, lanuzteei berrekingo diegu hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok.

Pasa den maiatzaren 15eko greba-egunean ikuskizunetako eta ekitaldietako sektoreko langile klasearen batasun eta indar erakustaldia nabarmena izan zen. Beraz, ukaezina da lehenbiziko greba-egun horren arrakasta. Ordea, hitzarmena negoziatzen dugun sindikatuok berriro agertzeko beharra ikusi dugu. Izan ere, patronalaren jarrerak bere horretan dirau. Immobilismo horri aurre egiteko, mobilizazio eta greba-egun gehiago egingo ditugula jakinarazten dugu.

Hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren baitan patronalak eragindako itopuntua salatzen dugu. Ez dugu onartuko ez gure eskubideak urratzen jarraitzea, ez eta jasaten dugun ezegonkortasuna betikotzea ere.

Egoera berri honetara iritsi aurretik, sindikatuok erakutsi dugu —beste behin ere—elkarrizketarako prest gaudela. Korapiloak askatzen saiatu gara, punturik garrantzitsuena azpimarratu baitugu. Horixe izan da, hain zuzen ere, negoziazioen hausturaren benetako eragilea: malgutasuna eta lan-egutegietan aurreabisu duinik ez edukitzea.

Hala eta guztiz ere, EUKI patronalaren jarrerak gure susmo guztiak berretsi ditu: ez dute egiazki negoziatzeko inolako borondaterik. Errealitatearekin erabat deslotuta dago patronala:

  • Nabarmena dena ukatzen du:Lotsarik gabe dio sektore hau ez dagoela prekarizatua.
  • Kea saltzen du:faltsukeria diren “Kontziliaziorako banakako akordioetan” ezkutatuz. Oso ondo dakigu hori ez datorrela bat langileen egunerokotasunarekin, eta babesik gabe uzten ditu enpresen arbitrariotasunaren aurrean.
  • Errespetu faltak egiten ditu: Hitz egiteko prest dagoela dio, baina lan-egutegiari eta aurreabisuei buruzko eztabaidari betoa jarri dio. Haren “eskaintza” da, oraindik ere, proposamen onartezinari eustea: “antolaketa-aniztasuna” aitzakiatzat hartuta, langileek aurretiazko 5 eguneko tartearekin, erabat eskuragarri egotea.

Patronalarekin akordiora iristea oso lan zaila bihurtzen ari da. Argi utzi nahi dugu benetako borondaterik eta aurrerapen nabaririk ez dagoen bitartean, mobilizazioekin jarraituko dugula.

Horregatik guztiagatik, greba eta mobilizazioen egutegi hau iragarri nahi dugu:

Uztaila: BBK LIVE jaialdiarekin bat (data zehazteke)

Abuztua:Hurrengo jaiekin lotutako hiru data (egun zehatzak zehazteke):

  • Gasteizko jaiak
  • Donostiako Aste Nagusia
  • Bilboko Aste Nagusia

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako gaixotasun eta heriotzen segida etengabea dela salatu dute bere lankideek. “Gaixotasunak garatzeko behar duten denbora eta amiantoarekin lan egin den urteak kontuan hartuta, mineral hiltzaile horretatik eratorritako gaixotasunen epidemiaren zenitera heltzen ari gara”, adierazi dute.

CEMOSAko eta GRUPO CEMOSAko langile batzordearen oharra

AMIANTOA, HILTZAILE ISILA

Joan den maiatzaren 9an hil zen gure lankide Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAn lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Amiantoarekiko esposizioak eragindako gaixotasun eta heriotzen segida etengabea da. Gaixotasunak garatzeko behar duten denbora eta amiantoarekin lan egin den urteak kontuan hartuta, mineral hiltzaile horretatik eratorritako gaixotasunen epidemiaren zenitera heltzen ari gara.

Aspalditik jakina da zuntz honen arriskua (lehen asbestosi kasua 1906an diagnostikatu zen). 1973an, Osasunaren Mundu Erakundeak amiantoaren eta biriketako minbiziaren eta mesoteliomaren arteko harremana onartu zuen, eta 1978an, Europako Parlamentuak kantzerigeno gisa izendatu zuen. Hala eta guztiz ere, enpresek irabaziak hobetsi zituzten material hori erabiliz, langileon etorkizuna ziurgabetasunera, gaixotasunera eta heriotzara kondenatu zutelarik.

Biktimek, osasunarekin ez ezik, administrazio eta enpresen utzikeria ere ordaindu behar izan dute. Izan ere, gaixo egoteaz gain, kalteen laneko jatorria ezkutatzen edo kamuflatzen saiatzen dira, edo erantzukizuna lausotzen saiatzen dira, langileak non gaixotu diren zalantzan jarriz, edo erretzen zuela esanez, edo genetikoa dela…

Zoritxarrez, ez digute kaltea aitortuko borroka judizialik gabe. Berdin dio amiantoa kantzerigeno bat dela eta arnastutako edozein zuntz kantitatek etorkizunean patologia desberdinak gara ditzakeela jakiteak.

Produktu hori erabiltzean irabaziak izan zituzten enpresek, kantzerigenoa zela bazekitenean. Orain, aldiz, uko egiten diote dagokien erantzukizuna beren gain hartzeari.

Juanek Amiantorekin lan egin zuen CEMOSAn, eta hil egin da enpresen mozkinei lehentasuna eman zaielako. Ez zuen erretzen, eta kasu honetan berdin dio gainera, mesotelioma amiantoak soilik eragindako minbizia baita.

Bizitza laburtu diote, eta ezin zaie doan atera; horregatik, CEMOSAko zuzendaritzari eskatu behar diogu laneko osasunari eta esposizioari eragindako kalteak aitortzea, eta faimiliak auzibide luzera jo beharrik izan ez dezan. Baina ez kasu honetan bakarrik, baita etor daitezkeen kasu guztietan ere. Ezin ditugu familiak ibilbide judizial amaiezinetara kondenatu. Enpresak eragindako kaltearen ardura har dezan eta konpentsazioa bere gain har dezan exijitzen dugu. Gainera, berriro eskatzen dugu esposizioan egon diren aktiboan dauden langileei edo erretiratuei dagozkien azterketa medikoak egitea.

Talde mailan ere esperientziak irakatsi diguna aintzat hartu behar dugu: ezin dugu geure gain hartu gaixotzen eta hiltzen gaituzten materialekin lan egitea.

Horregatik, ezin dugu ahaztu. Juanenegatik nahiz orain Damoklesen ezpata bat gainean duten eta haien bizimodua aurrera ateratzeko lan egin zuten guztiengatik.

Arazo hau serioski hartzeko ordua da, eta CEMOSAk ezin du geldirik egon gaixotasunaren eta heriotzaren aurrean. Enpresak gaia lehen lerroan jarri behar du, iraganeko esposizioen ondorioak arintzeko eta horietan duen erantzukizuna konpentsatzeko. Hori da bidea, osasuna eta bizitza defendatzeko bide bakarra.

Bukatzeko, Euskal Herrian azken egunetan, hiru lan istripuen ondorioz, bi hildako eta sei zauritu egon dira, horietatik bi larriak. Gure babes eta elkartasun guztia bidaltzen diegu zaurituei eta hildakoen senide eta lankideei.

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko.

Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen ari da, eta helburu bakarra du honek: langileen artean beldurra zabaltzea, beren eskubideak baliarazi nahi dituzten pertsonak jomugan jarriz. Egoera onartezina bihurtu da; izan ere, kudeaketan dagoen kaosa eta zuzendaritzaren eguneroko utzikeria zuzenean eragiten ari da langileen oinarrizko eskubideetan.

Hori dela eta, langileek nahikoa dela esan dute, eta horren adibide da greba jarraipen masiboa izaten ari dela, eta ekoizpena egun osoan geldiaraztea lortu duela. Hemendik aurrera enpresak bere jarrerari eusten badio eta egungo egoeran aldaketarik ez badago, enpresa batzordeak ez du baztertzen borroka sindikalaren bidez dinamika gogortzea.

“Gure hitzak entzuten ez badituzte, grebarekin entzungo gaituzte. Borroka da bide bakarra!”, adierazi dute enpresa batzordetik.

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen “azterketa” egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.

48/2020 Foru Dekretuak ezartzen du administrazioak finantzatuko dituela oinarrizko gizarte-zerbitzuetako langileen soldatak, Nafarroako Gobernuko plantillakoen parekoak izan daitezen. Soldata osatuko da toki entitate bakoitzak egiten duen diru-ekarpenarekin. Horrela, administrariek, gizarte-langileek, gizarte-hezitzaileek eta zerbitzu horietako gainerako kolektiboek Nafarroako Gobernuko langileek duten finantzaketa bera jasoko dute Administrazioaren aldetik.

Alabaina, foru administrazioan ez dago familia-langilerik, eta, D mailako langileak direnez, haien finantzaketa etxezainekin edo zerbitzu orokorretako langileekin parekatu dute. Kontua da langile horiek ez dutela titulazio espezifikorik behar, DBHko graduatu-tituluaz edo baliokideaz gainera. Baina familia-langileek bai. Horregatik, haien soldatak erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien edo zaintzaileen soldatekin parekatu beharko lirateke. Gauzak horrela, gaur egun, Eskubide Sozialetako Departamentuaren azpifinantzaketa hori dela eta, Nafarroako Gobernuko erreferentziazko langileek baino % 10 gutxiago jasotzen ari dira lanpostuko osagarriaren kontzeptua dela-eta.

Duela urtebete, LABetik aipatu departamentuari eskatu genion konparaziozko bidegabekeria horren zergatia azaldu zezan eta ahalik eta azkarren zuzendu zezan. Erantzunik gabe geratu ginen. Hori ikusita, abenduan Arartekoarengana jo genuen, eta orduan bakarrik erantzun zigun departamentuak. Martxoan erantzun zigun, eta zera iragarri zigun: “langile horien kostuak kalkulatzeko erabilitako metodologiari buruzko azterketa bat egingo da, aldatu beharko balitz ere”. Bada, hiru hilabete igaro dira erantzun hartatik, eta oraindik ez dugu azterketa horri buruzko inolako berririk, are gutxiago aldaketaren berririk.

LABen tokiko autonomia errespetatzen dugu, noski, baina buru-belarri borrokatzen gara konparaziozko bidegabekeria guztien aurka. Horregatik, uste dugu lanpostu bereko langileek soldata bera jaso beharko luketela, edozein dela ere lan egiten duten administrazioa. Gainera, kasu batzuk beste batzuk baino larriagoak dira, eta honako hau ezin larriagoa da; izan ere, ukitutako langileak zainketen eremukoak dira, eta hasiera-hasieratik gutxietsita daude, langile gehienak emakumeak direlako, haien oinarrizko soldata LGStik behera dagoelako, lanaldi partzialak dituztelako eta sektore horretan behin-behinekotasun handia dagoelako.

Horregatik, LABen, eskura ditugun toki guztietan borrokan jarraituko dugu langile guztiek baldintza duinak izan ditzaten; bereziki, behartsuenek eta diskriminatuenik daudenek. Eta ildo horretan doazen ekarpenak egiten eta lantzen jarraituko dugu, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutu berriaren negoziazio prozesuan egin genuen bezala, non proposatu baikenuen, besteak beste, toki entitateen negoziazio mahai bat eratzea honelako gaiak jorratzeko.

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Goizeko mobilizazioan 600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Lantoki eta Zerbitzu gehienetan lanuzteak eragina izan du.

Deialdiaren arrazoi nagusia izan da BFAren Akordioa/Hitzarmena 2019tik dagoela blokeatuta, eta BFAk borondate gutxi erakutsi duela akordio berri batean aurrera egiteko. Era berean, Telelaneko Planaren inposaketa salatu dute, zeina langileek eta sindikatuek errefuxatu egin zuten, eta, hala ere, EAJren eta PSEren BFAren Gobernu Kontseiluak inposatu duen, Elixabete Etxanobe buru zela.

LABen arrakastatsutzat jo ditugu lanuztea eta azken asteetan egindako mobilizazioak. Argi utzi dugu, Bizkaiko Foru Aldundiaren negoziazio falta eta inposizioaren aurrean, langileak ez direla besoak gurutzatuta geratuko. Gaur mezu argia bidali diogu Bizkaiko Foru Aldundiari, eta espero dezagun negoziazio-mahaian duen jarrera aldatzeko balio izatea.

LABentzat, akordioa/hitzarmena baliagarria izan behar da honako gai hauetan aurrera egiteko: enplegu publikoa sortzea eta BFAren zerbitzu publikoak indartzea, pribatizazioak geldiaraztea eta kanpora ateratako egiturazko zerbitzuak publifikatzea, urteko lanaldia murriztea eta egutegian hobekuntzak egitea, BFAk aplikatzen duen euskararen aurkako oldarraldiari aurre egitea, langile finkoen eta aldi baterakoen arteko ezberdintasunak ezabatzea, kontziliazioan hobekuntzak egitea, politika feministetan aurrera egitea, langileen erosteko ahalmena berreskuratzea, behar duten lanbideentzako bigarren jarduera, Foru Sektore Publikoko enplegura sarbidea, benetako Telelanaren Plan bat…

Hala, BFAri jarrera negoziatzailea eta borondatea eskatzen diogu goian adierazitako ildoetan aurrera egiteko; bestela, negoziazioaren, enpleguaren eta kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko mobilizazioekin jarraituko dugu.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu.

Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan elikagaien merkataritzako hainbat establezimenduren aurrean, Madrilen Elikagaien Merkataritzarako Espainiako Estatuko Esparru Akordioa negoziatzeko mahaia eratu izana salatzeko. LAB eta ELAren ustez, ekimen horrek bertako negoziazio kolektiboaren aurkako erasoa dakar, baita Euskal Herrian lortutako lan baldintzen aurkakoa ere.

Negoziazio mahaia ASEDAS patronalak sustatu du, sektoreko banaketa kate handiekin batera, hala nola Uvesco, Lidl, Dia, Mercadona edo Coviran enpresekin. LABek eta ELAk salatu dugunez, akordio horren helburua da lan harremanak Espainiako Estatu mailan zentralizatzea , lurraldeko eta probintzietako hitzarmenen edukia hustuz eta Hego Euskal Herriko hitzarmenetan jasotako soldata eta lan baldintzak okertzeko arriskua ekarriz.

Egoera horren aurrean, bi sindikatuok bertako hitzarmenen blindajea, Euskal Herriko gehiengo sindikalaren errespetua eta lurralde esparruko negoziazio ahalmena aldarrikatu ditugu. Halaber, lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko beharra eta negoziatzeko eskubidea defendatu ditugu.