2026-08-24
HomeEkintza SindikalaZubietako erraustegiko langileak mobilizatu egin dira lan osasuna berma dadila eskatu eta...

Zubietako erraustegiko langileak mobilizatu egin dira lan osasuna berma dadila eskatu eta beren lanari egokituriko ituna exijitzeko

Zubietako erraustegiko langileek mobilizazioa egin dute eguerdian lantokiaren aurrean, joan den astean gertaturikoa salatu eta lan osasuna bermatuta egon dadila exijitzeko. Bederatzi lagun artatu behar izan zituzten osasun langileek plantan sutea piztu ostean eta beharrezko neurriak hartu ez izanaren ondorioz.

Langileek urtebete pasatxo daramate lanuzteak eta mobilizazioak egiten enpresa paktu bat lortzeko; izan ere, egun kale garbitzaileen hitzarmena aplikatzen zaie, eta langileek uste dute beren lanak dituen berezitasunak aintzat hartuko dituen akordio bat beharrezkoa dela. Orain arte, baina, jaramonik ez diete egin.

“Toxikotasun handiko planta da, eta horren ondorioz lan ikuskaritzan lau salaketa sartu ditugu. Ateak ixten dituzte eta barruan sortzen den kea toxikoa dela ohartarazi dugu”, azadu du LABeko delegatu Gotzon Intxaurrandietak.

Eskaera ekonomiko batzuk ere egin izan dituzte langileek, baina enpresak erantzuten du dirurik ez dagoela. “Guk badakigu dirua badagoela; GHK-k eta aldundiak beste alde batera begiratzen dute eta kontratua dagoeneko emanda dagoenaren aitzakia jartzen dute, baina Ekondakinek azken urteetan 15 milioi euro banatu ditu bazkideen artean eta Ekobalen zakua hustu dute. Hortaz, Ekobalek dio dirurik ez dagoela, baina auzia da lehenengo enpresak eramaten duela diru guztia”, azaldu du delegatuak.

Hala, hori guztia salatzeko, irailean berriro ere mobilizazioei ekingo diete langileek, beren salaketak aurrera atera daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zubietako erraustegian izaniko sutearen ostean, lan osasuna bermatu dadin eskatzeko elkarretaratzea egingo dugu gaur

Sua piztu zenean, enpresak arrisku handiko egoera batean jarri zituen beharginak, eta horren ondorioz bederatzi pertsona artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek. Egoera onartezina salatzeko 13:00etan protesta egingo dugu.

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...