2026-10-11
HomeEkintza SindikalaArabako metaleko intersindikala deitu dugu

Arabako metaleko intersindikala deitu dugu

Negoziazioa erabateko blokeoan dagoenean, sektore osoaren indarra beharrezkoa da.

LABek Arabako Metaleko mahai negoziatzailea osatzen duten gainontzeko sindikatuei deialdia zabaldu die irailean zehar intersindikala batu eta elkarlanerako aukerak dauden arakatzeko. Izan ere, negoziazioa deitu ezin zaion bilera katea luzatzen ari da eta blokeoa erabatekoa da.

Mahaia osatu eta lehen bileran, sindikatuok geure plataformak aurkeztu genituen, bakoitzak bere irakurketatik eta bere helburuetatik. Horrela, hurrengo bileran, martxoan, SEA patronalak bere proposamena aurkeztu zuen, eskubide galera larriak proposatzen zituena:

  • Ez dago KPIaren bermerik, eros-ahalmena ez da bermatzen.
  • Ez dago jardunaldi jaitsierarik.
  • Malgutasuna 100 ordutik 259 ordura pasatzea proposatzen da.
  • Aldi Baterako Ezintasun (baja) arruntetan dagoen osagarria kendu.
  • Aldi Baterako Ezintasun laboraletan estaldura 545 egunera mugatu (orain epealdi osoa barnebiltzen da).
  • Eskubide sindikaletan atzera pausuak, delegatu sindikala izendatzeko aukerak mugatuz.

Gerora, patronalak hobekuntza bezala saldu nahi izan du malgutasuna 160 ordura pasatzea (indarrean dagoena baino 60 gehiago), eta laneko ABEen okertzea atzera botatzea. LABetik hasieratik esan genuen negoziazio berriaren oinarria azken akordioa izan behar zela, eta inola ere ez genuela onartuko baldintza okerragoetatik abiatzea. Horrela adierazi genuen: Atzera pausurik gabeko proposamenik egon ezean, guretzat negoziazioa blokeatuta geratzen da. Ostean, gainontzeko sindikatuak batu ziren posizio horretara.

LABen hilabeteak daramatzagu sektorearen alde mobilizatzen. Argi dugu negoziazioaren arrakasta sektoreak duen mobilizatzeko gaitasunaren araberakoa izango dela. Horregatik, iazko udaberritik hasi ginen delegatuen asanbladak egiten, aldarriak kalera eramaten, elkarretaratzeak eta infoak enpresetan banatzen, eta abar. Azkena maiatzean zehar eginiko ekimena izan zen, zeinetan SEAren zuzendaritzan dauden metaleko enpresak seinalatu baikenituen blokeoaren erantzule gisa, patronalarekin batera.

Baina uste dugu presioan salto bat eman behar dela eta badela garaia sindikatu ezberdinak batzeko. Argi dugu sektorearen indarra langileon batasunean dagoela, eta hori lortzera bidean, lehen urratsa mahaian ordezkaritza dugun sindikatuak ados jartzea da. Hau da intersindikala batzearen arrazoia: indarrak batzea. Mahaian hirugarren indarra bagara ere, mobilizazioan iniziatiba hartu dugun bezala, intersindikala deitzeko momentuan ere ez diogu muzin egin gure erantzukizunari.

Bakoitzari dagokion posiziotik, dagokion erantzukizunetik, LABetik arduraz jokatuko dugu, beti egin izan dugun bezala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...