2025eko urrian, LABen atal sindikaletik 2026ko Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektuari buruzko proposamena egin eta zabaldu genuen langileen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) aurrekontu horietako Pertsonalari buruzko kapituluan finkatutako aldaketak baloratu ondoren, iritzi genion plantillaren egungo estaldura ez zela nahikoa zenbait unitatetan, non lehentasunezkoa eta premiazkoa baita langile-hornidura handiagoa izatea, batez ere gizarte-zerbitzuen arloan. Ez bakarrik barneko kudeaketa administratiboaren ikuspegitik, baita zerbitzu publiko eraginkor, kalitatezko eta Bizkaiko herritarren beharretara egokitutako baten ikuspegitik ere.
Paradoxikoki, gizarte arloko aurrekontu politika hau ez dator bat Elixabete Etxanobek zuzentzen duen EAJ-PSE foru gobernuak berak ezarritako helburuekin. Gobernu horrek Bizkaia denontzat 2023-2030 aginte-planaren barruan Bizkaia sozialki aurreratua ardatzaren garapena ezartzen du, zerbitzu publiko unibertsaletan eta kalitatezkoetan oinarritua, desberdintasunak murrizten eta gizarte-kohesioa indartzen laguntzeko. Ardatz horren azpian, kolektibo ahulenei zuzendutako jarduera multzo bat hedatzea aurreikusten da, desgaitasuna duten pertsonen autonomia indartzeko, sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei, gizarte-bazterketako pertsonei eta babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei arreta emateko.
Bada, gaur egun (2026ko irailean; hau da, foru-sailek hurrengo ekitaldirako aurrekontuak itxita dituztenean), oraindik ere ikusten dugu gizarte-zerbitzuen arloko baliabide material eta pertsonal nahikorik ez dagoela. Azken batean, guztiz eskuraezina iruditzen zaigu Bizkaia sozialki aurreratu hori, baldin eta, aldi berean, dagokion administrazio-zerbitzuak duintasunez betetzeko behar diren baliabideez eta plantillaz hornitzen ez bada.
Jarraian, labur-labur aipatuko ditugu gabezia horietako batzuk, eremu horren zuzeneko kudeaketaz arduratzen diren bi foru-sailen barruan: Gizarte Ekintzako Saila, batetik; eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustazeko Saila, bestetik.
- Ugaskoko Haurren Zerbitzua:
– Teknikariak (psikologoak eta gizarte-langileak). Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen kopuru handi baten aurrean plaza tekniko gutxi betetzea, zerbitzuak bermatu beharko lituzkeen konfidentzialtasunarekin eta segurtasunarekin bat datozen beste bulego batzuetan birkokatzea, neurri psikosozialak kanpoko ikuskapen-programa gisa eta jasaten dituzten erasoen aurka, eta erakunde desberdinen arteko mahai bat sortzea arazo horri aurre egiteko.
– Administrariak eta langile administrazioko teknikariak: plaza gutxiegi hornitzea, lan-karga handia dagoelako eta teknikarien eta administrarien arteko koordinazio-figuraren bat behar delako.
- Ugaskoko Desgaitasuna duten pertsonentzako zentroen Atala:
– Teknikariak (psikologoak eta gizarte-langileak). Plaza teknikoen eta baliabideen estaldura ez da nahikoa, zentro horietan itxaron-zerrenda handia dagoelako eta baliabideak gainezka daudelako. Hirugarren sektoreko elkarteen babesaren ondorioz, kolapso-egoera hori moteltzen ari da.
- Ugaskoko Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako zentroen Atala:
– Teknikariak (gizarte-langileak). Plaza teknikoen estaldura ez da nahikoa, gero eta kasu konplexuagoak daudelako, larrialdiko kasuak gero eta gehiago kudeatzen direlako eta egoitzetan eta eguneko zentroetan plaza gehiago daudelako.
- Urkixo zumarkaleko Esku-hartze Sozialerako Atala:
– Teknikariak (gizarte-langileak). Plaza teknikoen estaldura ez da nahikoa, esleitutako kasu kopuru handia eta kudeatutako plaza kopurua gero eta handiagoa delako.
- Urkijo zumarkaleko Indarkeria Matxistaren aurkako Babes Zerbitzua:
– Teknikariak (gizarte-langileak/psikologoa). Plaza teknikoen estaldura ez da nahikoa, esleitutako kasuen kopurua gero eta handiagoa delako, dauden bi Arreta Zentroen kudeaketa urgentziazkoa zein krisikoa delako, Bizkaian genero- eta sexu-indarkeria egiaztatzeko organo gisa egindako enkarguagatik lan-gainkarga dagoelako eta egoitzako baliabideen plaza kopurua handitu delako.
– Administrariak: plaza gutxiegi hornitzea, lan-karga handia dagoelako eta teknikarien eta administrarien arteko koordinazio-figuraren bat behar delako.
- Uribitarteko Desgaitasunaren baloraziorako eta orientaziorako Atala:
– Administrariak eta administrazioko teknikariak. Lanpostu-estaldura ez da nahikoa lan-kargaren bolumen handiaren aurrean; oso espazio mugatuaren barruan dago, eta ez du plantilla birdimentsionatzeko balio, eta ingurumen-baldintza negargarriak ditu. Espazio fisikoaren gabezia horren froga garbia da aurreko aurrekontuetan onartutako plaza tekniko bat ez sartzea.
Amaia Antxustegik eta María Teresa Laespadak zuzentzen dituzten foru-sailetan antzemandako gabezia horiek direla-eta, premiazkoa da plantilla handitzeko moduko erantzuna ematea; izan ere, unitate horietako batzuetan defizit hori aspalditik dago. Gainera, unitate horiek ez dira egokitu ez arau-aldaketetara, ez Bizkaiko gizartearen eskaera gero eta konplexuagoetara.
Aipatutako bi sailburuei zuzenean eskatzen diegu zezena adarretatik heltzeko eta aipatutako unitateetan plantilla handitzeko aurrekontuei ekiteko, argi baitago ez dagoela langile nahikorik. Foru-aldundietako gizarte-zerbitzuek aurrekontu-loturarik gabeko sailetako diagnostikoak egiteko duten xedea zerbitzuaren agonia eta prekarizazioa luzatzea da. Eta, era berean, BFAk bere Bizkaia denontzat 2023-2030 agintaldi-planean hartutako konpromisoak ez betetzea.
BFAren gizarte-zerbitzuen egoitza espezifiko berri baten beharra.
Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak 2025eko uztailean La Casillako proiektu berria iragarri aurretik, LABek proposamen bat egin zuen BFAren Egoitzen Planaren gainean. Proposamen horretan funtsezkotzat eta premiazkotzat jotzen genuen Gizarte Ekintzako, eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailen egoitza guztiak Bilboko zentro espezifiko bakar batean bateratzea; irisgarria eta herritarren beharrei erantzungo diena.
Egoitza zentralizatzaile horrek amaiera emango lioke zerbitzu horien guztien sakabanaketa historikoari, tradizionalki zuzeneko arretarekin lotura argia izan baitute eta, hala eta guztiz ere, baldintza onenak nekez bildu diren lantokietan kontzentratuta egon baitira. Horietako batzuetan, gainera, ia ez dago plantillak birdimentsionatzeko aukerarik, espazioak mugatuta daudelako. Horren guztiaren adibiderik argiena Ugasko da, plantilla erabat pilatuta eta eraikuntzari dagokionez egiturazko arazo larriak dituen zentroa.
Foru-sailetako gizarte-zerbitzuen ikuspegi zentralizatzaile horren barruan, Gizarte Ekintzako Erregistro espezifikoari eustea ere defendatzen dugu. Erregistro hori gaur egun Lersundin dago, eta Sailari atxikitako prozeduren katalogo zabal bati buruzko lanak egiten ditu, Feria Eraikinean dagoen Ogasun eta Finantza Sailaren erregistroarekin gertatzen den bezala.

