2026-11-05
HomeEkintza SindikalaGreba orokorraren egunean Baionan mobilizatu gara politika neoliberalak gaitzetsi eta ikasle zein...

Greba orokorraren egunean Baionan mobilizatu gara politika neoliberalak gaitzetsi eta ikasle zein langileon boterea aldarrikatzeko

Goizean Baionako karriketan izan da Ipar Euskal Herriko mobilizazio nagusia, eta LABeko kideok bertan izan gara ozen esateko Macron gobernuaren eskutik langileen bizi-baldintzek okerrera baino ez dutela egin eta badela garaia langileoi boterea emateko eta erabakiak hartzeko guneak gure lurraldean lan egiten duten eta hemen bizi diren pertsonengana hurbilaraztea.

Zerbitzu publikoen suntsiketa, gizarte-prestazioen eta funtzionarioen indize punduaren izozketa, lan-baldintzen okertzea… Etxebizitza, elikagaiak, hilabeteroko produktuak, erregaia eta bestelako energia-iturriak eskuratzea gero eta zailagoa da, edo ezinezkoa kasu ainitzetan. Gero eta pertsona gehiagok hautatu behar dute jan, etxea berotu edo osasun-arreta jaso. Eta zer erran aisialdiaz, kirolaz eta kulturaz gozatzeko aukeraz.

Bien bitartean, aberatsek aberastasuna pilatzen eta bereganatzen segitzen dute, informazioa beren interesen arabera kontrolatzen dute eta, Macron-i esker, zergei ihes egin eta zerga-egoitza atzerrira eraman dezakete, lasaitasun osoz.Onartezina da patronalaren aldeko politika neoliberalek utzitako eragina, eta herriak argi esan du: nahikoa da.

Gaurko greba orokorra eragina nabarmena izaten ari da goizetik Ipar Euskal Herrian. Eguneko hitzordu nagusia Baionan eginiko manifestazio jendetsua izan da, eta LABeko kideok gure aldarrikapenak karrikara eraman ditugu:

  • Lan sari guztien igoera orokorra.
  • Indize punduaren izozketa bertan behera uztea.
  • Gutxieneko lan sari eta gizarte-laguntza guztien igoera.
  • Zerbitzu publikoetarako baliabide gehiago.
  • Multimilionarioei eta milioidunei beren aberastasunaren araberako zergak plantan jartzea.

Horrez gain, LABen ustez, tokiko alternatiba bat eraiki behar dugu. Horregatik, Ipar Euskal Herri mailako negoziazio kolektiborako guneak sortzea aldarrikatzen dugu. Maila horretan, patronalari aurre egiteko gure aldeko indar-harremana eraikiko dugu, gure bizi- eta lan-baldintzak benetan hobetzeko. Hemen lan egin, hemen erabaki!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Santurtziko portuan larrialdi zerbitzuak eskura izatea hil ala biziko kontua da

Bilbo Portu instalazioetan lan-osasunaren arloan gertatu diren azken istripu larrien aurrean, hemen ordezkatuta gauden erakundeok, Bilboko Portu Agintaritzari zuzendutako salaketa publikoa egitea erabaki dugu, hura baita Portuko industria-esparru osoaren kudeaketaren, antolamenduaren eta segurtasun integralaren arduradun gorena.

Enplegu-Erregulazio Espedientea erretiratzeko eta Mallabiko lantegia ixteari alternatibak bilatzeko exijitu diogu Enerpac enpresari, lehengo Larzep

Enpresak 43 langile kaleratzeko asmoari eusten dio, baina ziurtatu du hirugarren baten proposamen serio bat baloratzeko prest egongo litzatekeela ziurtatu du. LABek Enplegu-Erregulazio Espedientea (EEE)...

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.