Soldata arrakalaren muinean sexuaren araberako lan banaketa dagoela gogorarazi dugu, eta 1.500 eurotik beherako soldata duten langileen %67 emakumeak* direla. Arrakala matxistei, arrazistei eta belaunaldi artekoei aurre egiteko, gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen dugu.
Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek Barakaldon. Emakumeen* eta gizonen arteko soldata arrakala murrizten ari dela adieraztea eta horretarako hartu diren neurriak zuritzea du helburu topaketa horrek. Izan ere, honako hau nabarmendu dute antolatzaileek, soldata arrakalari aurre egiteko orain arteko politikez: “Eraginkorrak direla frogatu dute, eta horietan sakontzen jarraitu behar dugu”.
LABetik, ordea, errelato hori iruzurtia dela salatu dugu, topaketaren hasieran egindako mobilizazioan. Patronala eta instituzioak etengabe ari dira haizatzen soldata arrakala txikitzen ari dela, baina errealitatearekin talka egiten du kontakizun horrek. Izan ere, lan munduak guztiz segregatuta jarraitzen du generoaren eta jatorriaren arabera. Errealitate hori erakusten dute, besteak beste, honako datu hauek:
- Soldatapean lan egiten duten emakumeen* %30ek 1.500 eurotik beherako soldata dute. Are, emakume* migratuen %41,7k jasaten dute egoera hori.
- 1.500 eurotik beherako soldata duten milaka pertsonen artean, %67 emakumeak* dira; hau da, 3tik 2 emakumeak* dira.
- LGS azpitik dauden soldatapeko emakumeen* %47,97k jardunaldi partzialean egiten dute lan.
Egoera horren arrazoia sexuaren araberako lan banaketa da, LABetik hainbatetan salatu izan dugunez: lanak ezberdin baloratzen dira, egiten dituena gizona, emakumea*, migrantea edo gaztea izan. Ez da kasualitatea, beraz, 1.500 euro baino gutxiagoko soldatak jasotzen dituzten sektore gehienak feminizatuak eta nagusiki pertsona migratu eta arrazializaztuez osatutakoak izatea.
Hain justu, Bizkaiko garbiketa sektoreko langileak izan dira gaurko LABen mobilizazioan protagonistak. Sektore horretako langileek 1.500 euroko gutxieneko soldataren azpiko ordainsariak jasotzen dituzte, patronalak haien hitzarmena blokeatuta daukalako.
Horregatik, arazoaren muinera jo behar dela uste dugu LABen, eta neurri eraginkorrak behar direla sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen den esplotazio ekonomikoarekin amaitzeko. 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezinbesteko neurria da zentzu horretan, eta horixe aldarrikatu zuten milaka eta milaka herritarrek martxoaren 17an egindako greba orokorrean.
Horrekin batera, soldata arrakalarekin amaitzeko bestelako neurri batzuk ere aplikatu behar dira: zor patriarkalaren eta kolonialaren aitortza; lanpostuen errebalorizazio feministak; zaintza sistema publiko komunitarioaren garapena; eta enpleguaren aitortza ekonomiko, sozial eta politikoa beren funtzio sozialagatik, ez merkatuaren metaketa logikagatik.
Torresen aurpegi garbiketa
Langileen arteko arrakala matxistei eta arrazistei aurre egiteko, besteak beste, greba orokor arrakastatsua egin genuen martxoaren 17an euskal langileok, eta gutxieneko soldata propioa aldarrikatu genuen. Grebaren aurretik eta ondoren, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuari bilera eskaera egin genion LABek eta ELAk, baina hark, euskal gizartearen gehiengoaren nahiari bizkarra emanez, uko egin dio euskal gehiengo sindikalarekin biltzeari, uko milaka langile pobreziatik eta prekaritatetik aterako lituzkeen gutxieneko soldata propioari buruz hitz egiteari.
Hori dela eta, LABentzat itxurakeria hutsa da Torresek soldata arrakalari buruzko jardunaldian parte hartu izana, horretarako egiturazkoa den neurri bati, gutxieneko soldata propioari, bizkarra eman ondoren. LABen uste dugu euskal langileekiko eta haien eskubideekiko errespetu handiagoa erakutsi beharko lukeela Torresek, dagokion erantzukizuna hartuta.
Bada, gaurko ekimenean LABeko militanteek sindikatuaren aldarrikapenak biltzen dituen eskuorria eman diote Torresi, kongresura sartzen ari zela, eta soldata arrakalarekin amaitzeko bidean trabak jartzeari utz diezaion eskatu diote.


LABen jarraitu egingo dugu soldata arrakalaren kontrako borrokan: 1.500 €-ko gutxieneko soldataren alde eginez; lan guztiak aitortzeko eta banatzeko exijituz; emakumeek* egiten duten lanari dagokion balio politiko eta ekonomikoa aitortzeko neurrien alde; eta emakumeek* sektore maskulinizatuetan sartzeko pairatzen duten diskriminazioa gainditzeko urratsak egiten.

