2026-10-14
HomeEkintza SindikalaLABek berriz eskatu du Volvo eta Sunsundeguiren arteko akordioan hobekuntzak sartzea langileen...

LABek berriz eskatu du Volvo eta Sunsundeguiren arteko akordioan hobekuntzak sartzea langileen lan baldintzetan

Gaur Sunsundeguira joan da, Altsasun autobusak egiten dituen enpresara, Volvoko lehendakariordea, bi enpresek maiatzean lortu zuten akordioaren barruan, modelo berrien fabrikazioaren berri emateko. Iragarkiak duen garrantziaren erakusgarri, Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta bi kontseilari ere joan dira Altsasura. LAB sindikatuak aukera hau baliatu nahi du berriz ere enpresa modernizatzeko plan bat eskatzeko, langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituena.

LABek kezkaturik ikusten du Altsasuko lantegiaren egoera; izan ere, lan karga handitu arren, Sunsundeguik ez ditu oraindik bere antolakuntza arazoak konpondu, eta aparteko orduetara jotzen du produktua aurrera ateratzeko. Gainera, lan-karga handitzearekin batera, langile gehiago behar izan dira, eta horiei formakuntza eman behar zaie, bai bete beharreko eginkizunetan, bai laneko segurtasun eta osasun gaietan. Ildo horretan, sindikatu honek hilabeteak daramatza hainbat segurtasun eta osasun alderditarako irtenbideak eskatzen, oraindik konpondu ez direnak. Gogoratu behar da aurten bi lan istripu larri izan direla enpresan.

2022an Enpresa Batzordeak (LAB barne) eta Sunsundeguik akordioa lortu zuten, lantegiaren egonkortasuna eta produktibitatea bermatzeko. Baina, gaur egun, ez dira lortu akordio hartan adierazitako helburuak eta, beraz, plantilla ez da akordioan bildutako hobekuntza ekonomikoak jasotzen ari, hala nola produktibitate-plusa kobratzea. Enpresak langileei bakarrik egotzi die egoera horren errua, eta LABek zera erantzun nahi dio:

  • Lantegia produktiboagoa izatea eta ezarritako helburuak betetzea enpresaren ardura baino ez da eta, beraz, behar diren inbertsioak egin behar ditu dauden arazoak antolatu eta konpontzeko. LABendako beharrezkoa da plantaren modernizazioa eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatuko dituzten lan modu berriak. Inbertsioak, neurriak eta exekuzio egutegia bilduko dituen plana behar da.
  • 2009ko krisialditik, langileek bere gain hartu dutela lantegiaren bideragarritasunaren zama, oraindik ahaztu ez diren murrizketa eta kaleratzeen bidez. Volvo eta Sunsundeguiren arteko akordioa, Gobernuarekiko lankidetza barne, positiboa da Sunsundeguiren etorkizunerako, inguruko enplegurako eta Nafarroa osorako. Baina akordio horrek kontuan hartu behar du langileen lan eta ekonomia baldintzen hobekuntza, orain arte hitzartutakoaren gainetik. Izan ere, gogoratu behar da 2022ko akordioak larrialdi egoera bati erantzuten ziola, Volvoren akordioarekin eta lan kargaren handitzearekin hobetu beharko litzatekeena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.