2024-04-18
HomeUncategorizedSalaketa eta mobilizazio dinamika zerbitzu publikoen kontrako erasoaldiaren aurrean eta LOMCE hezkuntza...

Salaketa eta mobilizazio dinamika zerbitzu publikoen kontrako erasoaldiaren aurrean eta LOMCE hezkuntza erreformaren kontra

Bihar, abenduak 19, LAB sindikatuak zerbitzu publikoen defentsan mobilizazio ezberdinak burutuko ditu gobernu delegaritzen aurrean inposatzen zaizkigun neurrietan estatuaren eta PPko gobernuaren erantzunkizuna eta markoaren agorpena salatzeko. Aldi berean, eta LOMCE hezkuntza erreformaren aurrean, ikastetxeetan ekintza ezberdinak burutuko dira, hemen Euskal Herrian, inolako inposiziorik ez dugula onartuko adierazteko.

ZERBITZU PUBLIKOETAN bizitzen ari garen testuinguru korapilatsuari buruzko LABen irakurketa (2012/12/04)

«Zerbitzu publikoen kontrako erasoaldiaren ondorio ugari pairatzen ari gara azken egun eta asteotan; nagusiki pagaren gainean Jaurlaritzan gertatutakoa. Era berean zerbitzu publikoetan eragina izango duten gertakari berri ugari ere izaten ari dira (esaterako EAEko Legebiltzar berriaren osaketa eta Urkulluren inbestidura plenoa, edo – oharkabean pasatzen ari dena – aurkeztutako Aldundietako aurrekontu edo Nafarroako Foru Gobernuaren Aurrekontuen luzapenaren gaia esaterako).

Horien gainean gauza asko esaten ari da, baina kasu gehienetan modu partzial eta interesatuan. LABek irakurketa osoa egiten dugu, hau da, zein den zerbitzu publikoen egoera, eta horren arabera banan banako erantzun dinamiketan zer egin behar dugun baino herri bezala gure zerbitzu publikoak, eta zerbitzu publikoetako langileon lan baldintzak bermatu eta garatzeko zer estrategia ibili behar dugun ekarpena konpartitu nahi dugu eragile ezberdin eta jendarte osoarekin.

Esan nahi baita, kontua ez dela nola paga borrokatzen dugun, edo nola justizian tasak ekiditen ditugun soilik. Kontua da zer egin behar dugun zerbitzu publikoak garatzeko, enplegu publikoa sortzeko eta lan baldintzak hobetzeko.

Paga estraren gaiari heldu nahi diogu, hartu duen dimentsio mediatikoagatik, agerraldi hau argiztatzeko baina garbi utzirik, pagarena gai oso oso garrantzitsua izanda ere, arazoa askozaz ere sakonago eta larriagoa dela eta erderaz esaten den bezala “zuhaitzari ez diogula baso osoa ezkutatzen utzi behar”.

Rajoyren Gobernuak zerbitzu publikoetako langileoi paga estra kentzea erabaki zuenetik instituzio nagusiek jarrera ezberdinak hartu dituzte:

• Nafarroako Gobernuak paga kenduko du Oposizioko alderdi gehienak (PP izan ezik, gainerako guztiak) ustez eta itxuraz kontra dituen arren.
• Jaurlaritzako Patxi Lopezen Gobernu zaharrak paga kendu du, esan egin behar da paga estraren afera erabili duela PNVrekiko lehia alderdikoiagatik, eta testuinguru honetan paga ordainduko zuelako itxurak egin dituela bataila juridikoa eginez.
• PNVk gobernatzen dituen instituzioetan ezelako batailarik egin gabe paga zuzen-zuzenean kendu dute.
• Bilduk gobernatzen dituen instituzioetan paga galdutzat ez emateko zirrikitu juridikoak bilatzen ari dira.

Tartean Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ezagutu dugu, Auzitegi honek diño – espero izatekoa zenez – paga estra EZIN DELA ORDAINDU, ez Murtzian ezta Abaltzizketan ere.

Baina, lehen esan bezala, honek lehen mailako gatazka politikoa agerian uzten du: marko juridiko politiko honetan, Autonomia Estatutu eta Amejoramendua marrazten dituen marko juridiko eta politiko honetan, ez daukagula inolako aukerarik Euskal Herriak nahi eta gure ezaugarrien arabera behar dugun sektore publikoa antolatzeko, ezta sikiera langile publikoen lan baldintzak zein diren erabakitzeko ere. Ez dugu inolako eskumenik. Dena da oinarrizko lege, noski, espainiar oinarrizko lege.

DENA, DEN-DEN-DENA esaten dugu! Ze oraingoan alarma gorri guztiak paga estraren harira saltatu dira, baina jokoan dagoena gabonetako paga baino askozaz ere gehiago da. Ze Madrilgo Gobernuaren helburua ez da bakarrik zerbitzu publikoetako langileon baldintzetan murrizketak egitea (gogoratu behar dugu pagarenaz gain bestelako erasoak ere izan ditugula, esaterako jornadaren luzapena, ordezkapenak mugatzea, EEEak ahalbideratzea, langile erratioak okertzea, …), zerbitzu publikoetako langileok gure lan baldintzetan murrizketak pairatzen ari bagara zerbitzu publiko guztiak suntsitzeko helburua dutelako da, zerbitzu publikoak suntsitu, zerbitzu publikoen sistema eraitsi eta honenbestez, herritarrok eskubide sozialik gabe uztea. Hori da jokoan dagoena, HORI ETA EZ GUTXIAGO! Eta hartara datoz osasun zerbitzuen kopagoa, justiziako zerbitzuen kopagoa, errejistro zibilaren pribatizazio eta kopagoa, LOMCEa, menpekotasun legeak ematen zituen kobertura gutxi horien desagerpen progresiboa,…

Hori da jokoan dagoena, hori da oinarrizko legez eta kupoaren legeaz inposatzen digutena eta horien aurrean ez dugu, ez dugu juridikoki defendatzerik, zoritxarrez ez dago inolako zirrikitu juridikorik eta eman beharreko bataila ez da juridikoa POLITIKOA BAIZIK!. Puntu honetan bereziki PSEren Patxi Lopezen Gobernu ohiaren jarrera salatu nahi dugu bereziki, izan ere, Patxi Lopez eta bere Gobernuak tranpa egin nahi izan digute, tranpa egin herritarrok inozoak bagina bezala, eze PSEk ederto daki (inork baino hobeto nahi bada) marko juridiko honetan ez dugula ezelako eskumenik gure lan baldintzak geuk erabaki ahal izateko, oso ondo daki eman beharreko bataila ez dela juridikoa, politikoa dela, baina bere alderdia ez dago inolaz ere prest bataila politiko hori emateko, finean marko juridiko eta politiko hau konpartitu soilik ez, baizik eta euskal langileon eskubideen gainetik pasatu behar badira ere haren bultzatzaile eta bermatzaile nagusi direlako.

Esan bezala, hamaikagarren aldiz agerian gelditu da “zirrikitu juridikoen” bidea antzua dela – medikamentuen kopagoarekin agerian geratu zen bezalaxe -, Euskal Herrian horrelako inposaketen aurrean azaltzen garen eragile guztiok, politikoak, instituzionalak, sindikal eta sozialak injerentzia hauei aurre egiteko burujabetzan aurrera urratsak egiteko oinarrizko adostasun bat lortzea ezinbestekoa da. LAB bide hau egiteko prest dago.

Beraz, Euskal Herrian zerbitzu publikoen suntsiketa geratzeko bi gauza behar dira hemengo eragile eta instituzioen aldetik, eta guk biak lortzeko borrokatuko dugu: borondate politikoa zerbitzu publikoak bultzatzeko, eta burujabetzaren norabidean urratsak emateko prestutasuna.

Honekin batera, arreta berezia eskaini nahi diogu aurrekontu ezberdinek sektore publikoan eta zerbitzu publikoetan izango duten eraginari:

Nafarroan berriki luzatutako aurrekontuak sektore publikoko langileen lan baldintzetan eta zerbitzu publikoen eskaintzan ematen ari ziren murrizketei jarraipena emango diote, eremu honetan jada 2.000 lanpostu publiko baino gehiago suntsitu direlarik.

EAEkoetan berriz ezezagutza nagusi da. Egunotako inbestidura saioetan Lehendakari berriak ezer gutxi argitu du garatuko dituen politika publikoen inguruan, ezta sektore publikoan emango dituen urrats zehatzen inguruan ere. Azken egunotan Joseba Egibarrek "administrazio publikoa ahultzeko beharraren" inguruan egindako adierazpen kezkagarriarekin gelditzen gara, herenegun Iñigo Urkulluk berretsi zituenak, ahultze hau %20ra iritsiko dela aurreikusiz. Administrazio ezberdinak hartzen ari diren neurriak etorkizun iluna marrazten diote herri honetako sektore publikoari; alde horretatik, langile publikoek eta zerbitzu publikoen onuradunak diren herritarrek galdera zehatzen aurreko erantzun argiak behar dituzte. Beraz, argitu dezala Lehendakari berriak:

▪ Nondik murriztu ditu 700 milioi gutxiago izango dituen aurrekontuak?
▪ zer zerbitzu publikoen eskaintza baldintzatuko du?
▪ zenbat lanpostu publiko berri suntsituko ditu?
▪ zenbat gehiago okertu dira langile publikoen lan baldintzak?
▪ eta batez ere, zer egingo du Madriletik inposatu nahi izango zaizkigun neurri berriekin?

Gauzak horrela beste behin errepikatzen dugu egoera honi ezin zaiola buelta eman politika fiskala errotik aldatu gabe.

Azken asteotako gertakariak salatzeko LABek salaketa eta mobilizazio dinamika zabal eta indartsua aktibatzearen beharra ikusten du, langile publikoak eta herritarrak subjetu nagusiak izanik.

Bide horretan LABek hurrengo egun eta asteetan burutuko dituen ekimenen berri eman nahi dugu:

• Bihar larunbata, goizeko 11,30etan Gernikan elkarretaratzea burutuko dugu Iñigo Urkulluren kargu hartzearen aurrean.
▪ Abenduaren 19an herrialdeka gobernu delegaritzen aurrean elkarretatzeak burutuko ditugu; inposatzen zaizkigun neurrietan estatuaren eta PPko gobernuaren erantzunkizuna eta markoaren agorpena salatzeko:
· Bilbon 10,30etan eta gainontzekoetan 11etan.
▪ LOMCE hezkuntza erreformaren aurrean abenduaren 19an Hego Euskal Herriko ikastetxeetan mobilizazioak egingo ditugu.

Bizkaiko Foru Aldundiak bere aurrekontuetan zerbitzu sozialen aurka hartutako neurriak salatzeko mobilizazioa egingo dugu abenduaren 20an Bilbon 10,30etan udaletik atera eta foru aldundiraino.

▪ Udal eta foru administrazioetako langileen lan baldintzen aurka ematen ari diren urratsak salatzeko urtarrilean zehar eskualdeka mobilizazioak egingo ditugu, bertako instituzioei neurrion aurrean planto egin dezatela eskatuz.
▪ Eta bukatzeko, hurrengo egunetan Justizian eta Osasungintzan egingo ditugun mobilizazioen berri emango dugu.»

 

ZERBITZU PUBLIKOEN KONTRAKO ERASOALDIAREN KONTRAKO MOBILIZAZIOEN AGENDA

ABENDUAK 19
– Herrialdeka gobernu delegaritzen aurrean elkarretaratzeak inposatzen zaizkigun neurrietan estatuaren eta PPko gobernuaren erantzunkizuna eta markoaren agorpena salatzeko.

– LOMCE hezkuntza erreformaren aurrean Hego Euskal Herriko ikastetxeetan mobilizazioak

ABENDUAK 20
– Bizkaiko Foru Aldundiak bere aurrekontuetan zerbitzu sozialen aurka hartutako neurriak salatzeko mobilizazioa Bilbon 10:30etan Udaletxetik.


 [EUS] [CAS]
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Oso positiboki baloratzen ditugu baraualdiko hiru egunak eta gaurko greba eguna, eta seriotasuna eskatzen diogu Gizardatzi

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok prest gaude egiten dugun lan publikoaren aitortzaren alde borrokatzeko. Orain arte eginiko baraua eta gaurko greba adibide garbiak dira. Bada, Gizardatzi eta Geroani seriotasuna eskatzen diegu.

Ernaik gazte blokea osatuko du Maiatzaren Leheneko Iruñeko manifestazioan

Ernai gazte antolakundeak gazteentzat bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, eta bat egingo du LABek deitu duen mobilizazio nazionalarekin. 11:00etan Trinitarios plazatik abiatuko den gazte blokean parte hartzera dei egin diete gazteei. Gazteen mobilizazioak Sarasate pasealekuan egingo du bat LABen manifestazioarekin.

Envases Metalurgicos de Álava enpresan bi langile kaleratu dituzte azken 6 hilabeteetan

Pasa den martxoaren 27an egin zuen Laudioko enpresak azken kaleratzea.