2026-02-03
HomeEkintza SindikalaPribatizazioarekin amaitzea eta zaintza lanetan diharduten langileen lan-baldintzak duintzea eskatu dugu

Pribatizazioarekin amaitzea eta zaintza lanetan diharduten langileen lan-baldintzak duintzea eskatu dugu

Kotxe-karabana eta kontzentrazioa egin ditugu Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Zaintzaren arloan ari diren langileen izaera publikoa nabarmendu dugu, zaintzarekin negoziorik ez egitearen eskaera luzatzarekin batera. KPIa bermatu eta ratioak hobetzea ere eskatu dugu.

Aski ezaguna da Gipuzkoako herritarrentzat zaharren egoitzetan, esku hartze sozialean, etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta aniztasun funtzionalean lanean diharduten langileon egoera larria. Horregatik, LABetik bizi dugun egoeraren erantzule zuzenak diren Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak darabilten jukutria salatu nahi dugu. Urteak dira, gure gobernanteek patronalarekin eskutik helduta, zaintza lanekin lotutako lanpostuak pribatizatzeari ekin ziotenetik. Ordutik, negozio bilakatu dira zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, aniztasun funtzionalari loturiko zerbitzuak, esku hartze sozialean barnebiltzen direnak eta enpresa pribatuen irabaziak bihurtu dira lehentasuna, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidearen ordez.

Joera kapitalistaren baitan, zaintzaren merkantilizazio prozesuan eta emakume* langileen prekarizazio prozesuan sakondu eta benetan funtsezkoak diren zeregin hauei etekin ekonomikoa ateratzeko apustua egin zuten.

Gipuzkoako Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren menpe dauden azpisektore guztiak antzeko egoeran aurkitzen dira pribatizazioaren eraginez.

KPIaren bermerik ez dago zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileentzat. Soldata igoerak langileen ordezkarien eta patronalaren artean hiTzarmen bidez adostu behar diren arren, negoziazio kolektiboa erabat baldintzatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak, zerbitzu gehienen titular eta finantziatzaile nagusiak izanik, berak mugatzen duelako enpresa-elkarte gehienen negoziaziorako gaitasun ekonomikoa. Gaur gaurkoz aipaturiko sektoreetan ez dago langileei eros ahalmena bermatzeko inolako ziurtasunik.

Gehiegizko lan karga jasanezinak ezartzen ditu Aldundiak zerbitzu guztietan, kasu askotan gainera, ratio horiek ez dira betetzen. Ratioak hobetzea urgentziazko kontua da, gehiegizko lan kargak langileen osasun fisiko eta psikosozialean kalte larriak eragiten ari direlako. Eta nola ez, zerbitzuaren kalitatean ere eragin ukaezina izaten ari delako.

LAB sindikatutik argi dugu eredu aldaketa baten beharra agerikoa dela eta zaintza sistema publiko-komunitariorantz bidea egiten jarraitu behar dugula. Horregatik mobilizatu gara gaur, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari bilera eskaera egin diogu. Une honetan zerbitzu hauek pribatizaturik badaude ere, lan publiko bat egiten ari garen langileak gara. Langile publikoak gara. Ezinbestekoa da pribatizazioarekin amaitzea eta zaintza lanetan dihardugun langileon lan baldintzak duintzeaz gain, zaintza lanei zor zaien errekonozimendu sozial, politiko eta ekonomikoan urratsak ematea.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB, ELA eta CGTk salatzen dute legea saihesteko eta langileria mehatxatzeko VW Nafarroaren, UGTren eta CCOOren jarrera

ELA, LAB eta CGT sindikatuetatik salatu nahi dugu, onartezina delako, VW Navarra, UGT eta CCOOen jokabidea; izan ere, VW-Nafarroako kontratazioan Legea ez betetzeagatik Lan...

EAJk egoera zaurgarrienean dauden pertsonak etxegabetzeko Espainiako Gobernuarekin egindako akordioa salatzen du LABek

Akordio honekin maizterren eskubideen aurka egiten dute jeltzaleek, egoera ziurgabean dauden herritarrentzako inolako alternatibarik eskaini gabe.  EAJk Espainiako Gobernuarekin adostu du etxejabe txikiek egoera zaurgarrian...

Indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboak artikulatzen jarraitzeko borrokarako tresna berritua aurkeztu du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak

LABek konpromisoa hartzen du honen zabalpenean. Autodefentsa feministako aldarrikapena izan da erdigunean eta indarkeria matxistei aurre egiteko protokoloa indartu eta ekarpen zein aldarrikapen politiko gisa. Protokoloa...