2026-08-18
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaPrekarietatearen kontra, etxeko langileentzat ere 1.200 eurotako soldata

Prekarietatearen kontra, etxeko langileentzat ere 1.200 eurotako soldata


Langileok, eta bereziki emakume langileok, pairatzen dugun prekarietatea salatu izan dugu behin eta berriro sindikatutik, baina askotan kostatu egiten zaigu prekarietate horretan murgiltzen diren kolektibo anitzei aurpegia ipintzea, bakoitzaren errealitatea azalaraztea. Lan baldintza erabat prekarioetan, askotan esklabotza gogorarazten duten baldintzetan lan egiten duen sektore feminizaturik badago, hori etxeko langileena da.

Ohituak gaude eta erabat normaltzat ikusten dugu gure etxeetan etxeko lanak egiteko zein haurren edo nagusien zaintza lanez arduratzeko emakume bat izatea. Emakume horiek langileak direla eta ze nolako baldintzetan lan egiten ditugun ez dugu ikusten ordea, edo askotan, ez ikusiarena egiten dugu gure kontzientziak astin ez daitezen. Hau fenomeno orokortua izatea ez da kasualitatea: sistemak esparru pribatuan egiten diren lan hauei inolako aitortza eta baliorik ez ematea ez da kasualitatea, sistemak lan hauek modu sistematikoan emakumeoi egotzi izana ez da kasualitatea, lan hauek merkantilizatu direnean baldintza prekarioenei eta miseriazko soldatei lotuak egotea ez da kasualitatea, lan hauek egiteko norbait behar izan dugunean edo kontratatu dugunean emakume bat hautatu izana ez da kasualitatea…

Ez da kasualitatea ezta hazkunde garaietan lan hauek nahiko modu orokortuan merkantilizatu, eta lan hauek aurrera eramateko aukeratu dugun emakumearen perfila: emakume etorkina, bere sorterria arrazoi ekonomikoengatik utzi behar izan duena, ilegala dena paperik ez duelako… Ikusezinak bihurtu ditugun emakumeak. Hori bai, krisi garaian askotan familiek (familiako emakumeek) lan hauek berriz ere euren gain hartu dituzte, edota bertako emakumeak bueltatu dira lan hauek egitera, emakume atzerritarrak lan merkatutik desplazatuz.

Bihar da martxoaren 30a, Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna, oraindik ere etxeko langileen lan baldintzak, gainontzeko langileekin alderatuta ezberdinak direla salatu behar dugu: langabezia prestaziorako eskubiderik ematen ez duen lanbide bakarra da, ordutegi zabalak eta erabateko malgutasuna, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren parekoa jasotzeko.

Egoera honen aurrean, oinarri oinarrizkoak diren ondorengo neurriak aldarrikatzen ditugu:

  • Langileen gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea aldarrikatzean, etxeko langileen gutxieneko soldata ere hau izan beharko lukeela aldarrikatzen dugu.
  • Gainontzeko langileek dituzten jai eta opor egun berdinak izatea.
  • Ordutegien gutxieneko arautzea, errespetatu beharreko atseden tarteak zehaztuz.
  • Lana modu seguru eta baldintza osasuntsuetan egiteko eskubidea.
  • Zaintza lanetan dihardutenentzat, Ongizate zerbitzuetatik beraien lana modu egokian eta seguruan egin ahal izateko formazioa jaso (langile hauek instituzioek bete beharko luketen zerbitzu bat betetzen ari diren neurrian, instituzioek beraien langileei eskaintzen dieten formazio berdina jasotzeko aukera izan beharko lukete).

Aldarrikatzen ditugun neurri hauek trantsiziozko neurriak izanik, egungo sistema kapitalista patriarkalak ezarritako ereduaren aurrean eraiki nahi dugun eredu berria zelakoa izatea nahi dugun da jendartean zabaldu beharreko eztabaida. Merkatuak eta enplegua erdigunean egotetik bizitza eta pertsonak erdigunean kokatzera jauzia eman nahi badugu, argi dago bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lan hauei ere bestelako aitortza eta lekua eman beharko zaiela, eta egungo sexuen araberako lan banaketa gainditu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Elkartasun bidaia Kubara

LAB sindikatuaren ordezkaritza bat La Habanan izan da Fidel Castro Ruzen jaiotzaren 100. urteurreneko ekitaldietan. Iraultza kubatarraren buru izandakoari buruzko konferentziaren testuinguruan, gure elkartasuna...

Mugikortasun arriskuek eta prekaritateak lan koktel hilgarria osatzen dutela salatu dugu

LAB sindikatuak jakin duenez, Said El Hadi 42 urteko Funeseko bizilaguna hilaren 5ean hil zen Azkoienen, zirkulazio-istripu batean, eta, egiaz, in itinere lan-istripu baten...

Kaleratutako 13 lankideak berronartzea eskatu dute Konecta BTOko langileek

Lanuztea egin dute eta El Correo-ren Bilboko egoitzaren aurrean mobilizatu dira. Vocento da, Iberdrolarekin batera, Konecta BTOko bezero nagusia. Gaurkoa izan da langileek egin...