2026-07-13
HomeEkintza SozialaPentsio sistema publiko eta propioa izan dugu hizpide gaurko barne mintegian

Pentsio sistema publiko eta propioa izan dugu hizpide gaurko barne mintegian

Madril eta Pariseko gobernuek pentsio sistema publikoa ahuldu, erretiro adina atzeratu eta pribatizatzeko hartutako erabakiak langileriaren bizi baldintzen aurkako eraso gisa ulertzen ditugu eta gaineratzen dugu badagoela indarra, aukera eta beharrizana bertako langile eta pentsiodunen bizi baldintzak ziurtatuko lituzkeen pentsio sistema propioa eraikitzeko.

Abenduaren 6 honetan Donostian bildu gara LAB sindikatuko hamarnaka militante eta pentsio sistemaren inguruko hainbat aditu eta aritu, sindikatuak antolatutako barne mintegian. Jardunaldiari Igor Arroyo Leatxe Koordinatzaile Orokorrak eman dio hasiera. Arroyok gogorarazi du pentsio sistema langile mugimenduaren historian garaipen garrantzitsua izan dela eta oldarraldi neoliberalak berau pribatizatzeko eta erauzteko saiakera ez dela nolanahikoa. Langileok sortzen dugun aberastasunaren bidezko banaketa eta enpleguaren ibilbidea amaituta bizi baldintza duinak ziurtatzeko pentsio sistema unibertsal eta publikoaren garrantzia azpimarratu du. Modu berean, sindikatuak bere Programa Sozioekonomikoan bildutako banaketa hirukoitzaren proposamenak zehaztu ditu eta bost urte hauetan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak erakutsitako borroka eta determinazioa goraipatu.

Saioaren lehen mahai-inguruan, Euskal Herriko pentsiodunen egoeraren argazkia bildu da, baita azken erreformek Hego Euskal Herrian zein Ipar Euskal Herrian eragindako egoera azpimarratu ere. Horrela, Hego Euskal Herriari dagokionez erretiro adina 67 urteetara atzeratzea, pentsio pribatuen eredua hedatzeko erabakia eta egunotan aztertzen ari diren kotizazio urteak luzatzeko nahiak aztertu dira. Ipar euskal Herriari dagokionez, ereduaren konplexutasuna zein datuak eskuratzeko ezintasuna izan dira azpimarratutako bi gako nagusi.

Bigarren mahai-inguruan, pentsio sistema publiko eta propioa eraikitzeko bideragarritasun ekonomiko, instituzional eta politikoa aztertu dira, eta honen ereduaren inguruan ikuspegi feminista eta eraldatzailetik ber-aztertzeko beharraz aritu dira hizlariak. Egungo eskumenekin bidea egiteko aukera, pentsio minimoak osatu eta soldata minimoari lotzeko aukerak eta babes sistema propiorako LABek aurkeztutako Gizarte Segurantza eta Lan Koderako proposamena ekarri dira gogora.

Mintegi honen xedea, pentsio duinen aldeko borrokari ekarpena egin eta bertako sistema eraikitzeko urratsak eman daitezen aldarrikapen eta tresna berriak eskaintzea izan da. Euskal langileriari Madrilen eta Parisen posible ez dena Euskal Herrian eraikitzeko deia eginez amaiera eman diote mintegiari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gasteizko Mercedesen Aldi Baterako Laneko Enpresen presentzia handiak prekarizazioa dakarrela salatu dugu

Mercedeseko LAB, ELA eta ESK-k, lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu Mercedes-Benz Gasteizko lantegian egiten ari den inbertsioak eta apustua bere plantillaren eta inguruko industriaren profesionaltasunaren eta lan onaren emaitza direla.

Esku-hartze sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute Zaramagako Bizan berriaren inaugurazioan

Gasteizko alkate Maider Etxebarriari eta Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerori eskatu diete benetako bitartekaritza bat abian jar dezatela sektorearen gatazka konpontzeko; izan ere, dagoeneko 7 greba-egun eta mobilizazio ugari pilatu dituzte, erakundeak jarrera pasiboa izan duten bitartean.

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileak greban

Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.