2026-02-03
Blog Page 998

Bordaleko auzitegiak LABen alde egin du

Gaur, hilak 18, CGTk ezarritako bigarren helegitearen —enpresa txikietako hauteskundeetara sindikatuak aurkeztu duen zerrendaren kontra egiten zuen— inguruko erabakiaren berri izan dugu: kasazio Auzitegiaren ondotik, Bordelekoak ere arrazoi eman dio LAB sindikatuari. Auzitegiak alde batera utzi eta datorren hitzordua langileekin dugu azaro amaieran hasiko diren hauteskunde sindikaletan.

Orain dela hilabete batzuk izan zen CGT sindikatuaren lehen erasoa. Sindikatu frantsesak helegitea jarri zion LABek enpresa txikietako hauteskundeetara aurkeztu duen zerrendari, euskararen erabilpena sustatzeagatik langile ez-euskaldunak diskrimatzen zituela ebatzita. Bordeleko Auzitegiak LABen kontra egin zuen abuztuan, baina Parisko Kasazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen lehen erabakia.

LABen iritziz CGTren estrategiaren atzean denbora irabazi eta energia galarazteko borondatea dago. Honen aurrean lanean jarraituko dugu askatasun sindikala errespetatua izan dadin eta langile bakoitzak nahi duen sindikatuarentzat bozkatzeko parada izan dezan.

 

 

 

Euskal esparruaren aldeko apustua egiten dugu


Gaur, hilak 18, LAB sindikatuak batzarra egin du estatuko hitzarmenen menpe dauden federazio pribatuko delegatuekin egoera honen ondorioak aztertu eta aurre egiteko estrategia adosteko. Garbiñe Aranburuk, Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko arduradunak, adierazi bezala “Patronalak, hitzarmen merkeak nahi ditu, prekarietatean sakondu nahi du eta hori askoz errazago lortzen dute Madrilen”. Honen aurrean ez gara egoeraren salaketara mugatuko, euskal esparruaren alde mobilizatzen jarraituko dugu.

Errealitate honek geroz eta langile gehiago hunkitzen ditu, batzuek ez dute inoiz bertako hitzarmenik izan (Banka, Aseguroak, Telemarketing, Erostetxe Handiak…) eta beste batzuen kasuen erreformen ondorioz zihurgabetasuna da nagusi. Langileoi zetorkigun egoera aurreikusiz LABek hainbat saiakera egin zituen hemengo hitzarmenak estatukoetatik blindatzeko, baina Confebaskek saiakera hauek bertan behera utzi ostean ultraktibitatea galdu duten hitzarmenak mehatxupean daude.

Aranbururen aburuz “egoera honen atzean erreformez gain patronala eta CCOO eta UGTren borondate argia dago”. Patronalak, hitzarmen merkeak nahi ditu, prekarietatean sakondu nahi du eta hori askoz errazago lortzen dute Madrilen. Legea eskutan denbora pasatzen utzi besterik ez du, negoziaketak blokeatzen ditu, ondoren estalizazio prozesuei aterak irekitzeko. “CCOO eta UGT estrategia horren parte dira eta Jaurlaritza ere konplize paregabea dute.

LAB ez da egoeraren salaketara mugatuko. Mobilizatzen jarraituko dugu eta iniazitiba berriak eramango ditugu enpresetara. Euskal Esparruan negoziatzeko eskubidea dugu eta zentzu horretan gure apustua argia da, autonomi elkarteko hitzarmenak edota sektore hitzarmenen alde egingo dugu.

 

 

 

Lan istripuen atzean prekarietatea dagoela salatu dugu

Lehengo ostegunean Bilboko portuan lanean ari zela istripua izan ondoren beste langile bat hil zen. Heriotz berri hau salatuz atzo, hilak 17 Barakaldoko hainbat eragile sozial eta sindikalek elkarretaratzea egin zuten. Hain zuzen ere istripu eta heriotz hauek eredu jakin baten ondorio zuzena dira eta ekiditeko modu bakarra neurriak hartzea da.
 

 

 

LAB sindikatuak BerDUINtasuna ekimenean parte hartzeko deia luzatzen du

Aste honetan, urriaren 17tik 22ra, Berdintasunaren aldeko Akanpada burutzen ari da Iruñeko erdigunean, lan munduan diskriminazio oro eten eta denontzako lan duina aldarrikatzeko. Oinarrizko aldarrikapena izan arren, oraindik orain ez da praktikan gauzatu. Nafarroan eman den aldaketa instituzionala jendartearen zati baten kontrako bazterketa politikarekin amaitu du. Alabaina, lantokietan jarrera diskriminatorioek diraute. Diskriminazioa dago sexuaren, arrazaren edo desgaitasunen arabera. Gainera, hainbat lantokitan afiliazio sindikalaren araberako diskriminazioa ere eman da.

Azken urte honetan zehar, LABek ekimen ugari jarri ditu martxan diskriminazioa amaitu eta aukera berdintasuna bermatu dadin: lantokiz lantoki proposamenak eginez, mobilizazioak antolatuz eta baita ere Nafar Lansaren parte hartuz. Horri guztiari esker, gauzak behin betiko aldatu behar direnaren kontzientzia hedatu egin dela uste dugu.

VWen aukera berdintasuna bermatuko duen kontratazio eredu berri bat diseinatzeko lortu den akordioa urrats garrantzitsua da ildo honetan. Akordio hori araudi zehatz batean gauzatu behar da orain, hitzetatik ekintzetara igaroz. Era berean, BSH, TRW edo Faurecia bezala kontratazio sistema diskriminatorioak dituzten bestelako enpresei, berehala aldaketa egitera dei egiten diegu.

Aldaketa lantokietara iritsi behar da. Nafarroako Parlamentua nahiz Gobernuak neurriak hartu behar dituzte kontratazioan aukera berdintasuna bermatzeko. Eta irizpide demokratiko horretatik abiatuta, nafar orori lan duina bermatzeko neurriak ere sustatu beharra dago.

Hori guztia sustatzeko, LABek dei egiten die langileei eta oro har herritarrei Berdintasunaren aldeko Akanpadan parte hartzera, baita urriaren 22an egingo den Martxan ere.

EGITARAUA

 

 

 

Bukatu da murrizketen garaia Olaberriako Arcelor Mittalen

0


Joan den ostiralean, Arcelor Mittal Olaberriako enpresa batzordeak, gehiengoz, aurreakordioa lortu zuen zuzendaritzarekin. Aurreakordioa LAB eta UGTk sinatu dute. 2013an, langileontzat soldata eta eskubide murrizketa ikarragarria suposatu zuen enpresa ituna sinatu zen Olaberrian. Hori dela eta, LABek ez zuen sinatu. Orain lortutako akordioak, orain 3 urte sinatutako murrizketa gehienen amaiera dakar. Izan ere, soldataren %12aren murrizketaren amaiera dakar, eta aintzinatasunaren bost urtekoen kontaketa berriro hastea, hau dena, 2016ko urtarrilaren 1etik honako atzerapenak kontutan hartuta. Ostegunean langile asanblada egingo da aurreakordio hau berresteko.

Prozesua luzea eta gogorra izan da. 2016ko hasieratik enpresarekin bilerak eskatzen aritu da enpresa batzordea, enpresa-itun berria negoziatzen hasteko. Maiatzaren bukaeran izan ziren lehen harremanak eta orduan, oso zail eta urrutik ikusten zen akordioa. Enpresak murrizketak areagotu nahi izan zituen. Ez digu ezertxo oparitu. Hala eta guztiz ere, ekainean eta udan zehar egin ziren mobilizazioei esker, berriro hasi da negoziazioa urrian eta aurreakordioa lortu da.

Aurreakordioa oso positiboki baloratzen dugu. Ez dugu ahaztu behar urte honetan bertan Arcelorrek Zumarragako lantokia itxi duela, Sestaokoa ere istearekin mehatxatu duela eta Zaragozakoa saldu duela, besteak beste. Honengatik guztiarengatik, sinatu berri den aurreakordioak sekulako balioa eta garrantzia du. Olaberriako langileok, etsipena eta beldurra gainditzeko gai izateaz gain, denok batera borrokatuz gero, lapurtutako eskubideak berreskuratzeko gai garela ere erakutsi dugu.

Beraz, LABek langileak zoriondu nahi ditu eta eskerrak eman eginiko mobilizazioengatik eta azaldutako jarrerarengatik. Irmotasun honi esker, lehenik enpresa negoziatzera ekarri eta azkenik, langileontzako ona den aurreakordioa lortzea posible egin duelako.

 

 

 

EuskoTreneko tren gidarien greba babesten dugu

0

2016ko urriaren 4ean Amara eta Arasoko langileek grebak deitzea adostu zuten urria, azaroa eta abenduan zehar. LAB Sindikatuak bereak egiten ditu langileen aldarrikapen zein deialdiak. Besteak beste lan taldearen handitzea aldarrikatzen dute eta negoziazioetan zehar Zuzendaritzak agertutako jarrera itxia da salatzen dute langileek.

Hori dela eta, LAB Sindikatuak grebak deitzen ditu Amara eta Arasoko lan egoitzetan datozen egunetarako:

  • Urriaren 25 eta 27, azaroaren 22 eta 24 eta abenduaren 19, 21 eta 23an, 06:25etatik 08:35etara eta 17:25etatik 19:35etara.
  • Urriaren 31, azaroaren 2 eta 4 eta abenduaren 5, 7 eta 9an, 10.25etatik 12.35etara eta 18.25etatik 20.35etara.
  • Azaroaren 8,10,28 eta 30ean eta abenduaren 2,27 eta 29an 07:25etatik 09.35etara eta 18.25etatik 20.35etara.
  • Azaroaren 14,16 eta 18an eta abenduaren 13 eta 15ean 06.55etatik 09.05etara eta 17.55etatik 20.05etara.
  • Urriaren 29, azaroaren 12 eta 26an eta abenduaren 17 eta 31ean 11.55etatik 16.05etara.

Greba hau Amara eta Arasoko lan-egoitzetako langile kaltetuek proposatu eta babestua izan da.

Greba deitzeko arrazoien artean lehena zuzendaritzak proposatutako lan-taldearen handitzea (Hendaia-Lasarte eta Amara-Zumaia lerroetarako aurrikusiak diren maiztasun igoerak direla eta ebatziak) nabarmen eskasa dela, irailaren 12a aurreko lan-baldintza zein larunbata-igandeetako libratze kopuruari eusteari dagokionez.

Bigarren arrazoia, Zuzendaritzak Arasora leku-aldatutako langileentzat garraio plan baten berehalako ezarpenari muzin egin izana da.

Hirugarren arrazoia negoziazioetan zehar Zuzendaritzak agertutako jarrera itxia da, zerbitzuaren fidagarritasuna, ikuskatze trenak edota langilegoarentzako garraioa bezalako arazoak hein handi batean konpontzen zituen Alde Sozialaren proposamena era sistematikoan baztertuz.

Azken arrazoi gisa, uztailean Zuzendaritzak negoziaketak apurtu izana dago, koadro zerbitzuen inposaketarekin. Aipatutako koadroak irailaren 12an sartu dira indarrean.

Laburbilduz, grebaren helburua irailaren 12a aurreko tren-gidarien lan-baldintzak eta jarduera bermatu ahal izateko adinako tren-gidari multzoaren handitzea da, eta Arasoko lan-egoitzako langileek bere lantokira joateko garraio publikoa izatea.

 

 

 

Azpikontratatutako enpresen ari direnen lan-baldintzak aztertzeko eskaera egin diogu Amurrioko Udalari

Azpikontratetan lan egiten duten langileen lan-baldintzak kezkatuta, gaur goizean sarrera bat erregistratu dugu Amurrioko Udalean. Adibidez kiroldegiko langileek greba mugagabea hasi dute langileen egoerak hobera egin dezan eskatuz. Baina kiroldegiaz gain, beste hainbat zerbitzu publiko azpikontratatuak daude Amurrion, eta enpresa horietan dauden langileen egoerak ere kezkatzen gaitu. 

Amurrioko Kiroldegiko langileek greba mugagabea hasi dute gaur bertan, eta LABen aburuz, egoera hori lehenbailehen konpondu beharra dago. Horregatik, KIROLZER enpresari eskatzen diogu hitzarmena negoziatzera esertzeko; eta Udalari, azken arduraduna den heinean, egoera honi konponbidea emateko neurriak har ditzala.

Ezin dugu ahaztu, ordea, kiroldegiaz gain, beste hainbat zerbitzu publiko azpikontratatuak daudela Amurrion, eta enpresa horietan dauden langileen egoerak ere kezkatzen gaitu.

Hori dela eta, goizean erregistratutako sarreran Amurrioko Udalari eskatu diogu negoziazio mahai baten osaera. Horren egitekoen artean egongo dira, besteak beste, azpikontratatutako enpresen mapa osatu eta horietan lan egiten duten langileen lan-baldintzen azterketa egitea.

Aste honetan zehar, bilerak eskatuko dizkiegu Amurrioko Udalbatza osatzen duten alderdiei gai honen inguruan hitz egiten hasteko. Gaiak daukan garrantzia dela eta mahaiaren osaera laster burutzeko eragozpenik egongo ez delakoan, hurrengo urratsa proposamen zehatzak egitea izango da. Hortaz, LABen egungo egoera gatazkatsua aldatzeko lanean arituko gara hemendik aurrera.

Amaitzeko, eskualdeko eta inguruetako herritarrei deia luzatzen diogu Amurrioko kiroldegiko langileei babesa adierazteko, haien lan-baldintzak hobetzeko helburuaz hasitako borrokan eta haien deialdiekin bat egiteko.
 

 

 

Pobrezia eta prekarietatearen aurrean Euskal Herriak bere bidea egin behar du


Gaur, urriak 17, Pobrezia Erauzteko Nazioarteko egunean, hainbat eragile sozial eta sindikal bildu gara Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean ezartzen ari diren politika antisozialek jendartearen gehiengoaren pobretze orokortua sortaratzen dutela salatzeko. Egoera hau aldatzeko babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina aldarrikatzen dugu.

Kolektibo sozial eta sindikalen manifestua

Behean sinatzen dugun erakunde sindikal eta sozialak Pobrezia eta Prekarietatearen gorakadaren aurrean mobilizatzen ari gara. Horrela, astelehen honetan, “Pobrezia Erauzteko Nazioarteko Egunean” (urriaren 17an) kontzentrazioa egingo dugu Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean.

Ekimen honen bidez salatzen dugu ezartzen ari diren politika antisozialek jendartearen gehiengoaren pobretze orokortua sortaratzen dutela, beste alde batetik, gutxiengo bat aberastea dakartelarik. Egoera hau larritu egingo litzateke merkataritza askeko itunen ezarpenarekin, hala nola, Europar Batasuna eta Estatu Batuak isilpean negoziatzen ari diren TTIP edo TISA; edo Kanadarekin negoziatzen ari diren CETA. Hauekin, merkatuek are gehiago txikituko dute pertsona eta herrien bizitza, aurrekaririk izango ez duen zerbitzu publikoen pribatizazioa olatuari atea zabalduz.

Prekarietatea, pobrezia, zaurgarritasuna, ziurgabetasuna, eskubideen murrizketa, aldi baterakotasuna, behartutako migrazioak… esplotazioan oinarritutako sistema ekonomiko baten eta gero eta handiagoak diren ezberdintasun sozialak dituen sistema sozialaren oinarrizko osagaiak dira. Esplotazioa eta desberdintasunok emakumeengan dute eragina, bereziki.

%14koa da Hego Euskal Herriko langabezia tasa, Europa Batasuneko batazbestekoa baino 5 puntu gehiagokoa. Langabezian daudenen ia %60ak ez du langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen. Gero eta gehiago dira prestaziorik jasotzen ez duten langabetuak. Administrazioak prestazio sozialak murriztuz joan dira, euren zenbatekoan edo prestazioaren iraupenean, zenbait kolektibo inolako babesik gabe utziz. Pobrezia maila azken 25 urteetako altuena da. Horren adibide dira egunero ematen diren desjabetzeak, euren artean instituzioak eurek egiten dituztenak. Emakumeek gogorrago jasaten dute pobretze dinamika hau. Ezin dugu ahaztu krisiak Euskal Herriko pobrezia eta jendarte bazterkeria larritu besterik ez duela egiten eta bere esistentzia bera, desberdintasuna, esplotazioa eta aberastasun sozialen bereganatze pribatuaz elikatzen den sistema sozial eta ekonomikoaren isla dela.

Aurretik aipatutako guztiarengatik, beharrezko ikusten dugu gure herri eta auzoetan dauden Pobrezia eta Prekarietate errealitateen aurka kalera ateratzea. Babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina eskatuz, errealitate hauei aurre egingo diena. Horregatik honakoa eskatzen dugu:

  • Gutxieneko soldataren igoera nabarmena, enplegua eta pobrezia gauza berdina izatea ekidingo duena.
  • Zenbateko duina izango duen prestazioa enplegu faltak irauten duen bitartean.
  • DSBE eta Inklusio Sozialeko Errentaren (Oinarrizko Errenta) zenbatekoa egungo Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren gainetik. Eta kide batetik gorako unitate konbibentzialei ezarri beharreko eskalak handitzea. Diru sarreren bermerako sistema ezarri, egungoa ordezkatuko duena eta eskubide soziala izango dena. Bermatua egon behar da bizitza duinerako eskubidea. DSBE eta Inklusio Sozialeko Errentak bermatzea baliabide ekonomikoen falta dagoen artean. Larrialdi sozialerako errentak jasotzeko eskubide subjektiboa ezartzea, benetan dauden beharrizanak bete behar dituztenak.
  • Murrizketen ondorioz kanpo gelditu diren kolektibo guztiei prestazio sozialak aitortzea, eta DSBEren zenbatekoa duela 5 urteko %7aren jaitsieran atzera egitea.
  • Prestazio sozialak kudeatzerakoan ezartzen ari diren irizpide murriztaileak ezabatzea.
  • Aurrekontua handitzea zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitatezkoak (osasungintza, hezkuntza, enplegua, jendarte-arreta) edukitzea ahalbidetuko duten bitarteko humano, material eta teknikoak izateko.
  • Pertsona guztien hezkuntza, osasuna eta osasun-arretarako eskubidea bermatzea. Desjabetzeak gelditzea eta etxebizitza duin eta egokia bermatzea. Baliabide ekonomikoen faltagatik, inor elektrizitatea, gasa, ura eta elikadurarik gabe geldituko ez dela bermatzea.
  • Euskal Herrian pertsona guztiek bizitza duin, autonomo eta kalitatezkoaz gozatu ahal izatek, baliabide eta bitarteko nahikoa izango dutela bermatzeko gai izango den babes sozialeko sistema izatea ahalbidetuko duten tresna propioak izateko konpromiso instituzionala.

Helburuok, Hego Euskal Herriko instituzioek ezartzen dituzten aurrekontu eta fiskalitate politiketan emango den errotiko aldaketa baten parte izan behar dira.

Guzti horrengatik mobilizatuko gara Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan “Pobrezia Erauzteko Nazioarteko Egunean”.

 

 

 

Rafak egunotan jasotako babesa Santoñara eraman dugu

Gaur, hilak 16, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia eta Jabi Garnika, LABeko Idazkari Nagusiaren Ondokoa, Santoñara gerturatu dira Rafa Diez Usabiagari bisita egitera. Bisita honetan beste mezu askoren artean urriak 14ean Filosofiako fakultatean jatorri eta ibilbide politiko sozial kultural eta sindikal ezberdinetako herritarrek sinatutako manifestua helarazi diote. 

7 urte bete dira jada polizia nazionala LABeko igarako egoitzan sartu eta Rafa Diez Usabiaga eta Bateragune auziko beste kideak atxilotu zituztenetik. Urteak pasa diren arren Rafak preso jarraitzen du eta gainontzeko kideak zigorra oso osorik bete ostean geratu dira libre. Altua izan da atxilotuek ordaindu behar izan duten prezioa. Injustizi honekin amaitzeko ordua da. Bada garaia LABeko Idazkari Nagusi ohia eta gainontzeko preso eta iheslariak etxera ekartzeko.

LABek uste du euskal preso eta iheslarien aldeko borrokan urrats berriak eman behar direla, bai herri bezala, bai sindikatuetatik eta baita langile bakoitzak ere. Horregatik aurtengo kurtsoan preso eta iheslarien afera konpontzea agendaren erdigunera ekarriko du LABek. Azken egun hauetako ekimen ezberdinei — hitzaldiak, elkarretaratzeak, Sareren manifestazioa, Ireki ekimena, …— jarraipena emanez preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatuko dugu. Arazo honen aurrean langileok zer esan eta zer egin handia dugu.