2025-12-30
Blog Page 992

EuskoTreneko tren gidarien greba babesten dugu

0

2016ko urriaren 4ean Amara eta Arasoko langileek grebak deitzea adostu zuten urria, azaroa eta abenduan zehar. LAB Sindikatuak bereak egiten ditu langileen aldarrikapen zein deialdiak. Besteak beste lan taldearen handitzea aldarrikatzen dute eta negoziazioetan zehar Zuzendaritzak agertutako jarrera itxia da salatzen dute langileek.

Hori dela eta, LAB Sindikatuak grebak deitzen ditu Amara eta Arasoko lan egoitzetan datozen egunetarako:

  • Urriaren 25 eta 27, azaroaren 22 eta 24 eta abenduaren 19, 21 eta 23an, 06:25etatik 08:35etara eta 17:25etatik 19:35etara.
  • Urriaren 31, azaroaren 2 eta 4 eta abenduaren 5, 7 eta 9an, 10.25etatik 12.35etara eta 18.25etatik 20.35etara.
  • Azaroaren 8,10,28 eta 30ean eta abenduaren 2,27 eta 29an 07:25etatik 09.35etara eta 18.25etatik 20.35etara.
  • Azaroaren 14,16 eta 18an eta abenduaren 13 eta 15ean 06.55etatik 09.05etara eta 17.55etatik 20.05etara.
  • Urriaren 29, azaroaren 12 eta 26an eta abenduaren 17 eta 31ean 11.55etatik 16.05etara.

Greba hau Amara eta Arasoko lan-egoitzetako langile kaltetuek proposatu eta babestua izan da.

Greba deitzeko arrazoien artean lehena zuzendaritzak proposatutako lan-taldearen handitzea (Hendaia-Lasarte eta Amara-Zumaia lerroetarako aurrikusiak diren maiztasun igoerak direla eta ebatziak) nabarmen eskasa dela, irailaren 12a aurreko lan-baldintza zein larunbata-igandeetako libratze kopuruari eusteari dagokionez.

Bigarren arrazoia, Zuzendaritzak Arasora leku-aldatutako langileentzat garraio plan baten berehalako ezarpenari muzin egin izana da.

Hirugarren arrazoia negoziazioetan zehar Zuzendaritzak agertutako jarrera itxia da, zerbitzuaren fidagarritasuna, ikuskatze trenak edota langilegoarentzako garraioa bezalako arazoak hein handi batean konpontzen zituen Alde Sozialaren proposamena era sistematikoan baztertuz.

Azken arrazoi gisa, uztailean Zuzendaritzak negoziaketak apurtu izana dago, koadro zerbitzuen inposaketarekin. Aipatutako koadroak irailaren 12an sartu dira indarrean.

Laburbilduz, grebaren helburua irailaren 12a aurreko tren-gidarien lan-baldintzak eta jarduera bermatu ahal izateko adinako tren-gidari multzoaren handitzea da, eta Arasoko lan-egoitzako langileek bere lantokira joateko garraio publikoa izatea.

 

 

 

Azpikontratatutako enpresen ari direnen lan-baldintzak aztertzeko eskaera egin diogu Amurrioko Udalari

Azpikontratetan lan egiten duten langileen lan-baldintzak kezkatuta, gaur goizean sarrera bat erregistratu dugu Amurrioko Udalean. Adibidez kiroldegiko langileek greba mugagabea hasi dute langileen egoerak hobera egin dezan eskatuz. Baina kiroldegiaz gain, beste hainbat zerbitzu publiko azpikontratatuak daude Amurrion, eta enpresa horietan dauden langileen egoerak ere kezkatzen gaitu. 

Amurrioko Kiroldegiko langileek greba mugagabea hasi dute gaur bertan, eta LABen aburuz, egoera hori lehenbailehen konpondu beharra dago. Horregatik, KIROLZER enpresari eskatzen diogu hitzarmena negoziatzera esertzeko; eta Udalari, azken arduraduna den heinean, egoera honi konponbidea emateko neurriak har ditzala.

Ezin dugu ahaztu, ordea, kiroldegiaz gain, beste hainbat zerbitzu publiko azpikontratatuak daudela Amurrion, eta enpresa horietan dauden langileen egoerak ere kezkatzen gaitu.

Hori dela eta, goizean erregistratutako sarreran Amurrioko Udalari eskatu diogu negoziazio mahai baten osaera. Horren egitekoen artean egongo dira, besteak beste, azpikontratatutako enpresen mapa osatu eta horietan lan egiten duten langileen lan-baldintzen azterketa egitea.

Aste honetan zehar, bilerak eskatuko dizkiegu Amurrioko Udalbatza osatzen duten alderdiei gai honen inguruan hitz egiten hasteko. Gaiak daukan garrantzia dela eta mahaiaren osaera laster burutzeko eragozpenik egongo ez delakoan, hurrengo urratsa proposamen zehatzak egitea izango da. Hortaz, LABen egungo egoera gatazkatsua aldatzeko lanean arituko gara hemendik aurrera.

Amaitzeko, eskualdeko eta inguruetako herritarrei deia luzatzen diogu Amurrioko kiroldegiko langileei babesa adierazteko, haien lan-baldintzak hobetzeko helburuaz hasitako borrokan eta haien deialdiekin bat egiteko.
 

 

 

Pobrezia eta prekarietatearen aurrean Euskal Herriak bere bidea egin behar du


Gaur, urriak 17, Pobrezia Erauzteko Nazioarteko egunean, hainbat eragile sozial eta sindikal bildu gara Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean ezartzen ari diren politika antisozialek jendartearen gehiengoaren pobretze orokortua sortaratzen dutela salatzeko. Egoera hau aldatzeko babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina aldarrikatzen dugu.

Kolektibo sozial eta sindikalen manifestua

Behean sinatzen dugun erakunde sindikal eta sozialak Pobrezia eta Prekarietatearen gorakadaren aurrean mobilizatzen ari gara. Horrela, astelehen honetan, “Pobrezia Erauzteko Nazioarteko Egunean” (urriaren 17an) kontzentrazioa egingo dugu Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean.

Ekimen honen bidez salatzen dugu ezartzen ari diren politika antisozialek jendartearen gehiengoaren pobretze orokortua sortaratzen dutela, beste alde batetik, gutxiengo bat aberastea dakartelarik. Egoera hau larritu egingo litzateke merkataritza askeko itunen ezarpenarekin, hala nola, Europar Batasuna eta Estatu Batuak isilpean negoziatzen ari diren TTIP edo TISA; edo Kanadarekin negoziatzen ari diren CETA. Hauekin, merkatuek are gehiago txikituko dute pertsona eta herrien bizitza, aurrekaririk izango ez duen zerbitzu publikoen pribatizazioa olatuari atea zabalduz.

Prekarietatea, pobrezia, zaurgarritasuna, ziurgabetasuna, eskubideen murrizketa, aldi baterakotasuna, behartutako migrazioak… esplotazioan oinarritutako sistema ekonomiko baten eta gero eta handiagoak diren ezberdintasun sozialak dituen sistema sozialaren oinarrizko osagaiak dira. Esplotazioa eta desberdintasunok emakumeengan dute eragina, bereziki.

%14koa da Hego Euskal Herriko langabezia tasa, Europa Batasuneko batazbestekoa baino 5 puntu gehiagokoa. Langabezian daudenen ia %60ak ez du langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen. Gero eta gehiago dira prestaziorik jasotzen ez duten langabetuak. Administrazioak prestazio sozialak murriztuz joan dira, euren zenbatekoan edo prestazioaren iraupenean, zenbait kolektibo inolako babesik gabe utziz. Pobrezia maila azken 25 urteetako altuena da. Horren adibide dira egunero ematen diren desjabetzeak, euren artean instituzioak eurek egiten dituztenak. Emakumeek gogorrago jasaten dute pobretze dinamika hau. Ezin dugu ahaztu krisiak Euskal Herriko pobrezia eta jendarte bazterkeria larritu besterik ez duela egiten eta bere esistentzia bera, desberdintasuna, esplotazioa eta aberastasun sozialen bereganatze pribatuaz elikatzen den sistema sozial eta ekonomikoaren isla dela.

Aurretik aipatutako guztiarengatik, beharrezko ikusten dugu gure herri eta auzoetan dauden Pobrezia eta Prekarietate errealitateen aurka kalera ateratzea. Babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina eskatuz, errealitate hauei aurre egingo diena. Horregatik honakoa eskatzen dugu:

  • Gutxieneko soldataren igoera nabarmena, enplegua eta pobrezia gauza berdina izatea ekidingo duena.
  • Zenbateko duina izango duen prestazioa enplegu faltak irauten duen bitartean.
  • DSBE eta Inklusio Sozialeko Errentaren (Oinarrizko Errenta) zenbatekoa egungo Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren gainetik. Eta kide batetik gorako unitate konbibentzialei ezarri beharreko eskalak handitzea. Diru sarreren bermerako sistema ezarri, egungoa ordezkatuko duena eta eskubide soziala izango dena. Bermatua egon behar da bizitza duinerako eskubidea. DSBE eta Inklusio Sozialeko Errentak bermatzea baliabide ekonomikoen falta dagoen artean. Larrialdi sozialerako errentak jasotzeko eskubide subjektiboa ezartzea, benetan dauden beharrizanak bete behar dituztenak.
  • Murrizketen ondorioz kanpo gelditu diren kolektibo guztiei prestazio sozialak aitortzea, eta DSBEren zenbatekoa duela 5 urteko %7aren jaitsieran atzera egitea.
  • Prestazio sozialak kudeatzerakoan ezartzen ari diren irizpide murriztaileak ezabatzea.
  • Aurrekontua handitzea zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitatezkoak (osasungintza, hezkuntza, enplegua, jendarte-arreta) edukitzea ahalbidetuko duten bitarteko humano, material eta teknikoak izateko.
  • Pertsona guztien hezkuntza, osasuna eta osasun-arretarako eskubidea bermatzea. Desjabetzeak gelditzea eta etxebizitza duin eta egokia bermatzea. Baliabide ekonomikoen faltagatik, inor elektrizitatea, gasa, ura eta elikadurarik gabe geldituko ez dela bermatzea.
  • Euskal Herrian pertsona guztiek bizitza duin, autonomo eta kalitatezkoaz gozatu ahal izatek, baliabide eta bitarteko nahikoa izango dutela bermatzeko gai izango den babes sozialeko sistema izatea ahalbidetuko duten tresna propioak izateko konpromiso instituzionala.

Helburuok, Hego Euskal Herriko instituzioek ezartzen dituzten aurrekontu eta fiskalitate politiketan emango den errotiko aldaketa baten parte izan behar dira.

Guzti horrengatik mobilizatuko gara Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan “Pobrezia Erauzteko Nazioarteko Egunean”.

 

 

 

Rafak egunotan jasotako babesa Santoñara eraman dugu

Gaur, hilak 16, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia eta Jabi Garnika, LABeko Idazkari Nagusiaren Ondokoa, Santoñara gerturatu dira Rafa Diez Usabiagari bisita egitera. Bisita honetan beste mezu askoren artean urriak 14ean Filosofiako fakultatean jatorri eta ibilbide politiko sozial kultural eta sindikal ezberdinetako herritarrek sinatutako manifestua helarazi diote. 

7 urte bete dira jada polizia nazionala LABeko igarako egoitzan sartu eta Rafa Diez Usabiaga eta Bateragune auziko beste kideak atxilotu zituztenetik. Urteak pasa diren arren Rafak preso jarraitzen du eta gainontzeko kideak zigorra oso osorik bete ostean geratu dira libre. Altua izan da atxilotuek ordaindu behar izan duten prezioa. Injustizi honekin amaitzeko ordua da. Bada garaia LABeko Idazkari Nagusi ohia eta gainontzeko preso eta iheslariak etxera ekartzeko.

LABek uste du euskal preso eta iheslarien aldeko borrokan urrats berriak eman behar direla, bai herri bezala, bai sindikatuetatik eta baita langile bakoitzak ere. Horregatik aurtengo kurtsoan preso eta iheslarien afera konpontzea agendaren erdigunera ekarriko du LABek. Azken egun hauetako ekimen ezberdinei — hitzaldiak, elkarretaratzeak, Sareren manifestazioa, Ireki ekimena, …— jarraipena emanez preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatuko dugu. Arazo honen aurrean langileok zer esan eta zer egin handia dugu.
 

 

 

 

LABek ongi etorria ematen dio IREKI ekimenari


Gaur, urriak 15, Donostian Euskal Herriko txoko guztietatik joandako 40 langilek IREKI ekimena aurkeztu dute, “langileen bultzadaz euskal preso eta iheslariak etxeratze bidean jartzeko” asmoz. Helburu horren bila sinadura bilketa iragarri dute, “inoiz Euskal Herrian egin den sinadura bilketarik erraldoiena”, 150.000 sinadura biltzeko erronka jarrita.

Azken urteetan —bereziki duela 5 urte ETAk behin-betiko su-etena iragarri zuenetik hona— preso eta iheslarien gaian eragiteko lan munduan izaniko mugapenak gainditzeko beharra dagoela adierazi du IREKIk. Eta LABetik ere gauza bera diogu, gehiago egin beharra dago eta zentzu horretan datorren ekimen oro ongi etorria izango da. Aurtengoa preso eta iheslarien gaiari dagokionez urrats berri eta erabakigarriak emateko urtea izan behar du, indarrak metatuz, lan mundua astinduz, langileen protagonismotik, eta eragile sindikalon konpromisotik.
 

 

 

“Aske ikusi nahi dugu laster batean” #RafaGureArtera


Bateragune auziko kideak atxilotu zituztela 7 urte bete diren honetan, Rafa etxera ekartzeko aldarria inoiz baino presenteago dago. Hala nola gaur jatorri eta ibilbide politiko ezberdinetako jendea, eremu sozial, kultural eta sindikal anitzekoak Donostiako Filosofiako kanpusean bildu gara Rafa gure artera ekartzeko aldarrikapenarekin. Duela zazpi urte atxiloketa haiek salatu zituzten horiek gaur argi eta garbi utzi dute Rafa kalean ikusi nahi dutela.

Bost urte igaro dira ETAk bere jardun armatua behin betirako amaitutzat eman zuela, baina Estatu espainola zein frantsesak ez dute inolako aurrera urratsik eman. Horren adibide dira Rafak oraindik kartzelan jarraitzea eta Bateragune auziko beste kideak zigorra osorik bete ostean atera izana. Ezinezkoa da urte guzti hauetako kaltea osatzea baina bada garaia etorkizun justuago baterako urratsak ematen hasteko. Urrats zehatzak emateko ordua da, Rafaren kasuan eta antzekoetan kartzela zigorrak berraztertzeko testuinguru orokorra irekitzea, sakabanatetarekin amaitzea, gaixotasuna larriak dituzten presoak aske uztea edota zigorren 3/4ak beteak dituztenen egoera berraztertzea.

“Aske ikusi nahi dugu laster batean, ezarritako kartzela zigorra osorik bete baino lehen”. Mezu hau igandean bertan helaraziko dio Rafari, urriak 16, Santoñara bisitan joango zaion LABeko ordezkaritza batek. Denbora asko galdu da, bada garaia Rafa eta gainontzeko presoak etxera bidean jartzeko.

Gogoratu ere gaur arratsaldeko 19:30etan “Free Rafa Them All” izenburupean Rafaren eta Euskal Preso guztien etxeratzea eskatzeko hitzaldia izango dela Lasarteko Kultur Etxean, eta bihar arratsaldeko 17:00etan, Donostian, Preso gaixo larrien etxeratzea eskatzeko manifestazioa antolatu duela Sare-k.

RAFA GURE ARTERA- AGIRIA

"Zazpi urte bete dira gaur Bateragune kasuaren baitan gertatutako atxiloketak gauzatu zirenetik.

Idatzi hau babesten dugunok, jatorri eta ibilbide politiko desberdinetakoak gara, eremu sozial, kultural eta sindikal anitzekoak, eta hala ere bat etorri ginen orduan operazioa arbuiatzerakoan, eta bat gatoz gaur ikuspegi hura berresten, iragandako denborak emandako ikuspegiarekin.

Zerbait ez dabil ondo sistema batean zeinetan eskutik doazen Gobernuko alderdiaren gorengo eremuetan gertatzen den ustelkeria eta gehiengo sozialak krisi garaietan zigortzeko austeritate politikak, edota kartzelarekin penatzen diren, kasu honetan bezala, bortizkeria amaitzeko eta normalkuntza demokratikoa ekartzeko meritu handiko garabideak gidatu dituztenen jardunak.

Gur egun ere jasaten ari gara oraindik ordukoaren ondorioak. Azken hauteskundeetan gertatu da, Arnaldo Otegiri lehendakari-hautetsi bezala aurkezteko aukera ukatu zaionean. Eta gaur bertan ere gertatzen da, Rafa Díez Usabiaga kartzelan dagoelako, sumarioan bildutako gainerako kide guztiak zigor osoa bete ondoren aske daudelarik.

Hauxe da hain zuzen ere agiri honetara gakartzan arrazoia. Zeren eta ezinezkoa da jada Bateragune kasuan egindako kaltea osatzea, baina arrazoizkoa dirudi etorkizunerako aukera berriak ireki daitezkeela pentsatzea, Rafa Diez Usabiaga berehala libre geratuko balitz, bere zigorra berrikusteko testuinguruan, oraintsu egin duten bezala Entzutegi Nazionalak eta Epaitegi Gorenak, Zigor Kodeko 579.4 bis artikulua aplikatuta. 

Gure ustez eskari honek zentzu juridiko osoa dauka, politikoa ukaezina delako, ETAk bere jardun bortitzaren behin betirako amaiera iragarri zuenetik jada bost urte bete direnean. Zentzu juridiko eta politiko bera izango lukeelarik Rafarenaren antzeko kasuetan kartzela zigorrak berraztertzeko testuinguru orokorra irekitzeak, eta era berean sakabanaketaren amaiera, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, edota zigorraren 3/4ak bete dituztenena ere berraztertuz.

Azken batean, justizia trantsizionalaz ari gara, ETArekin lotzen diren presoei aplikatzen zaien salbuespeneko kartzela erregimenari bukaera emateko.

Horretaz guztiaz mintzatzeko garaia da, eta horrela egitea Rafa Diez Usabiagarenganako aitortza azaltzeko modurik egokiena da ziurrenik, ez bakarrik preso dagoelako, berez darion balioagatik ere bai, oraingoa bezalako uneetan nabarmentzen baita hutsunea, berak ongi mamitzen duen konpromisorako ahalmena, ikuspegi estrategikoa, lidergoa, eta akordioak lantzeko gaitasunarena.

Aske ikusi nahi dugu laster batean, ezarritako kartzela zigorra osorik bete baino lehen. Har bitez helburu horretarako neurri juridiko egokiak eta itzal bitez eragozle diren jarrera politikoak.

Bukatzeko, mezu pertsonal sentibera zuzendu nahi diegu Rafari eta bere familiari, gure gertutasuna eta gure arnasarik beroena adierazi, laster batean aske ikusiko dugun fede eta esperantzarekin.

Argi eta indartsu entzun dadila gure ahotsa: Zigorraren berrikusia eta berehalako askatasuna Rafarentzat

Donostian, 2016ko urriaren 14an"

 

 

 

Lanuzteak Artiach-Adam Foods enpresan langileen osasunaren defentsan eta inposizioen kontra

0

Orozkoko ARTIACH-ADAM FOODSeko enpresa batzordeak lanuzteak deitu ditu datorren urriaren 18 eta 20rako, ordubetekoak txanda bakoitzean. Deialdiok langileek asanbladaren gehiengo batek babestu ditu eta euren helburua, aldebakarrez enpresak osasun eta kontingentzien arloan inposatu dituen azken erabakiei erantzuna ematea da.

ARTIACH-ADAM FOODSeko enpresa-batzordearen oharra

"Orozkoko ARTIACH-ADAM FOODSeko enpresa batzordeak lanuzteak deitu ditu datorren urriaren 18 eta 20rako, ordubetekoak txanda bakoitzean. Deialdiok langileek asanbladaren gehiengo batek babestu ditu eta euren helburua, aldebakarrez enpresak osasun eta kontingentzien arloan inposatu dituen azken erabakiei erantzuna ematea da.

Zehazkiago, enpresa batzordetik salatu nahi dugu enpresak eta MAZ mutualitateak martxan jarri duten birkokatze politika, irailean abiatu zutena laneko baja duten pertsonekin. Horrela, mutualitatearen esku geratzen da, baja bat izatean euren aurreko funtzioak bete ezin dituzten langileak ebaluatu eta birkokatzeko ahalmena.

Honek suposatzen du aldi baterako lesioak dituzten langileak, sendatzeko atsedena behar dutenak, beste lanpostu batzutan lan egitera behartuta ikusten dutela euren burua, honek euren osasunari sortaratzen dizkion kalteekin. Honezkero hiru langileri ezarri dizkiote antzerako neurriak. Horrela, besoa igeltsatuta edo beso-euskarriarekin dauden langileak lan egitera behartu dituzte, ustez hau erabiltzea eskatzen ez duten funtzioak betez.

Legez kanpoko jarduera da hau, eta honezkero sartu da salaketa Lan Ikuskaritzan, ulertzen dugulako zuzenean eraso egiten diola gure osasunerako eskubideari eta prebentzio eta lan osasuneko batzordean ezer kontsultatu barik egin inposatu delako.

Horregatik guztiagatik, langile guztiak animatzen ditugu gure osasunaren defentsan eta ARTIACH-ADAM FOODSeko zuzendaritzaren inposizio jarreraren aurka deitutako lanuzte eta mobilizazioetan parte hartzera.

Orozkon, 2016ko urriaren 14ean"

 

 

 

Edesako enpresa batzordeak ez du EEEaren aurkezpena onartzen

0

EDESA INDUSTRIALeko Enpresa Batzordeak gaur, ostirala, lehenengo bilera izan du enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziaketaren inguruan. Enplegu Erregulazio Espedientearen aurkezpena ez dute onartzen, bere baitan ez baitu inolako irtenbiderik proposatzen, eta enpresaren etorkizunaren inguruan kezka sortzen duen urrats berria delako.

EDESA INDUSTRIALeko ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA

"EDESA INDUSTRIALeko Enpresa Batzordeak gaur, ostirala, lehenengo bilera izan dugu enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziaketaren inguruan.

Enpresako zuzendaritzak Enplegu Erregulazio Espedientearen aplikazio minimoa proposatzen du, azaroan bakarrik aplikatuko bailitzateke, eta gainera, era partzialean.

Enplegu Erregulazio Espedientearen aurkezpena ez dugu onartzen, bere baitan ez baitu inolako irtenbiderik proposatzen, eta enpresaren etorkizunaren inguruan kezka sortzen digun urrats berria da.

Ez dugu inolako zalantzarik CNA Fagor proiektua bideragarria izan daitekeela. Ez da inora eramango ez gaituzten alarmismotan erortzeko unea. Falta dena argitasun gehiago da, gardentasun gehiago, konpromiso gehiago, seriotasun gehiago da zuzendaritzaren aldetik.

Garai gogorrak bizi izan genituen Fagor Electrodomésticosen likidazioan. Bere garaian inplikatu ginen guztiak berriz inplikatzeko unea da, instituzioak barne. Bideragarri izan daitekeen eta bideragarri izan behar duen proiektu honek aurrera egiteko.

Arrasate, 2016ko urriaren 14an "

 

 

 

Urriak 17, Pobreziaren Kontrako Eguna


LABek premiazko neurriak eskatzen ditu pobreziarekin amaitzeko, izurrite sozial honek bereziki gazteengan, langile klasean, adinekoengan eta nagusiki emakumeekiko duen eragina aintzat hartuta. 

Zenbatekoak izugarriak dira: pasa den urte amaieran Hego Euskal Herrian 468.000 pertsonatik gora zeuden pobreziaren edota bazterketa sozialaren arriskuan. Nafarroan biztanleen %13 zegoen egoera horretan eta EAEn biztanleen %17,6 koa da pobrezia eta bazterketa arriskuan dauden biztanleen kopurua. Langabezian dauden pertsonen %57tik gora inolako prestazio edo diru-laguntzari gabe daude, eta zoritxarrez, kopurua etengabe handitzen ari da.

Diskurtso ofizialak, egungo admnistrazioen eskutik, begi-bistako egitate bat baztertzen du: gizarte bazterketaren iraupen estrukturala. Bestela esanda, gizarte-bazterkeria desagerrarazteko politiken porrota. Pobrezia eta bazterkeria sorrarazten eta berregiten duten elementuei buruzko planteamendu autokritikorik ez dute egiten. Aberastasunaren pilaketaren egungo sistemari eusten dioten zutabeak eraisteko ekintza kontsekuente bat beharko litzateke, baina ez daude prest horrek eskatzen duen ardurari eusteko.

Sistema kapitalistak berekin dakartza txirotasuna eta enpleguaren ezegonkortasuna. Kapitalismoak erabaki du fase historiko honetan eskubide sozialak eta lan eskubideak kitatzea, zerbitzu publikoak pribatizatzea eta esplotaziorako bide ezberdinetan sakontzea. Hori guztia ikusirik, bestelako erabaki politikoak hartu behar dira, herriaren gehiengoaren interes eta nahiaren araberako erabakiak.

Egungo errealitate insituzionalak eta horrek ezartzen digun esparru juridikoak oso zail egiten du ezegonkortasun masiboko egoera eta dauzkan ondorio mingarriak gainditzea. Herri eta klase bezala beharrezkoa dugu euskal esparru sozioekonomikoa lortzeko pausoak ematea, erabakiak hartzeko, lan-harremanen marko propio baten bidean eta gizarte-babeserako sistema bat izan dezagun. Euskal Herriko herritar guztiei bizimodu duin, autonomo eta kalitatezko bat bermatzeko bitartekoak behar ditugu.

Horregatik guztiagatik LABek dei egiten du datorren astean, hilaren 17an, egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. Deialdien artean nabarmentzekoa, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean egingo dena. Goizeko 10.30etan bertan ikusiko dugu elkar.