2025-12-28
Blog Page 990

Prest gaude

0

IRITZIA
Ruben Iglesias San Sebastian eta Aitziber Perez Blanco
LAB Irakaskuntza

Segidan irakurriko dituzun hitz hauek premisa bat dute oinarri eta honek ematen dio zentzua artikuluari. Beraz, ondorengo azalpenak ezingo genituzke behar bezala ulertu premisa hau aintzat hartuko ez bagenu: Euskal Herrian hezkuntza gatazka ere ematen da. Izan ere, Euskal Herriari Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemak inposatzen zaizkio eta bere hezkuntza sistema propioa egituratzeko aukera ukatzen zaio. Baina gainera, oinarrizko inposaketa honek euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eta orokorra eragiten du. Horregatik, geure hezkuntza sistema antolatzea eskubidea eta beharra da aldi berean. Eskubidea da, munduko gainontzeko nazioek bezalaxe, Euskal Herriak ere bere buruaren jabe izateko eskubidea duelako, baita hezkuntzaren alorrean ere; bere behar ekonomiko, sozial eta kulturalei erantzungo dion hezkuntza sistema antolatzeko eskubidea du. Eta beharra da, herritarren hezkuntza eskubideak bermatzeko, geure hezkuntza diseinu propioa egitea beharrezkoa delako.

Guk ez dugu Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemen erreprodukzio hutsa egin nahi. Hezkuntza sistema bat antolatu nahi dugu, baina hezkuntza eskubideetan oinarrituta eta ez estatuaren botere soilean oinarrituta. Hau da, hezkuntza arautzeko aukera nahi dugu, hezkuntza beste modu batean arautu nahi dugulako. Hezkuntza euskalduna nahi dugu, frantsesek hezkuntza frantsesa eta espainiarrek hezkuntza espainiarra duten bezala. Baina gainera, hezkuntza euskalduna beste modu batean antolatu nahi dugu eta horretan ari gara.
Bide honetan, azken urteotan garatutako oinarrietan aurrera egin nahi du LABek: inposizioak salatzeaz gain, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak ematea. Maiz adierazi dugun bezala, desobedientzia ez delako ezetza adieraztea soilik, bide propioa ere jorratu behar baita. Horregatik aurreko ikasturtean hasi ginen etorkizuneko euskal estatuak izan behar duen gona berria, gona gorria iruten. Puntadaz-puntada, Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua eraikitzen. Eta eredu horretan ebaluazioaren gaia behar bezala kokatu behar delakoan gaude. Kontuan izanik ebaluazioak guztia baldintzatzen duela: pedagogia, metodologia, helburuak, … Hezkuntza Sistema Propioaren bidean urratsak eman nahi baditugu, gure ustez, ebaluazio sistema guztia, gaur egungoa ere, zalantzan jarri beharko dugu. Ez da nahikoa Heziberriren bitartez edota Nafar Gobernuaren dekretuz LOMCEk inposatutako azterketei planto egitea. Jarrera hau tresna bat da baina ez helburua. Helburua gure Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hastea da, eta planto egiteak bide horretan palanka izan behar du.

Guk ,ikasturte honetan, ebaluazio eredu berri baten eraikuntzaren aldeko hautua egin dugu. Eredu berri horren eraikuntzak hezkuntza komunitate guztiaren parte hartzean oinarritu beharko luke, izan ere, ebaluazioaren afera ikuspegi poliedrikotik landu behar dugu. Beharrezkoa dugu bestelako ebaluazio sistema bat non ikaslea ez ezik, irakasle taldea, eskola, familia (hau da, komunitatea) eta finean, sistema guztia ebaluatuko den. Hobekuntzan, ekitatean, aukera berdintasunean oinarritu eta bide horretan aurrera egiteko neurri zehatzak eskainiko dituena. Bizi dugun ziurgabetasun egoera probestu eta ebaluazioaren izaera, funtzio, helburu, eredu, …, inguruko hausnarketa integrala burutu beharko genuke, ebaluazioaren paradigman aldaketa bultzatzeko. HPT (Hezkuntza Plataformen Topagunea)k antolaturiko topaketak lehen urratsa dira hausnarketa horrekiko eta noski, LAB bertan egongo da.

Alta, jakin badakigu, bide hau ezin dugula bakarrik egin eta horregatik iruten dinamikaren filosofia malgua eta dinamikoa da. Molde zaharrak apurtu, aurrera begira jarri eta Euskal Herriaren hezkuntza bere herritarren beharretara egokitzea du xede. Egungo zatiketa sozialaren arriskuak gainditu (hiru sare, heziketa eta aukera desberdinak…), hezkuntzaren prekarizazioari aurre egin eta biztanleen herri identitatea eta kohesioa lortu nahi ditu. Hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean, eta baita jendartea kohesionatzeko ere (pentsaera guztiak errespetatuz, doktrinamendurik gabe…). Horregatik guztiagatik, hezkuntzak lehentasun soziala izan behar du eta beharrezkoak dituen baliabideak eta inbertsioak jaso behar ditu. Gure herriak behar duen hezkuntzari buruzko eztabaida soziala bultzatu nahi dugu; ezer inposatu gabe, errespetuan oinarrituta ahalik eta eztabaida zabalena sortu nahi dugu.

Erakunde edo hezkuntza eragile bakoitzak izango du bere hezkuntza proiektua, bere bidea, baina akordioaren bertutea eta indarra sorburu desberdinak norabide berean jartzean datza. Egiari zor, nagusiki, bi bide daude: egungo egoera betikotzen jarraitzen uztea ala herri gisa hausnarketa komuna egin eta Euskal Herriko herritarren beharretara egokitzeko jarrera aktiboa izatea, prozesu independentista abiatzea, finean. Bestalde jakitun gara hastapeneko urratsetan gaudela eta hauek ondo bideratu eta garatzea ezinbestekoa izango dela bide honek duen potentzialitate osoa aktibatu nahi badugu. Prest gaude!

 

 

 

LAB, Banco Popularreko 173 langileren kaleratzearen kontra

0

Banco Popularreko zuzendaritzak EEEa aurkeztu du kaleratze kolektibo bidez (Langileen Estatutuko 51. Artikulua, bankuko egungo 12.910 langiletako plantila 2.894 langiletan murrizteko helburuarekin (%22,42). Era berean, 18 sukurtsal itxi nahi ditu Euskal Herrian, (302 Espainiar estatuan). Banco Popularrean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok enplegu eta sukurtsalen murrizketa bortitz honen aurka gaude.

HURRENGO MOBILIZAZIOA
Urriak 26. 17:00etan Bilboko Banco Popular aurrean

Banco Popularrak EEE hau egiteko aipatzen dituen arrazoiak ekonomikoak, antolaketaren ingurukoak eta ekoizpenari lotutakoak dira. Berauek justifikatzeko diru-sarreren jaitsiera jarraia aipatzen du, eraginkortasun-erratio apalagoa, internet bidezko banka elektronikoaren erebilera eta sektoreko gainontzeko enpresekin egindako konparatiba, 2013-2015 urteetan zehar emandako langile eta sukurtsal murrizketari dagokionez, honen arabera apalagoa izan da azken hau Banco Popularrean.

EEE edo Kaleratze kolektiboaren bidez murriztu nahi du plantila Popularrak. Alde batetik, 1.900 langile. 80, 55 eta 57 urte tartekoak, 120 58 urtetakoak eta 1.700 59 eta 63 urte artekoak, “aurrejubilazioen” antzeko baldintzekin, langabezia prestazioa kobratuz eta bankuak osagarrituko duen Bankako Hitzarmenaren pentsionagarria izango den soldata garbiaren portzentaia bateraino. Beste alde batetik, sustatutako bajak eta mugikortasun geografikoa planteatzen ditu beste 1.000 langilerentzat.

LABetik, EEEaren Batzorde Negoziatzaile kide den neurrian, espedientea bertan behera uztea planteatu diogu bankuari, astakeria iruditzen zaigulako 2.894 langileren kaleratzea, plantillaren %22,42a, neurri honek jendartean duen eragin sozialaz gain (langabeziaren gorakada, etab.) ez dugu ikusten bankuak orain arteko zerbitzu berdinak eman ahal izango dituenik 3.000 langile gutxiagorekin.

EEE honen aurrean, LABek alternatiba bideragarriak proposatu ditu, ez traumatikoak eta eragin sozial txikiagoa dutenak. Borondatezko Aurrejubilazien Plana egitea eskatu dugu 59 urtetik gorako langileentzat, balizko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea aztertzea Kontratu Etete eta Lanaldi Murrizketen bidez, kaleratzerik egotea ekidingo dutenak, eta Baja Intzentibatuen aukera, borondatezkoak ere, beharrezko izango balitz. Guztia modu gradualean eta eragiten dien pertsona kopuruaren murrizketa nabarmenarekin.

Sukurtsalen itxiera ere salatu dugu, Bilbo eta Iruñerrian oso eragin bortitzarekin, Banco Popularra desabantaila komertzialeko egoeran utziko duena beste entitate batzuekiko, eta bezeroekiko zerbitzuan ere, enpleguaren jaitsieran eragin nabarmena izanik.

Hala ere, Banco Popularrak entzungor egiten die sindikatuen eskariei, eta aurrera jarraitzen du sukurtsalak itxi eta langileak kaleratzeko bere asmoekin.

Horregatik, langileok mobilizazioak egiten ari gara bankuaren bulegoen aurrean Estatu espainiar osoan, Banco Popularrak atzera egin dezan aurkeztutako espedientean, 2.894 lanpostu suntsitzea dakarrena berarekin, eta beste neurri batzuk proposa ditzala, ez traumataikoak, bizi dugun egoearen irteerari aurre egiteko.

LABetik presio eta mobilizazio oro ari gara bultzatu eta babesten, Banco Popularreko langileek aurrera eramaten ari direnak, aurkeztutako EEEa erretiratzea eta beste neurri batzuk negoziatzea izanik helburu. Langileok babe genitzakeen bestelako neurriak eta egungo eta biharko Banco Popularraren bideragarritasuna bermatuko dutenak.

 

 

 

Herrien Mobilizazio Astean presente izango gara

0



Herrien subirautza aldarrikatu eta transnazionalen boterea deuseztatzeko martxan jarri zen Kanpaina Orokorraren baitan, gaur, ekin diote Ginebran Herrien Mobilizazio Asteari. Bertan hitza hartuko dute transnazionalen botere eta inpunitatea pairatzen duten komunitateek. LABek ere bat egiten du borroka honekin eta bertan izango da.

Gaur goizeko bederatzietan mobilizazio aste honi ekimen ikusgarri batekin ekin diote. Ondoren, taller, mahai inguru eta hitzaldien bidez zuzenean eragiten diguten gaiak landuko dira. Hala nola, uraren eskubidea; langileen migrante eta transnazionalen eragina pairatzen dutenen borroka; osasun, elikadura eta lurraldea eta emakumeen egoera aztergai izango dira tallerren bidez.

Gure sindikatuarentzat garrantzitsua da honelako borrokak gure egiteaz gain modu aktiboan parte hartzea. Horregatik LABeko ordezkaritza bat Ginebraraino gerturatu da eta Urtzi Ostolozagak hitza hartuko du bihar. Hain zuzen ere ezinbesteko deritzogu gai hauei heldu eta transnazionalen botereari aurre eginez alternatiba eraikitzea.

 

 

 

Lanuzte eta grebak Indarren hitzarmen duinaren alde

0


Indarreko hitzarmena lortu nahian bederatzi hilabete pasa ondoren langileek ez dute dute adostasunerako aukerarik ikusi eta greba eta lanuzteei ekitea erabaki dute. Urriaren 27 eta 28an 4 orduko lanuzteak egingo dituzte eta azaroaren 2, 3 eta 4an egun osoko grebak.

Indarreko langileen oharra:

Beasaingo Indar enpresan, langileen batzar orokorrak lanuzte eta grebak egingo ditu hitzarmen duinaren alde. Urriaren 27 eta 28an 4 orduko lanuzteak eta azaroaren 2, 3 eta 4an egun osoko grebak egitea erabaki zuen. Langileen gehiengoa agertu zen mobilizazioen alde (alde 380, aurka 90, 17 bozka txuri eta 10 nulo).

Bederatzi hilabetez negoziatzen jardun ondoren ez da adostasunerako aukerarik ikusi, ez enplegu politikan (salmentak igo ahala Beasaingo plantan eman beharreko kontratazioa eman) eta ez atal ekonomikoan (soldata igoera, erreleboko plusak, gaixotasun bajen konpentsazioak), eta horregatik hartu da erabakia.

 

 

 

CNA Fagorren proiektua bideragarri izateak zuzendaritza eta instituzioen konpromisoa behar du

0


EDESA INDUSTRIALeko Enpresa Batzordeak ostiralean izan zuen azkeneko bilera enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziaketaren inguruan. Batzordeak ez du onartu EEEa, ez baitie enpresak dauzkan arazo estrukturalei erantzuten.

FAGOR CNAko enpresa batzordearen oharra:

EDESA INDUSTRIALeko Enpresa Batzordeak ostiralean izan genuen azkeneko bilera enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziaketaren inguruan.

Enpresako zuzendaritzak EEEaren aplikazio minimoa proposatu du, azaroan bakarrik aplikatuko bailitzateke, eta gainera era partzialean, 2 asteetan egosketan eta 4 aste garbiketa sailean. Gero, jarduera era normalizatuan aplikatuko da.

EREaren negoziaketa akordio gabe bukatu da, bere baitan ez baitu inolako irtenbiderik proposatzen, eta enpresaren etorkizunaren inguruan kezka sortzen digun urrats bat gehiago da.

Ez dugu EEEa onartu ez dielako enpresak dauzkan arazo estrukturalei erantzuten. Gainera, zuzendaritzak ez dio erantzunik eman Enpresa Batzordeak etorkizunerako plan bat aurkezteko egindako eskaerari. Horregatik, enpresaren jabegoari bilera eskatu diogu.

Ez dugu inolako zalantzarik CNA Fagor proiektua bideragarria izan daitekeela. Baina horretarako guztion inplikazioa behar du (zuzendaritza, langileak, instituzioak).

 

 

 

Bizkaiko Elikadura Merkataritzako hitzarmenaren alde mobilizatu gara

0

ELA, LAB, CCOO eta UGTren mobilizazioak Bizkaiko Elikagai Merkataritzako hitzarmenaren alde elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Sarriko BMren aurrean. Mobilizazioan "prekarietatez betetako zakuak” eraman dizkiote bertako Zuzendaritzari.

ELA, LAB, CCOO eta UGTren oharra:

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok parte hartzen dugun Bizkaiko Elikagai Merkataritzako mahaien, patronalak blokeoan jarraitzen du eta jarrera immobilista mantentzen du, aintzinatasun kontzeptua aldatu nahirik gutxinaka desager dadin

Guk egitea nahi duten amore-emateen artean, antzinatasuna aldatzea eta soldata-igoerak abenduaren 24 eta 31ko ordutegien aldaketa onartzearekin baldintzatu nahi dute, aurreko borroketan lortutako eskubideei uko egitea nahi dutelarik.

Bizkaiko elikagai merkataritzako hitzarmena ez dago indarrean egun. Beraz, beharrezkoa dugu lehenbailehen sektoreko langileon lan-baldintzak blindatu eta hobetuko dituen hitzarmen bat lortzea.

Guzti honegatik, mobilizazioen egutegiari ekin diogu, gure esku dagoelako hurrengo urteetan izango ditugun lan-baldintzen alde borrokatzea. Zuetariko bakoitzaren indarra eta babesa behar ditugu gure enpresei erakusteko ez garela produzitzen duten makina soil ak, Gure enplegua duintzeko helburuarekin borrokarako prest gauden langileak gara.
 

 

 

EAEko Ostalaritzako Akordio Markoaren negoziazioan parte hartuko du LABek sektoreko hitzarmenak babesteko


Atzo, 2016ko urriak 20, Lan Harremanen Kontseiluan bilera egin zen EAEko Ostalaritza sektoreko Akordio Markoaren negoziazioa bultzatzeko. Akordio honen helburua herrialdeko hitzarmenak estatuko erasoaren aurrean babestea da, Zapatero eta Rajoyk bultzatutako lan erreformen ondorioz hitzarmen kolektiboen estatalizazioa ahalbidetzen baita.

Bilera honetan LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok hartu dugu parte, baita enpresari elkarteek ere: Confebask, Euskal Herriko Ostalaritzako Federazioa, Gipuzkoako Ostalaritzako Elkartea, Gasteizko Ostalaritzako Elkartea, Bizkaiko Ostalaritzako Elkartea eta Garen.

LABek EAEko langileak lan erreformaren aurrean babestuko zituen Akordio Interprofesionala lortzeko eta gaur egun pairatzen dugun estatalizazioa ekidingo zuen negoziazio kolektiboko gure esparrua blindatzeko egin ziren bi saiakeretan parte hartu zuen. Bi saiakerak Confebasken jarreragatik geratu ziren bertan behera. Honek, herri honetako langileen prekarizazioa bilatzen zuen soilik.

Ondoren, LABek Merkataritza eta Garbiketa sektoreetako akordio markoak negoziatzeko mahaien osaketa bultzatu zuen. Era berean, sindikatu honen borondatea prekarietatea nagusi den beste sektoreetan ere bultzatzea zen, hala nola ostalaritzan. Hitzarmen guztiak blindatzeko saiakeraren porrotaren aurrean, sektore bakoitzean langileen lan baldintzak bildatzeko aukera zabaltzea zen asmoa. Negoziazio hauek enpresa elkarte zein gainontzeko sindikatuek baztertu zituzten.

LABek positiboki baloratzen du mahai hau estatalizazioa eta Confebaskek bultzatutako prekarizazio prozesua galgatzea ahalbidetuko duten edukiz osaturiko hitzarmen propioak lortzeko mekanismo gisa. Negoziazio mahai honetan parte hartzeko eskubidea dutenen artean hitzartutako datorren bileran ere izango gara. Datorren bilera 2016ko azaroaren 11an egingo dugu 11.30ean Lan Harremanen Kontseiluan.
 

 

 

TMAko langile ohiek auzipetuak babesteko kanpaina hasi dute


Etxebarriko Talleres Mecánicos Arakistain enpresako langileek 2013an egindako mobilizazio eta salaketen harira, enpresariak salaketa jarri eta kartzela zigorra eskatzen du bi langileentzat, baita kalte ordain altuak ere. Honen aurrean, TMAko langile ohiek atxikipen kanpaina bat hasi dute “Barriro be eingo geunke. Alexis eta David libre!” lemapean. 

2013 urte bukaeran, zortzi hilabeteko greba baten ondoren itxi zen TMA. Baina ez dute borrokarako griña galdu, borrokatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Lanpostuen defentsan egin zuten borrokaren aldeko atxikimenduak eta auziperatuak babesteko dinamika da hasiko dutena. Badakite arrazoia dutela eta langileok gure eskubideon defentsan lan egiten jarraitu behar dugula.

Langileen kontrako eraso honen aurrean langile, langabetu, ikasle, pentsiodun, eragile sozial, alderdi, sindikatu eta gainerakoei kanpainarekin bat egiteaz gain azaroaren 27an 13:00etan Markina-Xemeinen egingo duten manifestazioan parte hartzeko gonbitea egin diete.
 


 

 

Bat egiten dugu 2018ko Erreferendumean Kanakiar guztiak erroldatuak izateko aldarrikapenarekin

0


Gaur egun, oraindik orain Kanakiar herriak Kolonizazio garaitik datorren estatus zibil berezi bat du, eta hori dela eta 25.282 kanakiar ez dira 2018an eginen den Erreferendumeko erroldan agertzen. LABen iritziz 2018an egingo den burujabetza osoa berreskuratzeko galdeketan kanakiar orok bere bozka eskubidea izan beharko luke.

Gogoratu behar da Kanakia Frantziako kolonia bat da 1853 geroztik. 1998ko Numeako akordioen ondotik autodeterminazio eskubidea onartu zitzaion. Baino egoera honetan, 150 urtetik gorako kolonizazio prozesu baten ondoren, 2018an bere etorkizuna erabakiko duen momentuan 25.282 kanakiar erroldatik kanpo uztea onartezina iruditzen zaigu, tranpa egiteko saiakera bat eta erreferenduma modu zikinean baldintzatzeko modu bat. 2018an egingo den burujabetza osoa berreskuratzeko galdeketan kanakiar orok bere bozka eskubidea izan beharko luke.

Kanakiar herriak, munduko nazio guztiek bezala, bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea izan behar du, honekin behin betirako deskolonizazio prozesuarekin bukatuz.

Hori dela eta LABetik, Euskal Herriko ezkerreko sindikatu independentista izanik, justizia sozialean oinarrituriko Euskal estatu independiente baten alde borrokatzen duen sindikatu bat izanik, eta internazionalismo politikoa bere ideologiaren zutabe garrantzitsu bat duen sindikatu bat izanik, gure herriarentzat nahi duguna bertze herrientzat ere nahi dugu, eta hori dela eta, 2018ko erreferendumean Kanakiar guztiek askatasun osoz bozkatzeko eskubidea izan dezaten aldarrikatu nahi dugu.

Aldi berean, gure mezu hau honekin bukatu nahiko genuke: Kanakiar guztiak, inongo baldintzarik gabe eta eskari indibidualik egin beharrik gabe, erroldatuak izan daitezen exijitzen dugu.