2026-11-07

Prest gaude

IRITZIA
Ruben Iglesias San Sebastian eta Aitziber Perez Blanco
LAB Irakaskuntza

Segidan irakurriko dituzun hitz hauek premisa bat dute oinarri eta honek ematen dio zentzua artikuluari. Beraz, ondorengo azalpenak ezingo genituzke behar bezala ulertu premisa hau aintzat hartuko ez bagenu: Euskal Herrian hezkuntza gatazka ere ematen da. Izan ere, Euskal Herriari Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemak inposatzen zaizkio eta bere hezkuntza sistema propioa egituratzeko aukera ukatzen zaio. Baina gainera, oinarrizko inposaketa honek euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eta orokorra eragiten du. Horregatik, geure hezkuntza sistema antolatzea eskubidea eta beharra da aldi berean. Eskubidea da, munduko gainontzeko nazioek bezalaxe, Euskal Herriak ere bere buruaren jabe izateko eskubidea duelako, baita hezkuntzaren alorrean ere; bere behar ekonomiko, sozial eta kulturalei erantzungo dion hezkuntza sistema antolatzeko eskubidea du. Eta beharra da, herritarren hezkuntza eskubideak bermatzeko, geure hezkuntza diseinu propioa egitea beharrezkoa delako.

Guk ez dugu Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemen erreprodukzio hutsa egin nahi. Hezkuntza sistema bat antolatu nahi dugu, baina hezkuntza eskubideetan oinarrituta eta ez estatuaren botere soilean oinarrituta. Hau da, hezkuntza arautzeko aukera nahi dugu, hezkuntza beste modu batean arautu nahi dugulako. Hezkuntza euskalduna nahi dugu, frantsesek hezkuntza frantsesa eta espainiarrek hezkuntza espainiarra duten bezala. Baina gainera, hezkuntza euskalduna beste modu batean antolatu nahi dugu eta horretan ari gara.
Bide honetan, azken urteotan garatutako oinarrietan aurrera egin nahi du LABek: inposizioak salatzeaz gain, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak ematea. Maiz adierazi dugun bezala, desobedientzia ez delako ezetza adieraztea soilik, bide propioa ere jorratu behar baita. Horregatik aurreko ikasturtean hasi ginen etorkizuneko euskal estatuak izan behar duen gona berria, gona gorria iruten. Puntadaz-puntada, Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua eraikitzen. Eta eredu horretan ebaluazioaren gaia behar bezala kokatu behar delakoan gaude. Kontuan izanik ebaluazioak guztia baldintzatzen duela: pedagogia, metodologia, helburuak, … Hezkuntza Sistema Propioaren bidean urratsak eman nahi baditugu, gure ustez, ebaluazio sistema guztia, gaur egungoa ere, zalantzan jarri beharko dugu. Ez da nahikoa Heziberriren bitartez edota Nafar Gobernuaren dekretuz LOMCEk inposatutako azterketei planto egitea. Jarrera hau tresna bat da baina ez helburua. Helburua gure Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hastea da, eta planto egiteak bide horretan palanka izan behar du.

Guk ,ikasturte honetan, ebaluazio eredu berri baten eraikuntzaren aldeko hautua egin dugu. Eredu berri horren eraikuntzak hezkuntza komunitate guztiaren parte hartzean oinarritu beharko luke, izan ere, ebaluazioaren afera ikuspegi poliedrikotik landu behar dugu. Beharrezkoa dugu bestelako ebaluazio sistema bat non ikaslea ez ezik, irakasle taldea, eskola, familia (hau da, komunitatea) eta finean, sistema guztia ebaluatuko den. Hobekuntzan, ekitatean, aukera berdintasunean oinarritu eta bide horretan aurrera egiteko neurri zehatzak eskainiko dituena. Bizi dugun ziurgabetasun egoera probestu eta ebaluazioaren izaera, funtzio, helburu, eredu, …, inguruko hausnarketa integrala burutu beharko genuke, ebaluazioaren paradigman aldaketa bultzatzeko. HPT (Hezkuntza Plataformen Topagunea)k antolaturiko topaketak lehen urratsa dira hausnarketa horrekiko eta noski, LAB bertan egongo da.

Alta, jakin badakigu, bide hau ezin dugula bakarrik egin eta horregatik iruten dinamikaren filosofia malgua eta dinamikoa da. Molde zaharrak apurtu, aurrera begira jarri eta Euskal Herriaren hezkuntza bere herritarren beharretara egokitzea du xede. Egungo zatiketa sozialaren arriskuak gainditu (hiru sare, heziketa eta aukera desberdinak…), hezkuntzaren prekarizazioari aurre egin eta biztanleen herri identitatea eta kohesioa lortu nahi ditu. Hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean, eta baita jendartea kohesionatzeko ere (pentsaera guztiak errespetatuz, doktrinamendurik gabe…). Horregatik guztiagatik, hezkuntzak lehentasun soziala izan behar du eta beharrezkoak dituen baliabideak eta inbertsioak jaso behar ditu. Gure herriak behar duen hezkuntzari buruzko eztabaida soziala bultzatu nahi dugu; ezer inposatu gabe, errespetuan oinarrituta ahalik eta eztabaida zabalena sortu nahi dugu.

Erakunde edo hezkuntza eragile bakoitzak izango du bere hezkuntza proiektua, bere bidea, baina akordioaren bertutea eta indarra sorburu desberdinak norabide berean jartzean datza. Egiari zor, nagusiki, bi bide daude: egungo egoera betikotzen jarraitzen uztea ala herri gisa hausnarketa komuna egin eta Euskal Herriko herritarren beharretara egokitzeko jarrera aktiboa izatea, prozesu independentista abiatzea, finean. Bestalde jakitun gara hastapeneko urratsetan gaudela eta hauek ondo bideratu eta garatzea ezinbestekoa izango dela bide honek duen potentzialitate osoa aktibatu nahi badugu. Prest gaude!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.